Asteon zientzia begi-bistan #47

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?

asteon zientzia begi-bistan 47

2012an astronomozaleek, UPV/EHUko Zientzia Planetarioen taldeko interesa bereganatu zuen fenomenoa antzeman zuten Marten. Munduko hainbat tokietatik fenomeno bitxi baten irudiak jaso zituzten, Marteren diskoaren ertzetik gorantz zihoan gandor baten irudia. Zientzia Planetariokoek ezohikoa zen gandorra aztertu dute azken urteotan eta oraindik ez dute topatu asebeteko dituen azalpenik, bi hipotesi dituzten arren. Bata da hodei bat izan daitekeela eta bestea, Lurreko auroren antzeko fenomeno bat izan litekeela gandorra. Ana Galarragak kontatzen digu Elhuyar aldizkarian: Marten inoiz hautemandako gandorrik garaiena aztertu du EHUko Planeta Zientzien Taldeak.

Unibertsoko sekretuei erreparatuz gero, Manu Arregik beste bat dakarkigu. Egoten dira sasoiak non planetak bata bestearen hurbil egon daitezken. Egoera honi konjuntzioa esaten zaio. Konjuntzio hauek ez ditugu irudikatu denboran zehar, gertatzen diren moduan. Izan ere, hainbat planeta lerrokatuta jartzen ditugu irudiotan armonia perfektu bat osatuz. Baina irudi horiek ez dira errealistak, planeten orbitak ez daude guztiak plano berean, plano ezberdinetan daude eta ez da posible hiru planeta edo gehiago lerrokatzea. Aldiz, binaka bai elkartu daitezke zeruko puntu batean planetak. Lurretik ikusita, euren orbitak gurutzatzen diren puntuak bat datozenean gertatzen da hori. Zientzia Kaiera blogean xehetasun guztiak: Planeten lerrokatzen anitza.

Juanma Gallego kazetariaren artikulu interesgarri bat jaso dugu Zientzia.eus atariaren bidez. Ez zaizue arrotza egingo azken urteotan hainbat erakundek aurrera daramaten hazi-biltegien egitasmoak. Gaur egun 1.300 hazi-biltegi baino gehiago daude munduan zehar. Badira adibidez, nekazarien elkarteek sortutakoak hazi autoktonoen galera ekiditeko asmoarekin, edota XX. mendearen hasieran, Nikolai Vavilov errusiar zientzialariak osatu zuen biltegiaren parekoak ere. Haren helburua zen goseari aurre egitea, eta horretarako, hogei urtez espezierik emankorrenen bila ibili zen mundu osoan, biltegia osatzeko eta nekazaritzan erabiltzen diren landare guztien basasenideak topatzeko. Zientzia.eus atarian dugu haren historia: Hazien zaindariak.

Planetak, haziak eta orain hegaztiak. Urdaibaiko paduren inguruan kokatuta dugu hegaztiei buruzko interpretazio zentroa den Urdaibai Bird Center. Urdaibaiko Biosferaren Erreserban dagoen zentro honetan hegaztiei buruzko ikerketa eta dibulgazio-lanak eramaten dira aurrera. Bertan ikertzen diharduen Carmen Azahara ornitologoarekin hitz egin du Uxune Martinezek, eraztunketa zientifikoari buruzko xehetasunak ezagutzeko asmoz. Carmenen eskuetatik 8.000 hegazti pasatu ziren 2014an, 4.000 enarak izan ziren eta horrez gain, adibidez, Euskal Herrian arrotzak diren urretxindor japoniarrak ere aztertu zituen. Hauei eraztun bat jartzen dizkiote ornitologoek eta, horrela, taldetik berezitu egiten dituzte. Horrez gain, eraztunen bidez, txorien migrazio-ibilbideen eta euren bilakaerari buruzko datuak lortzen dituzte. Ornitologian emakume gutxi badaude ere, Carmen Azaharak azaltzen digu badaudela hegaztiengan interesa duten emakumeak. Bera da honen eredu. Zientzia Kaiera blogean: Carmen Azahara: hegaztien lumetan askatasuna aurkitu duen ornitologoa.

Edu Lartzaguren kazetariak gozotik hasi eta garratzera eramango gaitu. Berrian azukrea izan du hizpide Gozagarri filosofalaren bila artikuluan. Azukrearen menpe bizi ote garen gizakiok aztertzen du. Freskagarriek, zukuek, zerealek… eta hainbat produktuk azukre kantitate handiak dituzte eta nutrizioan adituak direnen ustez, azukre kopuru handiak ez dira osasungarriak. Hori dela eta, badira osasungarriagoak diren produktuak, eztia eta melaza esaterako. Eta honen inguruan Itziar Txurruka UPV/EHUko Farmazia eta Elikagaien Zientzien Departamenduko nutrizio eta bromatologia arloko irakaslearekin hitz egin du kazetariak. Txurrukaren ustez, “azukreak ez dira berez txarrak baina neurriz eta noizbehinka jatekoak dira. Ezin dira oinarrizkoak izan gure dietan; ezin ditugu egunero hartu”.

Software librea zer den eta honen inguruan sortutako elkarteak eta egitasmoak ezagunak egin dira azken hamarkadetan. Software librearen arrakastaren arrazoietariko bat da kodea era askean eskuragarria izatea. Horrela, programa bera erabiltzeaz gain, kodean bertan gauzatu daitezke egin nahi edo behar diren aldaketak. Ildo beretik gauzatu da hardware librea eta honen hurbilpen bat egiten du Josu Jugo irakasleak Zientzia Kaiera blogean. Besteak beste, hardware libreko plataforma den Arduinoren ezaugarriak azaldu dizkigu. Arduino mikrokontrolagailu sinple batean oinarritzen da eta defini daiteke kode irekiko plataforma fisiko bezala. Baliagarria da konputazio sistema sinpleak sortu eta mundu fisikoarekin lotura errazteko, hainbat sentsore eta eragingailuren bitartez. Bere abantailen artean, aipatzekoak dira bere prezio txikia eta eskuragarritasun handia. Datu guztiak, Arduino, Raspberry Pi eta beste batzuk: Hardware librearen bidea artikuluan.

Egun euritsuak izan ditugu azken hauek. Zaparrada ederrak bota izan ditu eta aterkia lagun mina bihurtu zaigu. Euriak gogor jotzen duenean ez dugu sumatzen ur tantak lurrean erori ondoren airean barreiatzen den usainik. Aldiz, ez zaizue inoiz gertatu, euri zaparrada txiki baten ostean lur edota belar usaia nabaritzea? 1964. urtean bi geologo australiarrek Isabel Joy Bear eta R. G. Thomasek izena jarri zioten usain horri petrichor. Hau, landareetatik eratorritako koipeek eta bakterioetako zenbait substantzia kimikok euriaren ostean utzitako lurrina da. Orain, Massachusetts Institute of Technologyko ikertzaileek beste urrats bat eman dute honako galderei erantzuna emanez: Nola iristen dira usain horiek airera? Zergatik euria bota ondoren hedatzen da? Zientzia Kaieran Amaia Portugalek kontatzen digu euri tantek lurzoruarekin inpaktua egiten dutenean burbuila txiki batzuk sortzen direla, eta ikertzaileen ustez horiek daramatela lurraren aromak eguratsera: Aerosolak, euri osteko usainaren balizko erantzule.

Eta urarekin amaituko dugu, kasu honetan itsasoko urez hitz eginez. Egoitz Etxebestek nazioarteko ikerketa-talde batek teknika berriak erabiliz, itsasoren azidotasuna satelite bidez neurtu dutela azaltzen digu Elhuyar aldizkarian: Ozeanoen azidotasuna satelite bidez neurtu dute. Dena den, ikertzaileek argi utzi nahi izan dute satelite bidezko neurketa hauek ez dituztela ordezkatzen in situ egiten direnak, besteak beste, haiek fidagarriagoak direlako, eta beharrezkoak satelite bidezkoak kalibratzeko. Baina mugak izan arren, ikertzaileen ustez, oso baliagarria izan liteke satelite bidezko neurketa ozeanoen azidotze globalaren jarraipena egiteko.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.