Fukushimako tximeletak

Dibulgazioa · Mugaldea

Ez dakit harrigarria gertatu zaizuen ala ez, baina gure gizarteari ez zaio helarazi maila apaleko kutsadurak ezaugarri errealistako istripu nuklear handi batean bizidunei ekarriko liekeen kalteari buruzko ikerketen emaitzarik. Ryukyuseko (Okinawako prefektura, Japonia) Unibertsitateko zientzia-talde batek kontua aztertu nahi izan du, tximeletak erabilita. Fukushima-I zentraletik gertu hartu zituzten animaliak, hondamendia gertatu zenetik urte betera. Emaitzak argitaratu berriak dira eta hementxe dituzu.

Maha

Lehenengo eta behin, ondo zehaztu behar dugu aztergaia [1]. Dosi handien efektuak nahiko ondo aztertuta daude, tartean horretarako begi bistako arrazoiak daudelarik: badakigu noraino frijitzen gaituen erradiazioak, nola gertatzen den kaltea, eta bai kalte hori nola arindu daitekeen ere. Istripuek, erasoek eta proba nuklearrek informazio handia eskaini digute honetaz, eta bereziki gizakiei eragiten zaienaz. Herrialde batzuek, eskarmentu handia daukate energia atomikoarekin eta zentraletan izandako despisteekin eta ospitaleak ere badituzte tankera honetako zaurituak tratatzeko.

Baina ez da ohikoa hain erradiazio dosi handiak pairatzea. Gehienetan, istripu handi baten barruan egondakoak eramaten dituzte horrelako erietxeetara: industria nuklearreko langileak, suhiltzaileak, soldaduak eta abarrekoak. Adibidez, Moscuko 6. Klinikak ospe handia hartu zuen Txernobilgo eri larrienak tratatu ostean. Hiritarrek oso dosi handia jasan zuten Hiroshiman eta Nagasakin, baina eraso nuklearrik gertatu ezean, hiritarrek ez ohi dute pairatzen maila horretako dosirik. Populazioa urrun samar egoten da istripu-tokitik, eta berehala ebakuatzen dute. Prípiak hiru kilometrora dago Txernobiltik, eta bertako biztanleek ere ez zuten pairatu erreakzio-sindrome akutua. Ez, jakina, istripura bertara joan ez zirenek, edo asko kutsatu zirenekin zuzeneko kontaktuan egon ez zirenek behintzat.

Eraso nuklearrik ezean, arriskua ez da erradiazio dosi handi horien kasuan bezalakoa, zeren eta azken hauetan zaurituak berehala eramaten dituzte toki isolatuetara edo zuzenean berun eta hormigoizko hilobietara; kasurik onenean hezur-medula transplantatzen diete. Teknikoki askoz ere korapilatsuagoa da erradiazio-dosiak txikiak direnean eta erradiazioak urrunera iristen direnean. Grayren hirurena nahiko erradiazio handia da, baina maila horretatik behera, analisi klinikoetan [2] nekez sumatzen da berehalako ondorio nabarmenik. Aldean dosimetro bat ez badaramazu ez zu, ez zure medikua, ez zarete ohartuko ordu betean zehar ere erradiazioa jasan duzula. 30 roentgens jasaten badituzu, Geiger kontagailua erotu egingo da.

Era berean, janariak edo edariak ez dakar ondorio nabarmenik, baldin eta erradiazio kantitate handiak ez badira; azken kasu hauetan, pozoitze kimikoa eragiten da, ez erradiaktiboa. Esate baterako, Alexandr Litvinenko hiltzeko erabili zuten polonio-210 ospetsuak, ez zion heriotza eragin erradiazioagatik, hidrogeno zianuroa baina 10.000 aldiz pozoitsua izateagatik baizik [3]. Honelakoetan, osasun arazoak ez dira hain erraz detektatzen, eta gerta daiteke askotan, ezkutuko arrazoi larrien sintomak izatea ere. Adibidez, ez dago bat ere garbi Txernobilgo hiritarren osasun txarra istripuari zor zaion, ala bestela ongizate mailaren jaitsierari. Izan ere, lehenago ebakuatu egin behar izan zituzten, eta ostean, Sobietar Batasunak gainbehera jasan zuen: ziur aski hiritar hauen eta beren ondorengoen osasunaren aurkako eragile garrantzitsuak izango ziren miseria, antsietatea, herri-osasunaren sistemaren desagerpena, gizarte-arazoak eta arazo psikologikoak, deserrotzea eta bazterketa, alkoholismoa eta bestelako gaitzak. Azken batean hona galdera nagusia: norainoko erradiazioa jasan daiteke kalterik pairatu gabe?

Eztabaida honetan, erantzunak lotuta doaz energia nuklearraren aurrean gertatzen diren aldeko edo aurkako jarrerekin: Athletic-Erreal derbyetan bezala, egia esan. Jarrera horien arabera, hainbat eredu aldarrikatzen dira: atalasedun eredu lineala, ataleserik gabeko eredu lineala, eredu koadratikoa, eta hormesi-eredua.

Atalaserik gabeko ereduaren arabera, edozein erradiazio-igoerak kaltea dakarkio gizakiari, era proportzional batean. Alegia, erradiazio-igoerak txarrak dira beti ere. Atalasedun ereduaren barruan, atalase jakin batetik gora eragiten dira kalteak, baina ez maila horretatik behera. Eredu koadratikoan, aldarrikatzen da erradiazio-xurgapenaren igoerak kalte egingo duela, baina dosi apaletan kaltea proportzionalki txikiagoa izango dela atalaserik gabeko ereduan iragartzen dena baino. Hormesi-ereduari jarraiki[4], [5], erradiazio-dosi txikiek on egiten diete gizakiei, eta kalteak maila batetik gora baizik ez dira eragiten. Ez dago esan beharrik energia nuklearraren aurka daudenek atalaserik gabeko ereduari eusten diotela. Energia nuklearraren alde daudenek (eta bainuetxe erradiaktiboen jabeek), hormesia aldarrikatzen dute. Oro har, nazioarteko erakundeek atalaserik gabeko eredu lineala erabiltzen dute, gero etor litezkeen salaketak saihesteko. Berez, ez dago inongo adostasunik batzuen eta besteen artean. Atalaserik gabeko ereduak itxura ona dauka, baina baditu bere desabantailak: istripu nuklearra egon ostean, inor ez da ausartzen zonalde hori bere onera itzuliko dela esaten. Horrela, ebakuatutako jendeak ez dauka bere antzinako bizitzara itzultzerik, eta hori oso larria da berez. Fukushimako pinpilinpauxak etorriko ote zaizkigu laguntza ematera?

Tximeleta erradiaktiboak

Okinawan saio erraza egin zuten: Zizzeria maha espezieko larbak hartu eta ondo elikatu zituzten bertako landareak erabilita. Landareak, Fukushima-1 zentraletik hainbat distantziatara hartu ziren, eta horretaz gain, kontrol-taldekoei, kutsatu gabeko landareak eman zitzaizkien. Landareak istripua gertatu zenetik urtebetera hartu ziren, erradiazioa nabarmen apalagoa zelarik.

Gune hauetan bildu ziren landareak: Okinawa, istripu gunetik 1.760 km-ra, 0.05 mikrosiever/ordu-ko erradiaktibitatea lurrean; Atami, Tokiotik Hego Mendebaldera, 311 km-ra, 0.07 μSv/o; Musashino, Tokio aldea, 196 km-ra, 0.12 μSv/o; Kashiwa (Txibako prefektura, 196 km, 0,47 μSv/o); Fukushimako bi prefektura: Koriyama (61 km, 1,13 μSv/h) eta Motomiya (59 km, 1,42 μSv/h.).

Idazten ari naizen une honetan, Espainian 0.07-0.19 μSv/h tartean dago erradiazio naturala. Saio horretan, zesio-134/zesio-137 jarduera naturala zen Okinawan (0.18 becquerelio/kg-koa) baina 161 Bq/kg-ra iristen zen Motomiyan: 900 aldiz handiagoa. Azpimarratu beharrekoa da gehien jota 59 km-ra hurbildu zirela zentralera, eta beraz beti ere ebakuazio-zonaldeetatik kanpo ibili zirela. Aipaturiko balio hauek “oso apalak” direla onartu ohi da, eta berez, Europar Batasunak elikagaiak inportatzeko ezarritako mugen barruan daude [6], [7].

Lehenengo belaunaldian, larbek askoz ere heriotza eta deformazio tasa handiagoa jasan zuten, orri kutsatuak jan ostean. Okinawako elikagaiak garbitzat jo daitezke (0.18 Bq/Kg Cs-134/136, 0.06 mBq jaten zituzten animaliek), eta hurrenez hurren %8.05 eta %8.25 izan ziren bertako heriotza tasa eta deformazio tasa. Tasa ohikoa da animalia hauetan. Atamin (2.53 Bq/kgm 0.88mBq) tasa zertxobait handiagoa da (%9.1) bai heriotzetan, bai eta deformazioetan ere. Are handiagoak dira zenbakiak Musashinon (Tokio aldean 6.38 Bq/kg, 2.23 mBq): %13 bi tasetan. Kashiwan (Chiba 47.57 Bq/kg, 16.6 MBq) %16.4 balioa lortu zen heriotzetan zein deformazioetan. %53 eta %54.2 balioak lortu ziren Koriyaman (Fukushima, 117.2 Bq/kg, 40.9 mBq): erdia baino gehiago.

Alegia, tasa hauek gora egin zuten kutsadura erradiaktiboak gora egiten zuen lehenengo unetik bertatik, eta ez da nabaritzen ez atalaserik, ez eta inongo hormasirik ere: Motomyan %31.2, 59 km-ra, eta Koriyaman %53 61 km-ra. Hau da, azpimarratzekoa dugu zentraletik hurbilago egonda, heriotza eta deformazio tasa txikiagoak gertatu zirela.

Ikerlari talde honek, aurretik egina zuen beste ikerketa bat, 2011.urtean istripua gertatu eta handik gutxira [8]. Hona grafikoa eta datuak:

2014_09_24_supervivencia_mariposasEgia da tasek gora egiten dutela erradiazioak gora egiten duenean, baina ez da “linealtasun” argirik nabaritzen. Besteak beste, Iitate mendiek istripua gertatu osteko garaian 43.5 Bq/kg-koa pairatu zutelarik ere heriotza tasa apalagoa jasan zuten, Koruyaman (117 Bq/kg) istriputik urtebetera zutena baino. Baliteke dena dela tximeletaren aldaera genetiko batzuek erradiazioari hobe eustea.

Hurrengo belaunaldian, onik atera ziren tximeleten larbak hartu zituzten, hiru talde egiteko: Okinawa (orri garbiak) eta Fukushima prefekturako Koriyama eta Motomiya (orri zikinak). Janari garbia izan zutenek %16.5 eta %18.8 tasak erakutsi zituzten. Koriyamakoek %10.2 eta %15.6 balioak izan zituzten. Motomiyakoak izan ziren kaltetuenak: %22.8 eta %22.9.

Bi belaunaldietan janari kutsatua izan zutenek oso ondorio txarrak jasan zituzten: %78.8-%99.2 tarteko heriotza tasa eta %87.9-%99.2 tarteko deformazioak, gainontzeko kasuak baino askoz ere handiagoak. Alegia, erradiazioak hornidura genetikoan eragindako kalteak heredatzen ditu nolabait belaunaldi berriak. “Kalteak belaunaldiz belaunaldi igarotzen dira, baina nola edo hala arindu daitezke, berriz ere janari kutsagabea emanez. Horrela ba, ondoriozta daiteke aldaketa batzuk ez direla genetikoak, fisiologikoak baizik”.

Zer esanik ez, tximeletak eta gizakiak ez dira berdinak, eta gainera ez da ohikoa gizaki batek bere haurtzaro guztia elikagai erreaktiboaz eten gabe jaten ematea. Linealak ez diren datuek, iradoki digute eragile asko daudela tartean, eta oraindik ere aztergai asko daudela. Hala ere, oso kontuan hartzekoak dira orain arte lortutako zehaztapenak.

Erreferentziak

[1] Nohara, c; Taira, W; Hiyama, A.; Tanahara, A.; Takatsuji, T.; Otaki, J. M.: Ingestion of radioactively contaminated diets for two generations in the pale grass blue butterfly.BMC Evolutionary Biology, 14:193, 2014ko irailaren 23. DOI: 10.1186/s12862-014-0193-0.

[2]Centers for Disease Control and Prevention: Acute Radiation Syndrome: A Fact Sheet for Clinicians.CDC, Atlanta, EEUU. Última actualización: 2014ko abuztuaren 21.

[3] Ansoborlo, E.: Poisonous polonium.Nature – Chemistry 6, 454 (2014ko apirilaren 22.) DOI: 10.1038/nchem.1928.

[4] Pinto, M.: Radiation risk assessment. Hospital Cantonal de Aarau (Suiza), Radiation Protection Course for Radiation Oncology Residents (2013).

[5] Tubiana, M. et al: The Linear No-Threshold relationship is inconsistent with radiation biologic and experimental data.Radiology, abril 2009; 251(1): 13–22. DOI: 10.1148/radiol.2511080671.

[6] Comisión Europea: Questions and Answers: Safety of food products imported from Japan. MEMO 11/215, 2011ko apirilaren 1.

[7] Regulación del Consejo (EURATOM) nº 2218/89 1989ko uztailaren 18.

[8] Hiyama, A.; Nohara, C.; Kinjo, S.; Taira, W.; Gima, S; Tanahara, A.; Otaki, J. M.: The biological impacts of the Fukushima nuclear accident on the pale grass blue butterfly.Scientific Reports 2:570 (2012ko abuztuaren 9.) DOI: 10.1038/srep00570


Egileaz: Antonio Cantó (@lapizarradeyuri) La pizarra de Yuri blogaren egilea da.

Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.


2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.