Noiz desagertu ziren neandertalak?

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

hi-neanderthal-852Errusiatik Espainiara arteko 40 aztarnategi arkeologikoko materialen zehaztasun handiko datazioak ezagutzera eman dute, neandertalak orain dela 40.000 urte inguru desagertu zirela Europatik. Baina gizaki modernoengandik berehalako ordezkatze bat burutu beharrean, prozesuak mosaiko biologiko eta kultural bat du oinarrian, hainbat mila urte iraun zuenak. UPV/EHUko Historiaurrea taldeko kideak diren Alvaro Arrizabalaga irakaslea, eta Maria Jose Iriarte Ikerbasqueko ikerlaria, nazioarteko ikerlari taldeko kideak dira eta ikerketaren emaitzak Nature aldizkarian argitaratu zuten ‘The timing and spatiotemporal patterning of Neanderthal disappearance‘ (Neandertalgo gizakiaren desagertzearen bilakaera espazioan eta denboran) izeneko artikuluaren bidez.

Neandertalen eta lehen gizaki modernoen arteko harreman espazial eta tenporalak zehaztea ezinbestekoa da neandertalen desagertzearen azpiko prozedurak eta arrazoiak ulertu ahal izateko. Hala ere, arazo teknikoek oztopatu egin dute sasoiko datazio fidagarria, 50.000 urte baino zaharragoak ziren laginetan erradiokarbono bidezko datazio tradizionalak emaitza zehatzak eskaintzeko moduko karbono-14 gutxiegi gordetzen baita.

Mousteriar kulturako hezurrak eta industria litikoko hondarrak, eta baita ere neandertalekin elkartuak izan diren Paleolitikoko beste batzuk aztertzeko, prozesatzeko eta datatzeko sistema fin eta landu bat erabili du Tom Higham Oxfordeko katedradunak zuzendu duen ikerketa-taldeak: erradiokarbonozko masa-azeleragailuaren espektrometria (AMS). Emaitzek iradokitzen dute neandertalen desagertzea eta Mousteriar kulturaren amaiera orain dela 41.000 eta 39.000 urte bitartean gertatu zela Itsaso Beltzetik atlantikoko kostalderaino zabaltzen diren aztarnategietan zehar. Aurkikuntzek erakusten dute, era berean, estali egiten direla neandertalak eta gizaki modernoak 2.600 urtetik 5.400 urtera lurralde honetan, eta horrek eman ahal izan zuen talde bien arteko kultura-trukea eta baita genetikoa ere.

Erreferentzia bibliografikoa

  • Tom Higham, Katerina Douka, Rachel Wood, Christopher Bronk Ramsey, Fiona Brock, Laura Basell, Marta Camps, Alvaro Arrizabalaga, Javier Baena, Cecillio Barroso-Ruíz, Christopher Bergman, Coralie Boitard, Paolo Boscato, Miguel Caparrós, Nicholas J. Conard, Christelle Draily, Alain Froment, Bertila Galván, Paolo Gambassini, Alejandro Garcia-Moreno, Stefano Grimaldi, Paul Haesaerts, Brigitte Holt, Maria-Jose Iriarte-Chiapusso, Arthur Jelinek, Jesús F. Jordá Pardo, José-Manuel Maíllo-Fernández, Anat Marom, Julià Maroto, Mario Menéndez, Laure Metz, Eugéne Morin, Adriana Moroni, Fabio Negrino, Eleni Panagopoulou, Marco Peresani, Stéphane Pirson, Marco de la Rasilla, Julien Riel-Salvatore, Annamaria Ronchitelli, David Santamaria, Patrick Sema, Ludovic Slimak, Joaquim Soler, Narcís Soler, Aritza Villaluenga, Ron Pinhasi & Roger Jacobi. ‘The timing and spatiotemporal patterning of Neanderthal disappearance’. DOI: 10.1038/nature13621.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.