Gainpisuak eta arnasketa arazoek eragina dute loaren apnean

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Zurrungekin lotzen dugu beti loaren apnea, baina ez du zertan hala izan behar.

Loaren apnea-sindromea da loaldian izaten den arnas asaldura ohikoena. Apnea dutenek lotan daudela arnas gelditzea jasaten dute, goiko airebideen kolapsoarengatik. Gelditze horiek gutxitu egiten dute pazientearen odoleko oxigeno-kantitatea eta iratzarri egiten du lotan dagoena eta ondorioz, ez du lo indarberritzailerik izaten. Ondorioz, jende asko nekatuta altxatzen da goizetan, eguna loguraz pasatzen dute, eta, adibidez, gidatzen ari direla lo hartzeko arrisku handiagoa izaten dute.

Hauek, ordea, ez dira eragin bakarrak: hipertentsioa sustatzen du eta areagotu egiten du infartu eta iktusen intzidentzia. Izan ere, loaren apnea duten pertsonek arrisku bikoitza dute iktusak jotzeko.

apnea
1. irudia: Apnea zurrunga egiten duten pertsonen artean agertzen omen da eta, laburbilduz, bi minutu bitarte irautera iristen diren arnas geldialdiak dira.

Apnea edozein adinetan izan daiteke eta sindromeak hainbat maila ditu, kasu larriak ere. Bihotzeko gaitzetarako, buruko gaitzetarako edota zirkulazio istripuak izateko arrisku faktorea izan daitekeenez, konponbide bat ematea ezinbestekoa da eta helburu horrekin burutu du ikerlana UPV/EHUko Dermatologia, Oftalmologia eta Otorrinolaringologia Saileko Jesús Antonio Hueto Prado ikertzaileak.

Loaren apnea maila ertainetik larrira bitartekoa bada, CPAP (arnasbidearen presio positibo jarraitua) tratamendu estandarra erabiltzen da pazienteekin: goiko airebidea ez kolapsatzeko eta, horrenbestez, arnas gelditzerik ez izateko, presiopeko airea —makina batek sortua— sartzen da, maskara baten bidez. Kolapso hori du ezaugarrietako bat gaitz horrek. Jesús Antonio Hueto ikertzaileak CPAP apnea-sindromearen tratamenduko presioari eragiten dioten faktoreak aztertu ditu, asaldura horren sintomak hobetzeko alderdi erabakigarria baita tratamenduarekiko tolerantzia. Ikerlanaren emaitzen arabera, CPAPko presioan eragina duten bi faktore atzeman ditu: sudurreko erresistentzia eta gorputz-masaren indizea, hau da, pazienteen obesitate-maila.

Apnea1
2. irudia: Paziente bat lo CPAP tratamendua gainean duela.

Gorputz-masaren indizea eta sudurreko erresistentzia, kontuan hartu beharreko faktoreak

Jesús Antonio Huetoren ikerketaren emaitzek frogatu dutenez, nabarmen handiagoak zituzten sudurreko erresistentziak CPAPa presio handian jasotako pazienteek. “Bistakoa denez, sudurreko buxadurak eta sudurreko jario urrituak oztopatu egiten dute CPAParekiko tratamendua, baina, orain arte, inongo ikerketak ez du argitu lotura hori”, adierazi du ikertzaileak.

Pazienteen gainpisuak edo obesitate-mailak lotura oso esanguratsua zuen tratamendurako behar zen CPAP presioarekin, ikerketaren arabera. “Nabarmen handiagoa dute gorputz-masaren indizea CPAP presioak altuak behar dituzten pazienteek presio txikiagoak behar dituztenek baino”.

Aipatutako korrelazioak berresteaz gain, bi erregresio-formula ere sortu zituen Huetok ikerketa horretan. Batek, honetarako aukera ematen du: pazienteak beharko duen CPAP presioa iragartzeko, gorputz-masaren indizea eta sudurreko erresistentzia kontuan hartuta. Pazienteei probak eginda zehazten da egun presio hori. Besteak, berriz, pazienteak presio bat ala bestea behar izateko dituen probabilitateak zehazten ditu, gorputz-masaren indizearen eta sudurreko erresistentziaren arabera.

Huetoren ustez honen ondorioa da, “gorputz-masaren indizea eta sudurreko erresistentzia funtsezko faktoreak dituztenez formula horiek, pazientearen pisua eta sudurreko erresistentzia gutxitzea lagungarri da behar den CPAP presioa murrizteko“.

Ikertzaileari buruz

UPV/EHUko Medikuntza eta Odontologia Fakultateko Dermatologia, Oftalmologia eta Otorrinolaringologia Saileko ikertzaile da Jesús Antonio Hueto, eta han egin du “Análisis correlacional de la resistencia nasal y la presión positiva continua de la vía aérea en el tratamiento del síndrome de apnea del sueño izeneko” tesia, Francisco Santaolalla Montoya eta Agustín Martínez Ibargüen Otorrinolaringologiako irakasleen zuzendaritzapean. Gasteizko Unibertsitate Ospitaleko Loaren Unitatearen laguntza jaso du Huetok lan hori egiteko. Besteak beste, eskuragarri izan ditu loaren apnea duten pazienteen (SAHS) eta CPAP tratamenduan daudenen datu-baseak.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Sudurretik arnasa hobeto hartzea eta argaltzea lagungarri dira loaren apnearen tratamenduan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.