Suzko bolen mapamundia

Dibulgazioa

Bi hamarkadatan Lurraren atmosfera zeharkatu duten 556 asteroide irudikatu dituzte NASAko ikertzaileek atlas moduko batean, tamaina eta kokapenaren arabera. Iaz Errusiako Txeliabinsk hirian eroritako hogei metroko meteoritoa da guztietan handiena.

1. irudia: Bolidoen edo suzko bolen mapa. (Argazkia: NASA)
1. irudia: Bolidoen edo suzko bolen mapa. (Argazkia: NASA)

NASAren arabera, ehun tona hauts eta hondar itxurako partikula jausten zaizkio Lurrari gainera egunero. Inguruan dabilzkigun asteroideek utzitako arrastoa da. Berez, urtean behin edo, auto baten tamainako astro horietako batek Lurraren atmosfera jotzen du eta suzko bola bihurtzen da, baina erre eta erabat desintegratzen da lurrazalera iritsi aurretik. Eta bi mila urtean behin, futbol zelai baten tamainako meteoroide batek kalteak eragiten ditu.

Zifrak besterik ez dira horiek, baina orain, NASAk mapa batean irudikatu ditu bi hamarkadatako datuak. Zehazki, 1994 eta 2013 artean AEBtako Gobernuak detektatutako bolidoak daude erakusgai bertan. Hau da, hogei urte horietan identifikatutako eta behin Lurraren atmosfera zeharkatuta desintegratu diren 556 asteroide txiki.

Mapan, laranja kolorez ageri dira inpaktua egun argiz egin duten bolidoak, eta urdinez, gautxoriak. Gainera, bi koloreko bola horien tamaina aldakorra da, bolidoak erradiatutako energia optikoaren arabera. Hala, mapan ageri den bola txikienaren energia gigajoule baten baliokidea da, edo bost tona TNT leherkarik izango luketen energia inpaktuaren parekoa. Mapan ageri den bola handienak, aldiz, berriki izandako gertakari gogoangarri bat irudikatzen du: Errusiako Txeliabinsk hirian 2013ko otsailaren 15ean eroritako meteorito puskak. Jatorrian, Lurra jo aurretik, hogei metro inguruko diametroa zuen asteroideak.

2. irudia: Eros asteroidea. (Argazkia: NASA)
2. irudia: Eros asteroidea. (Argazkia: NASA)

“Orain badakigu Lurraren atmosferak lan ikaragarria egiten duela, planeta asteroide txikietatik babesteko”, esan du Lindley Johnson NASAko NEO (Near Earth Object, edo Lurraren inguruko objektu) programako kideak. Mapa berri hau datu base soila baino askoz ere gehiago da: bolatxo horiek baliagarriak izan daitezke estrapolazioetarako, eta kalkuluak egiteko, ea zenbaterainokoa den kalteren bat eragiteko moduko tamaina duen asteroide batek Lurra jotzeko arriskua. “Zenbatekoa da kezkatzeko moduko tamaina duten asteroideen populazioa? Hobeto ulertu beharra daukagu hori”, dio Johnsonek.

NASAko kide honek gaineratu duenez, datu berri horiek oso lagungarriak izango dira NEO programako ikertzaileentzat, Lurrera zuzendutako asteroide inpaktuen maiztasuna eta irismenari buruzko argazki osatuagoa eraikitzeko. Gainera, informazio berri horrek guztiak erakusten du asteroide txikien inpaktua ez dela ezohikoa gure planetan, baina horrek ez du esan nahi etorkizuneko balizko arriskuekin arinkeriaz jokatu behar denik. Donal Yeomans NASAko NEO programaren beste kide batek adierazi bezala, “helburua zera da, potentzialki arriskutsuak diren asteroideak aurkitzea, haiek gu aurkitu aurretik”.


Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.