Hodeiak eguzkipean

Javier San Martín

EGB ikasi dugunoi, mundua goitik behera eroriko zaigu Penintsulako hegoaldera bagoaz, edo Salamancara eta Extremadurara jotzen badugu. Izan ere, desikasi egin beharko genuke ikasia genuen hura, edo agian zapuztu egingo zaigu lurralde horietaz genuen irudia, ez baitugu antzekorik ere aurkituko.
Gaztela/Leongo hegoaldean, Duerok Portugalekin muga egiten duen bazter hartan, batek espero lezake hanka beltzeko zerriak taldeka ikustea. Bertan beharko lukete artadi izugarri handi haietan lasai-lasai, hainbat abere hezigaitz batzuekin batera. Oso bestelakoa da ordea errealitatea: hamarnaka kilometro egin ostean, zerrikiez betetako kamioiak baizik ez zaizkigu azalduko. Suerte apur batez, gerizpean aurkituko ditugu behi batzuk, uztaileko berotik ihesi. Begirale horrek galde lezake non ote dauden kamioi horietako okel horren guztiaren “jatorrizko” animaliak.

Hain zuzen ere, beroa da Andaluziako beste mitoetako bat, baina eguzki-panelak ikusten dira orain garai bateko negutegien ordez. Berez, panelek ez dituzte negutegiak ordezkatu: haien gainetik jarri dira, eta nekez ikusten dira landare-negutegiak, eguzkiaren argi biziaren pean.

Eguzkia ez da ordea beti energia voltaikoaren lagun. Tenperatura jakin batetik gora, beroa, ez da ona, eta areago, kalte egiten dio eguzki-panelen eraginkortasunari.

hodeiak eguzkipean 2

1. irudia: Rocío Mazón ikertzailea uda sasoian Sevillan jarritako instalazio esperimental bat berrikusten. Eguzki-panelen ezaugarriak negutegi batean errepikatzen zuen esperimentuak.

Hala gertatzen dela frogatu du Rocío Mazonek bere doktorego-tesian. “Instalazio voltaikoen portaeran aire bidezko errefrigerazioak duen eragin naturalaren edo eznaturalaren ikerketa” izeneko ikerkuntza honetan, aztertu du panel fotovoltaikoek nola funtzionatzen duten tenperatura oso altuetan. Gainera, hozte era batzuk probatu ditu, eguzki-moduluen errendimendua hobetze aldera. Ondorioz, zehaztu du zein den panelen eta negutegien arteko distantzia egokiena, hoztea eta errendimendua hobetzeko.

Ikerlari honek, ikusi du 6 cm-ko distantzia mantenduz gero tximinia efektu bat eragiten dela. Izan ere, airea konbekzio naturalari esker mugitzen da, eta panelean 5-6 graduko tenperatura-jaitsiera gertatzen da eta horrela, %0.61.5eko igoera lortzen da errendimenduan. Bide natural hau erabili beharrean, eragindako aireztatzea erabiltzen baldin bada, %5era iritsi daiteke hobekuntza.

Edonola, nonbait perovskita izango da datozen urteetan eguzki-panelen esparruan gehien entzungo den hitzetako bat. Material fotovoltaiko berri honek, titanio/kaltzio oxido baten antzerako egitura dauka eta honelako egiturak dira esparru honetan ekoizpen eta etekin onenak.

hodeiak eguzkipean 3

2. irudia: Granadako Andasol 3 plantako ispilu parabolikoak. (Argazkia: Langrock / Solar Millennium)

Kordoba eta Valentziako unibertsitateek sortu dute perovskitan oinarritutako gailu fotovoltaiko bat. Paper-orri bat baino finoagoa da eta beraz, inprentako gailu bat balitz bezala fabrikatzen da tenperatura baxuetan. Gainera, substratu plastiko erdigardenetan txerta daiteke. Horrela, leihoen apaindurak egiteko erabiltzen dira, eta eguzki-izpietarako hesia izateaz gain, elektrizitatea sortzen du.

Perovskitak badu ordea beruna, eta zientzialariak lanean ari dira abantaila berberak eskaintzen dituzten beste material berungabe batzuk aurkitu nahirik.

Hain zuzen ere, perovskita eta grafenoaren arteko konbinazio bat izan liteke beste aukera on bat. Grafenoak ezaugarri onak ditu, eta oso moldakortasun handikoa da. Oxford Universityko ikerlari batzuek, bat egin dute Universitat Jaumeko (Castellón) Gailu Boltaiko eta Optoelektrikoak taldearekin, eta gailu fotovoltaiko berri bat sortu eta karakterizatu dute. Dispositiboak, titanio/grafeno oxidoaz egindako karga-bilgailua du, eta perovskita dauka eguzki-argia xurgatzeko. Azken hau, 150ºC-tik beherako tenperaturetan fabrikatu da, eta dispositibo plastiko malguetan ere erabil daiteke.

Prestazio handiko litio-bateriak edo elektronika bera izan litezke eguzki-zelula berri honen onurez balia litezkeen batzuk. Orain arte, silizioa izan da material fotovoltaiko nagusia, baina grafeno/silizio batura txarragoa da, orain hizpide dugun beste hau baino.

Osorik edo bere parte batean, Espainiako bi gobernu egon direlarik eraman dira ikerketa hauek aurrera. Estatu honek, helegite asko hartu behar izan ditu energia berriztagarrietako esparruak jasan behar izan dituen aurrekontu-murrizketengatik, eta Luis Rodríguez Zapaterori zein Mariano Rajoyri, behin eta berriz esan izan zaie nazioarteko begiraleak etorri behar direla kontua aztertzeko. Oraingoz behintzat, esan beharrekoa da energia hauetan buru-belarri sartu ziren enpresek milioika euro galdu dituztela instalazio hauek gauzatzeko ahaleginetan.

Erreferentzia bibliografikoak:

Roldán-Carmona, C. et al. “Flexible high efficiency perovskite solar cells”, Energy Environ. Sci., 2014, 7, 994-997.DOI: 10.1039/C3EE43619E.

Roldán-Carmona, C. “High efficiency single-junction semitransparent perovskite solar cells”. Energy Environ. Sci., 2014, 7, 2968-2973. DOI: 10.1039/C4EE01389A.

Malinkiewicz, O. “Metal-Oxide-Free Methylammonium Lead Iodide Perovskite-Based Solar Cells: the Influence of Organic Charge Transport Layers”. Advanced Energy Materials, 2014, 4. DOI: 10.1002/aenm.201400345.

Momblona, C. et al. “Efficient methylammonium lead iodide perovskite solar cells with active layers from 300 to 900 nm”.APL MATERIALS, 2014. DOI: doi.org/10.1063/1.4890056.

Tse-Wei Wang, J. et al. “Low-temperature processed electron collection layers of Graphene/TiO2 nanocomposites in thin film perovskite solar cells”.Nano Lett., 2014, 14 (2), pp 724–730. DOI: 10.1021/nl403997a.

——————————————————-

Egileaz: Javier San Martín (@SanMartinFJ) kazetaria da, eta artikulu hau “Activa Tu Neurona” blogaren (@ACTIVATUNEURONA) kolaborazioa da Zientzia Kaierarekin.

——————————————————-

Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.

——————————————————-

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>