Nola erabili baleak erradiazio-detektagailu gisa

Dibulgazioa · Mugaldea

Goitik behera, balea urdinaren, katxalotearen eta zerearen larruak eta pigmentazio mailak adierazten dituen taula bat. Irudia: Scientific Reports
Goitik behera, balea urdinaren, katxalotearen eta zerearen larruak eta pigmentazio mailak adierazten dituen taula bat. Irudia: Scientific Reports

Antonio Martínez Ron

Baleei larrua erre egiten zaie, anpoilak ateratzen zaizkie, beltzaran jartzen dira. Horiek dira ondorio deigarrienak joan den astean Scientific Reports aldizkarian argitaratu den lanean. Bertan, hiru bale motaren larruak aztertu dira, bi urtean zehar baleak Kaliforniako kostaldearen aurrean igaro direnean. 2007-2009 tartean ikerlariek balea urdinen 106 larru lagin hartu zituzten, eta bai zere komunen 55 lagin eta kaxaloteen 23 lagin.

Oso interesgarriak dira larruko zelulen ADN mitokondrialaren ikerketak eskaini dizkigun emaitzak: balea urdinak, hiru zetazeo hauetatik larru argiena dutelarik, beltzaran jartzen dira ohi baino erradiazio ultramoreko dosi handiagoa hartzen dutenean; horrela gertatzen zaie iparrera itzuli baino lehen eguzkipeko uretan igeri egitean. Kaxaloteak, ur sakonetan luzaro egoten direlarik, ez dira beltzaran jartzen, beren larruko zelulek oxidazioaren aurkako produktu bat ekoizten baitute, gizakion antzera. Hori kaltegarria izan daiteke zelulentzat. Zereak dira eguzkitik min txikiena hartzen dutenak, melanina kontzentrazio handia baitute larruan.

Oso deigarria da balea urdinak beltzaran jartzea, baina hau ikusia zegoen jadanik marrazo mailua edo bisigua bezalako beste itsas espezie batzuetan. Oso pizgarria da ikerketa hau, aukera emango digutelako zetazeoek larruko minbizia pairatzen ote duten ikusteko, eta giza zelulen zahartze prozesua hobeto ezagutzeko.

Are interesgarriagoa bide da baleak erradiazio-detektagailu mugikor gisa erabiltzeko aukera. Azken urteotan, ikertzaileek ozen esan dute gero eta arrain, anfibio eta ornogabe gehiagok aurkezten dituztela larruan erradiazio ultramoreak eragindako zauriak. Ozono-zuloa pixkanaka txikitzen doa baina hala ere, erradiazio ultramoreak mehatxu bat dira oraindik. Izan ere, azken urteotan askoz ere gehiago dira larruan anpoilak zituztelarik behatu diren baleak. Lan honen egileek argudiatzen dute baleen bizitza-luzerak eta animalien beraien banaketak adieraz lezaketela espazio eta denbora-eskaletan zehar erradiazio ultramoreek duten eragina. Hori dela eta, “erradiazio ultramoreen ozeanoko barometrotzat” har litezke animaliok. National Geographic aldizkarian lan honen egilekide den Mark A. Birch-Machinek baieztatuta, “Baleek agerian utziko dute ozeanoak jasaten duen erradiazio ultramoreen dosia”. ‘Ozeanoaren osasun seinale bat izango dira, dosimetro flotagarriak bailiran”. Geroago, ikusi beharko da mortsak bezalako beste itsas animalia batzuek antzerako kalte tasa jasaten duten. Horrela, osoko detekziorako animali sare baten antzerako zerbait osatzen joango ginateke.

Iturria: Whales Use Distinct Strategies to Counteract Solar Ultraviolet Radiation (Nature)


Egileaz: Antonio Martínez Ron (@aberron) zientzia-kazetaria da


Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.