Mugarik gabeko ingeniaritza

Dibulgazioa · Mugaldea

Duela hainbat urte, marrazki bizidunen telebista-saio ikusgarria emititzen zen. Han, makina harrigarriak, elkarrekin lehian zebiltzan lasterketetan, eta pilotuak, makinak bezain bitxiak ziren. Saioa ikusten genuenok, Penélope Glamour, Macana anaiak, eta Hans Fritz ezagutu genituen. Eta nola ez, betiko geratuko zaizkigu oroimenean Pier Nodoyuna eta bere Patán txakurra, bai eta makina harrigarri haiek eta propultsatzeko erabiltzen zituzten era izugarriak ere.

1. irudia: “Los Autos Locos” de Hanna-Barbera Productions
1. irudia: “Auto eroak” Hanna-Barbera Productions

“Alanbike azkarra” ikatz-estufa batek mugitzen zuen; “Troncoswagena”, Brutus aizkolariak eta Listus kastoreak gidatzen zuten, eta egurrezko kutxek osatutako multzo ezegonkor bat ematen zuen tramankulua; kutxak erdipurdika iltzatuta zeuden, eta gurpilen ordez, zerra zirkularrak zituen; Noyodunaren “Superferrariak” suziri itxura zeukan; Locovich zientzia-irakaslearen “Auto Bihurgarria”, gurpildun itsasontzi baten antza zeukan, baina edozein gauzatara aldatzen zen, zeharkatu behar zuen lurralde motaren arabera.

Joan den mendeko 70.eko hamarkadatik hona, aurrerapauso handiak eman ditu teknologiak, bai garraiobideetan, bai eta datu-transmisiorako baliabideetan ere. Eta “Auto Eroak” telesail hartako freskura eta kreatibitate berbera sumatzen da egungo teknologia errealean ere.

Sirena

Hilaren 9an, Itsas Ingeniaritzako 53. biltzarra egin da eta bertan, eguzki-energiak mugitutako urpeko baten prototipoa aurkeztu du Cartagenako Unibertsitateko Politeknikoko ikasle talde batek.

“Sirena” izena eman diote ibilgailu autonomo honi, eta irakasleen laguntzarik gabe garatu dute prototipoa, zeren eta taldearen bozeramalea den Juan Herrero azpimarratzen duenez “horrela inork ez digu esango zer egin behar dugun, eta gure esku dago tankera guztietako erabakiak hartzea.

4.5 metro luze da eta 53 cm sakon. 600 kg-ko pisua du, eta torpedo antz handia dauka. Bere egileek, aplikazio militarretarako sortu dute (adibidez ur azpiko minak kentzeko); hala ere bestelako zereginak egiteko birmolda litekeela diote.

2. irudia: Submarino solar SIRENA. (Argazkia: Juan Herrero)
2. irudia: SIRENA eguzki-energiak mugitutako urpekoa . (Argazkia: Juan Herrero)

Hogei bat ikaslek dihardute egitasmoan 2012tik, eta prototipoari bukaera ematekotan dabiltza. Urpekoa 500 metrora jaitsiko litzateke, eta 18 orduko autonomia izango luke bateria erabili beharrik gabe. Hala ere, eguzki-energia hartzeko sistema erretraktila eta gidatzeko sistema dira berrikuntza nabarmenak.

Hasiera batean pentsatu zuten eguzki-energia hartzeko “Grätzel zelulak” erabiltzea, zeren eta zelula hauek nonbait “landareen fotosintesia imitatzen dute, eta ez dute erabiltzen argi intzidentea, ingurugiroko argia baizik”. Hala ere, baztertu egin zuten ideia hori, oraindik ere zelula hauek garapen prozesu luze bat jasan behar dutelako.

Nabigatzeko modua dela eta, neurona-sareetan oinarrituriko algoritmoak inplementatzen ari dira. Horrela, asmo sendoa dute urpekoari beregaintasuna emateko eta lortu nahi dute makina giza laguntzarik gabe edozein ustekaberi erantzuteko gai izatea.

FemtoXat

Oso harrigarria da era berean FemtoXat. Vigoko Unibertsitatean Ingeniaritzako irakasle titularra den José Antonio Vilánek baieztatu du “ez dagoela antzekorik ez Espainian ez munduan ere“.

3. irudia: CubeSat lantaldeko kideek satelitea garbitzen, haren integrazioaren aurretik. (Argazkia: ESA)
3. irudia: CubeSat lantaldeko kideek satelitea garbitzen, haren integrazioaren aurretik. (Argazkia: ESA)

10 cm-ko aldea duen kubo bat da, eta 3D inprimagailu batek sortu du metala eta polimero arin bat erabilita. 325 gr-tik beherako pisua izango du, eta hain txikia eta arina izan arren, inguru gupidagabeeneko bati egin beharko dio: espazioari. Satelite itxurako Galiziako zati txiki hori 2015ean jarriko da orbita baxu batean. Leo izena hartzen dute 450-600 km-ra dauden orbitek. Duela lau urte ari dira lanean 15 kide, ingeniaritzako esparru desberdinetakoak.

Vilanek dio faktore askok eragingo diotela satelitearen bizitzaren luzerari, baina makina honek 8 km/s-ko abiadura har lezake 20 urtean zehar, orbita zirkular perfektua lortuko balitz. Orain, satelitea fabrikazio fasean dago eta horrek esan nahi du erabaki larriak hartu beharko dituztela diseinuari eta konfigurazioari dagokionez. CubeSat egitasmoa darama sateliteak barruan, eta programa honek ezartzen duen masa-mugak izugarri baldintzatzen du diseinua, eta osagai elektroniko eta mekanikoen miniaturizatu beharra dakar. Izan ere, ia ezinezkoa da osagai horiek merkatuan dimentsio horiekin lortzea. Hori dela eta, egitasmoan dihardutenek garatu dute beharrezkoa zen teknologiaren ia % 100a.

Vigon egindakoa eta beste CubeSat satelite guztiak, miniaturak dira. FemtoXat, bere aldetik, nanosatelite bat da, eta espezifikazio oso zorrotzak daramatza: kg batetik beherakoa izan behar du eta 10 cm-ko aldea izan behar du. Baldintzapen horiek beteta bakarrik igorri ahal izango dira tresna osagai modura aurretik planifikatutako misioetan. Gainera, satelite hauek Lurreko estazioetatik gida daitezke. Estazioak, unibertsitateetakoak izan daitezke, edo bestela irrati-amateurrek kudea ditzakete, eta horrela, helburu nagusia bete dezakete sateliteek: ingeniaritza aeroespazialaren ikasleei eskarmentu praktikoa eskaini, Lurreko eta aireko sistema espazial erreal baten garapen, proba eta operazio faseetan.

Egitasmoa burutzen baldin bada, Vigoko Unibertsitateak jaurtitzen duen hirugarrena izango da. Xatcobeo izan zen Galiziako lehenengo satelitea, ezaugarri hauek zituena. Frantziar Guyanatik jaurti zuen Vega europar jaurtitzaileak, duela bi urte eta erdi baino gehiago. Australia gainean desintegratu zen, atmosferara itzultzean, joan den abuztuaren 31n. Azken satelite honek, ederki bete ditu egileek gordeak zituzten itxaropenak.

Erreferentziak

  • Encinas Plaza, J.M., Vilán Vilán, J.A., Aguado Agelet, F., Barandiarán Mancheño, J., López Estévez, M., Martínez Fernández, C., Sarmiento Ares, F. “Xatcobeo: Small Mechanisms for CubeSat Satellites – Antenna and Solar Array Deployment”. Proceedings of the 40th Aerospace Mechanisms Symposium, (2010), 415-430.
  • Herrero Valero, Juan et al. Sirena: Autonomous integrated system for naval recognition and exploration. A: Martech 2013 5th International Workshop on Marine Technology. Girona: SARTI, 2013.

Egileaz: Javier San Martín (@SanMartinFJ) kazetaria da, eta artikulu hau “Activa Tu Neurona” blogaren (@ACTIVATUNEURONA) kolaborazioa da Zientzia Kaierarekin.


Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.