Asteon zientzia begi-bistan #41

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?

Argazkia: belinda9001
Argazkia: belinda9001

Egun ederra, egun kaxkarra, euria edo eguzkia dira elkarrizketarako bide, igogailuan edota okindegian. Baina klima harago doa, egunerokotasuna baldintzatzen duela azaltzen du Asun Urzainki geografoak Berrian. Lehen baserritarrak eta marinelak baziren haren zain, egun, ekonomian eragin zuzena du. Saio Alkizaren eskutik: Meteorologiari lotuta daude ekonomia eta aisialdia.

Euria egiten duenean guardasola edo aterkia zabaltzen dugu ez bustitzeko. Berak babesten gaitu urarengandik eta funtzio berbera du ozono geruzak Lurrarekiko. Ozono geruzak izpi ultramoreez babesten baikaitu. Atmosferan ozono molekulen pilaketaz osatzen den geruza dugu ozono geruza. Ozono molekulak hiru oxigeno atomo ditu, hauek estratosferan daude eta erradiazio ultramoreak harrapatzen dituzten lurrazalera heldu ez daitezen. EHUko Kimika Fakultateko ikasleak diren Leire Villimar, Oihane Arazkonaga, Itziar Guerrero eta Ainhoa Artetxek azaltzen digute Nola ikasi kimika kuantikoa izutu gabe blogean: Zergatik babesten gaitu ozonoak?

Zergatik? Hori da sarritan gure buruari egiten diogun galdera. Hau edo bestea dela, gertaera baten arrazoiak ezagutu nahi ditugu. Helburu berdinarekin, AEBko Johns Hopkins Unibertsitateko bi ikertzailek minbiziaren kausak zeintzuk diren ezagutzeko matematika aplikatu dute erantzuna lortzeko. Eta, emaitzen arabera, ondorioztatu dute zenbait minbizi zorte txarrari lotuta daudela neurri handi batean, bizimodua eta genetika edozein izanda ere. Amaia Portugalen artikulua Zientzia Kaiera blogean: Minbiziaren loteria ankerra.

Minbizia, gripea eta obesitatea. Hiru gai horietako ikerketak izan ditu mintzagai asteon Javier San Martin kazetariak. Alde batetik, Bartzelonako Unibertsitateko ikertzaile batzuek A gripearen birusari aurre egiten dioten molekula berri batzuk lortu dituen lana hurbiltzen digu. Bestalde, Granadako Unibertsitateko Medikuntza Fisikoa saileko ikerketa-taldeak egiaztatu du harremana dagoela metatzen dugun ingurumen-kutsatzaileen maila eta loditasun mailaren artean. Amaitzeko, unibertsitate berbereko beste talde batek amiantoak sortutako minbizi kasuen bilakaera aztertu du eta antzeman du, behar baino askoz kasu gutxiago erregistratu direla urteotan. Zientzia Kaieran: Gripea, loditasuna eta minbizia: mugetako medikuntza.

Gabonetako ospakizunak zirela eta, seguru gaude etxe askotan soinua normala baino ozenagoa izango zela. Agian, etxean soinu-isolamendu egokia jartzearen beharra sumatu duzue. Ba, EHUko ingeniarien ikerketa batek, hormak soinutik babesteko modu berri bat eman du ezagutzera: landare-moduluz osatutako horma berdeak. Formula eraginkorra den arren, Eider Cartonek Elhuyar aldizkarian kontatzen digu, landareak modu egokian haztea eta zaintzea garestia dela momentuz: Landare-hormak, eraikinetan soinua xurgatzeko.

Eguraldia, landareak, orain txoriengan jarriko dugu arreta. Asier Sarasuak proiektu interesgarri baten berri ematen digu Sustatu agerkarian: eBird. Besteak beste, Cornell Unibertsitateko Ornitologia Laborategiaren egitasmoa da eta 2002. urtean sortu zen hegazti-behaketen datu-basea hau. Egun, 169 herrialdetako informazioa jasota du eBird-ek hainbat zaletu, herritar eta ornitologoei esker: #eBird: hegazti-behaketen datu-base mundiala.

Argiaren Nazioarteko Urtea den honetan, 2015ean, Hubble teleskopioak 25 urte beteko ditu. Bitarte honetan teleskopioari esker, hark egindako argazkien bidez, unibertsoa ezagutu ahal izan dugu apur bat gehiago. Irudi horien artean, Lurretik 6.500 argi-urtera dagoen, arranoaren nebulosako gasezko hiru zutabe erraldoien argazkiak 20 urte bete dituzte. NASAk “sortzearen zutabeak” izena duten hauen argazki berri bat plazaratu du eta Eider Cartonek kontatzen digu Elhuyar aldizkarian: Sortzearen zutabeak, berrituta 20 urte geroago.

Zientziaren historian “sortzearen zutabeak” badu toki bat, eta baita ere Barbara McClintock genetistak. Barbara XX. mendeko genetistarik garrantzitsuena da askorentzat. 1983. urtean Medikuntza eta Fisiologiako Nobel saria jaso zuen eta bera da, arlo honetako Nobel saria beste inorekin partekatu barik jaso duen lehen emakumea. Gene saltariak antzeman zituen, hau da, euren posizioa aldatzeko gai ziren sekuentzia genetikoak. Gerora, transposoia izena jarri zioten. Koldo Garciak kontatzen digu Edonola blogean: Handiena zara Barbara McClintock!

Ikerketa alorrean lanean ibili den beste emakume baten berri eman digu Ana Galarragak Zientzia Kaiera blogean: Irene Sendra astrofisikaria. Irene Valentzian jaio zen eta fisika ikasketak burutu zituen bertako unibertsitate batean. Gerora, tesia egitea erabaki zuen eta Euskal Herrira etorri zen, EHUko Fisika Teorikoa eta Zientziaren Historia ikerketa-taldean tesia egitera. Kosmologia unibertso azeleratu batean, izan zen haren ikerketa lerroa baina egun, fisika irakasten die gazteei: Ezagutzari ekarpenak egin ahal izatea zen, eta da, ikertzaile izateko akuilu nagusia.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.