Eliteko atleta kenyarren arrakasta

UPV/EHUren Heziketa Fisikoa eta Kirola Saileko Jordan Santos-Concejero doktoreak, Kalenjin tribuko eliteko lasterkari kenyarren garunaren oxigenazioak erritmo gorenean eta progresiboan nola erantzuten duen aztertzea izan du helburu. Eta ikerketa ariketaren fisiologiaren arloko azterlan aitzindaria bihurtu da. Izan ere, lanak lehen aldiz deskribatzen du eliteko atleta kenyarren arrakasta horri lagun diezaiokeen faktore bat. Hau da, atletek erabateko ahalegina egitean garunaren oxigenazio hobea dute eta, hori izan daitekeela distantzia luzeko lasterketetan arrakasta izaten laguntzen dienak.

atleta kenyarra

UPV/EHUren Heziketa Fisikoa eta Kirola Saileko Jordan Santos-Concejero doktoreak azterlan bat egin zuen, helburu honekin: Kalenjin tribuko eliteko lasterkari kenyarren garunaren oxigenazioak erritmo gorenean eta progresiboan nola erantzuten duen aztertzea. Emaitza hauek komunitate zientifikoari aurkeztu zitzaizkion joan den uztailean, Amsterdameko European Congress of Sport Science biltzarrean -Young Investigator Award sarirako hautagai izan zen bertan- eta orain, Journal of Applied Physiologyk argitaratu ditu. Azterlanak erakusten duenez, lasterkari kenyarrak gai dira beren garunaren oxigenazioa tarte egonkor batean mantentzeko, eta litekeena da horrek laguntzea distantzia luzeko lasterketetan arrakasta izaten.

Probak Research Unit for Exercise Science and Sports Medicine unitateko (Caboko Unibertsitatea) eta Hego Afrikako Stellenboscheko Unibertsitateko laborategietan egin ziren, eta azterlanerako eliteko kenyar talde bat hartu zen (15, denak ere Kalenjin tribukoak); goi mailako atletak, maratoi erdian 1:01 eta 1:03 arteko markak dituztenak. Ariketa fisikoa egiten dutenean haien garunak duen oxigenazioa aztertu zen (funtsean, oxihemoglobina, deoxihemoglobina, odol fluxu, arterien asetze maila eta halakoetako aldaketak) NiRSen (Near-infrared Spectroscopy) eta oximetriaren bidez, 5 kilometroko gehienezko proba batean, eta goranzko gehienezko test batean.

Santos-Concejero doktorearen esanetan, “literaturan argitaratutako guztiaren aurka, kenyarrak 5 kilometroko proban zehar beren oxigenazioa egonkor mantentzeko gai zirela ikusi genuen, eta horrek ondorioak ditu atleten errendimendurako”.

Garunaren jarduera

Lobulu prefrontaleko garunaren oxigenazioa murrizten denean, zona horren jarduera neurala ere murriztu egiten da. Zona hori oso erlazionatua dago mugimenduen kontrolarekin eta erabakiak hartzearekin. Beraz, aktibazio neuronalaren murrizketak azal lezake atleta europarretan ikusi den errendimenduaren murrizketa, garunaren oxigenazioa murriztean. Atleta kenyarretan murrizketa hau gertatzen ez denez, “uste dugu lobulu prefrontaleko aktibazio neuronala ez dela arriskuan jartzen, eta litekeena da beren garunaren oxigenazioa egonkor mantentzeko gaitasun horrek laguntzea iraupen probetan errendimendu bikaina izaten”, azaltzen du UPV/EHUko irakasleak.

Azterlan honetan, atleta afrikarren berezitasun honen balizko kausei ere arreta jarri zaie, eta ahalegin goreneko probetan haien garunaren oxigenazio egonkorra bizitza faktore goiztiarrei egozten zaie; hala nola, jaio aurretik altitude altuan egotea eta haurtzaroan jarduera fisiko asko egitea. “Jaio aurretik altitude altuan egoteak ondorio babesleak ditu umekiarengan, uteroko arteriara odol fluxu handiagoa iristen da, helduaroan bihotz-birikek gaitasun handiagoa dute eta, ondorioz, intentsitate handiko ariketetan desasetze arterialaren intzidentzia txikiagoa da”, ondorioztatzen du azterlanak.

Bestalde, haurtzaroan ariketa fisikoa erregulartasunez egiteak hainbat onura dakartza; hala nola, masa bentrikularreko hazkundeak, mugimenduen koordinazioa, zitokina maila txikiagoak eta, garrantzitsuena, entzefaloaren baskularizazio handiagoaren ondoriozko hazkunde neural handiagoa. “Azken puntu honek azal lezake partzialki haien garunaren oxigenazioa mantentzea ahalegin gogorrak egitean”, baieztatzen du Jordan Santos-Concejerok.

Erreferentzia bibliografikoa:

Jordan Santos-Concejero, François Billaut, Lara Grobler, Jesús Oliván, Timothy David Noakes eta Ross Tucker: Maintained cerebral oxygenation during maximal self-paced exercise in elite Kenyan runners. Journal of Applied Physiology. 2014ko azaroaren 20an argitaratua. DOI: 10.1152/japplphysiol.00909.2014.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Garunaren oxigenazioa eliteko atleta kenyarretan.

Iruzkin 1

Eman iritzia

Jordan Santos-Concejero: “Atleta kenyarren arrakasta puzzle erraldoi bat da” | #KZJaia...

[…] doktoreak azterlan bat egin zuen, helburu honekin: Kalenjin tribuko eliteko lasterkari kenyarren garunaren oxigenazioak erritmo […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>