Jesus Antonio Hueto: “Biztanleriaren zati handi batek loaren apnea du”

Peru S. Gamarra

Guztiok sufritu ditugu noizbait lagunen baten zurrungak. Bai, jasanezinak dira. Basurdeen orroarekin zerikusi handia duten zarata horiek gure pazientziarekin bukatzen dute. Nola da posible zarata horiek eginda ez esnatzea? Bada, ez da esnatzen. Ezta gutxiago ere. Are gehiago. Primeran deskantsatzen duela dio! Nola ez du ba ongi deskantsatuko. Ikusi besterik ez dugu egin behar. Ohean etzanda, diagonalean, eta hanka bat tapatuta besterik ez duela. Ahoa zabal-zabalik eta bere toraxa gora eta behera. Noski, eta kontzertu ederra bien bitartean. Zarata gutxiago egiten duten tronboiak entzun ditugu. Hala ere, nahiz eta gau osoan ez dugun begirik itxi, inbidia puntu bat ematen digula ere onartu behar dugu.
loaren apnea

1. irudia: Apnea zurrunga egiten duten pertsonen artean agertzen omen da eta, laburbilduz, bi minutu bitarte irautera iristen diren arnas geldialdiak dira.

Zurrungak gure zintzurrean ditugun muskuluak erlaxatu eta airebideak txikitzen direnean etortzen dira. Baina zer gertatuko litzateke muskulu horiek gehiegi erlaxatu eta, ondorioz, airebideak erabat kolapsatuta geratuko balira? Bada, oxigenoa ez litzatekeela pasatuko eta arazo baten aurrean geundekeela, zalantzarik gabe. Oxigenorik pasatuko ez balitz, gure gorputzak alarma piztu, eta bat-batean esnatuko ginateke gau erdian, honek dakartzan ondorio guztiekin. Loaldia ez litzateke erabatekoa izango eta ez genuke behar bezala deskantsatuko. Deskantsurik ez badago, egunean zehar oso nekatuta sentituko dugu gure burua. Gaitz honek, noski, badu izena: Loaren apnea, hain zuzen ere.

Zientzia Kaiera gai honetan oso aditua den Jesus Antonio Hueto Pradorekin elkartu da bere lana hobeki ezagutzeko. CPAP tratamendua jasotzen duten loaren apneadun hainbat paziente (SAHS) aztertu ditu UPV/EHUko Dermatologia, Oftalmologia eta Otorrinolaringologia Saileko ikertzaileak eta honako ondorio hau atera du: sudurretik arnasa hobeto hartzea eta argaltzea faktore lagungarriak direla gaitz honen tratamenduan.

Jesus Antonio Hueto Prado otorrinoa.

2. irudia: Jesus Antonio Hueto Prado otorrinoa eta UPV/EHUko irakaslea.

– Dermatologia, Oftalmologia eta Otorrinolaringologia Sailean ikertzailea zara. Medikua izatea txikitatik datorkizun zerbait da? Eta, nola sartu zinen ikerkuntzaren munduan?

Gaztea nintzenetik argi nuen medikua izan nahi nuela. Erabat bokaziozkoa izan zen nire kasuan. Ikerkuntzan, ordea, arrazoi ezberdinengatik sartu nintzen. Arlo honetan zerbait berria ekarri ahal nuela pentsatu eta honegatik sartu nintzen. Ikerkuntzan ez dut ibilbide luzerik egin, mediku praktikoa izan naiz nagusiki, baina esan dezaket argi ikusi nuela zerbait berria ekartzen ahal niola arlo zehatz honi eta honegatik hasi nintzen.

– Loaren apnearen gaineko ikerketa bat burutu duzu. Zer da zehazki gaixotasun hau?

Lo dagoen pertsona batek arnasa hartzerakoan geldialdi bat duenean gertatzen da gaitz hau. Hau da, arnasaren geldialdi bat gertatzen da pertsona hauengan lo dauden bitartean. Geldialdi hauek luzeak edo laburrak izan daitezke eta kasu batzuetan noizbehinka bakarrik gertatzen dira eta beste batzuetan, berriz, askotan errepikatu daitezke. Faktore hauek guztiek arazoaren larritasuna markatzen dute.

– Ikerketa egin ostean zera ondorioztatu duzu: sudurretik arnasa hobeto hartzea eta argaltzea faktore lagungarriak direla gaitz honen tratamenduan. Hau zuzena da, ezta?

Ikerketa hasi genuenean, gure helburua sudurreko arnasak loaren apnean eragin zuzenik zuen edo ez ikustea izan zen. Baina, ikerkuntzan askotan gertatzen den bezala, lanean aurrera egin ahala gauza berriak aurkitzen hasi ginen. Lan handia egin ostean ikusi dut sudurreko arnasak ez ezik, pazientearen pisuak ere garrantzi handia duela loaren apnean.

– Gaitz hau uste duguna baino ohikoagoa al da?

Biztanleriaren zati handi batek badu loaren apnearen gaixotasuna. Datu zehatzik ezin dut eskaini baina uste duguna baino dezente ohikoagoa da loaren apnea. Esan dezakegu pertsona nagusiek erraztasun gehiago dutela gaitz hau sufritzeko eta ohikoagoa dela gizonezkoetan ikustea emakumezkoetan baino. Baina, bai, jende askok sufritzen du.

– Praktikan, ze arazo sortu ditzake loaren apneak?

Pertsona batek lo dagoen bitartean arnasaren geldialdiak sufritzen baditu, eta behin eta berriz esnatzen bada, bere loaren arkitekturan alterazioak jasango ditu. Hau da, gau erdian izango dituen mikro-esnatze horiek pertsona horren atsedena nahasiko dute. Esan dezakegu loaren apneak bi ondorio mota dituela. Alde batetik, gure atsedena ez da behar bezalakoa izango eta honek egunean zehar ondorioak izango ditu. Gidatzerakoan edo lan egiterakoan lo geratzea, adibidez. Eta, bestetik, hipertentsio arteriala edota bihotzeko arazoak ere erraztu ditzake. Bi horiek izango lirateke ondorio nagusiak.

– Ba al du sendabiderik gaitz honek?

Ez du sendabiderik, ez, baina tratatu daiteke. Gaur egun gehien erabiltzen den tratamenduak presiopeko airearekin du zerikusia. Hau da, makina batek, zu lo zauden bitartean, presiopeko airea sartzen dizu airebideetan hauek itxi ez daitezen. CPAP du izena tratamendu honek. Nik tratamendu hau jasotzen duten hainbat paziente aztertu ditut nire ikerketan.

– Galdera bat egingo dizut eta, beharbada, nahiko inozoa irudituko zaizu. Gauean zurrunga egiten badut, kezkatu beharko nintzateke?

Zurrungaren kontua oso hedatua dagoen zerbait da. Jende askok egiten du zurrunga lo dagoen bitartean. Hala ere, zurrunga egiteak ez du esan nahi pertsona batek apnea duenik, ezta gutxiago ere. Hori bai, loaren apnea duen pertsona orok zurrunga egiten du. Hori seguru. Eboluzio bat egon daiteke hemen ere. Pertsona bat zurrungekin hasi daiteke eta, beranduago, loaren apnea garatu. Beraz, eta zure galderari erantzunez, zurrunga egiteagatik ez zinateke kezkatu behar, baina, beharbada, etorkizunean, adi egon beharko duzu gehiagora joan ez dadin.

———————————————————————–

Egileaz: Peru S. Gamarra kazetaria da.

———————————————————————–

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>