Asteon zientzia begi-bistan #26

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?

Argazkia: Linda Porterx
Argazkia: Linda Porterx

Udazkenean sartu garenez, logikoa dirudi ez dugula jada beroaren eraginez izerdi gehiegirik botako. Izerditzea, giza gorputzak tenperatura erregulatzeko duen sistema da. Baina pertsona askorentzat arazo bat da, batez ere termometroa 30 ºC-tik gora igotzen denean, gehiago izerditzen baikara. Jabier Agirrek Argia aldizkarian izerdi gehiegi botatzen dugunean zer egin azaltzen digu: Izerditzea mesedegarria da?

Jon Ander Galarraga biologoak konpost-gailuen egitura, ezaugarrien eta sekretuak kaleratzen dihardu Konpostazank blogean. Asteon, konpostaje perfektu bat lortzeko beharrezkoa den osagai bati erreparatu dio, egituratzaileari. Egituratzaileak bi funtzio du prozesu honetan: hezetasuna kontrolatzea eta egitura bat eman. Baina guztiaren berri izateko, jo Egituratzailea artikulura.

Ezaguna egingo zaigu infoxikazioa terminoa. Hau da, jasotzen dugun informazio kopuru handi bat itogarria izan daiteke egoki ez bada kudeatzen. “Intoxikatu” egin ahal gaitu. Egoera hori genetikara eramaten du Koldo Garcia biologoak Edonola blogean. Azaltzen digunez, informazio genomikoa beste edozein informazio prozesatzea bezalakoa da, baina kantitate handitan. Eta hori egiteko, gaitasun handiko konputazio programak erabiltzen dira: Informazio guzti hori kudeatzen.

Tarte labur baten informazio kopuru gehiegik jasotzeak burukomina ere sor ditzake. Gaitz hau okil berdeak ere pairatu beharko luke, kontuan hartuz gero egunean zehar milaka kolpe lehorrak ematen dituela, 0.5-1 milisegundokoak, enbor baten kontra osasuna galdu gabe. Buruko min bat bera ere izan gabe. Antonio Cantó dibulgatzaileak kontatzen digu Zientzia Kaiera blogean giza burmuineko zauriak ekiditeko moduak aurkitzeko asmoz zientzialari txinatar batzuek okil berdearen osasuna aztertzen dabiltzala: Zergatik ez du okil berdeak burmuineko zauririk pairatzen?

Bitxia baldin bada okil berdeak buruko minik ez pairatzea, bitxia da ere Aranzadi Zientzia Elkarteak kontatzen diguna. Abuztuaren 6an, Aljeriako petrolio enpresa bateko langile batek, urtebete lehenago Plentzian eraztuna ipini zioten zikoina bat atera zuen dekantazio tanke batetik. Berreskuratutako zikoinaren istorioaz bat, Aranzadikoek zikoinekin egin duten lana azaltzen digute: Aranzadiren eraztuna duen zikoin baten berreskurapena Argeliako petrolio tanke batetik.

Elhuyar aldizkarian hainbat gairen berri eman digute egunotan. Alde batetik, Sahara uste baino bi bider zaharragoa dela. Iñaki Leturiak kontatzen digu nazioarteko ikerketa-talde batek, eredu matematikoak erabiliz, frogatu duela badirela 7-11 milioi urte Saharako basamortua sortzen hasi zela. Eta, montzoien zirkulazioan gertatutako aldaketak izan zirela lehortze prozesuaren eragileak. Horrez gain, medikuntza arloan eman diren azken aurrerapenen berri eman dizkigute. Harvard Unibertsitateko Wyss Institutuko ikertzaile-talde batek odola filtratuz hainbat infekzio-motari aurre egiteko gaitasuna duen bare artifizial edo biobare bat garatu dutela.

Bestalde, Ana Galarragak martxoan BICEP2 teleskopioaren datuen emaitzak kontrastatu eta berresteko lanetan diharduen Planck misioaren datuek inflazio kosmikoaren frogatzat jotako seinalea ezbaian jarri dutela azaltzen digu. Azkenik, Eider Cartonek AEBko gobernuaren Geologia Zerbitzuak Raton Arroan izandako lurrikaren zergatiak aztertzeko egindako lanen emaitzak azaltzen dizkigu. Hauen arabera, 2001etik izandako lurrikaren eragileak haustura hidraulikoaren hondakin-urak dira: Haustura hidraulikoaren hondakin-urak jo dituzte Estatu Batuetan izandako lurrikaren eragiletzat.

Berrian, Irene Arrizurieta kazetariak Marteren orbitan kokatu den Mangalyaan zundaren berri ematen digu. India Martera iritsi den laugarren herrialdea da eta Mision Mars Orbiter (MOM) izenarekin bataiatu duen misioak urte bat baino gutxiago behar izan du Marteko orbitara iristeko: Aurrenekoz Marteren orbitan. Horrez gain, Irenek, Europako negu hotzetik ihesi Afrikarantz abiatu diren hegaztiak Orreagako Hegaztien Migraziorako Interpretazio Zentrotik ikusi eta ezagutu daitezkeela azaltzen digu Lur epeletara elikagai bila artikuluan.

Lantalan blogean robot berezi bat aurkezten digute kTBot robota. Eureka Zientzia Museoko bisitariei laguntza eskaintzen die gidari lana eginez. kTBot era autonomoan mugitzen da eta duen TTS text-to-speech edo testu-ahots bihurtzaileari esker, aurretik finkatuta daukan testu bilduma batetik, egoeraren arabera aproposa den testua aukeratu eta berau sintetizatzen du kTBotek, jendeari hitz eginez. TTSa gaztelaniako eta euskarako testuak sintetizatzeko prestatua dago, beraz, kTBot elebiduna da: Eureka Zientzia Museoko robot elebiduna.

kTBot robota komunikatzeko gai da eta Amaia Portugal kazetariak Zientzia Kaiera blogean komunikazioa izan du ere mintzagai. Kasu honetan esperimentu aitzindari baten berri eman digu, hainbat gailu eta metodoren laguntzaz eta zentzumenen bitartekotzarik gabe, aurrenekoz bi garunen arteko komunikazio zuzena ahalbidetu duen esperimentua: Garun arteko komunikazioa ez da telepatia bezain ikusgarria.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.