Larunbata da eta sekulako gogoa dugu kalera ateratzeko. Aste osoan lanean ibili gara, nagusia aguantatu behar izan dugu eta bada garaia dibertsio pixka bat izateko. Baita dantza egiteko ere. Jai giroa da behar duguna. Eta, nork daki, zorte pixka batekin ez gara etxera bakarrik itzuliko. “Denbora asko daramat ligatu gabe. Ezagutuko al dut gaur norbait? Seguru baietz!”, esaten diogu geure buruari. Esperantza da galdu behar den azkeneko gauza. Berdin du 8 hilabete inorekin ligatu gabe egon bagara ere. Modu positiboan hartu behar dugu bizitza!
Dutxatik atera eta ispiluaren aurrean jartzen gara. Egia esan, ez dugu Cristiano Ronaldoren gorputza. Ezta George Clooney edota Brad Pitten fisikoa ere. Hala ere, ez dugu gure burua gaizki ikusten. “Tabletarik ez dut nire tripan, baina ez nago hain gaizki!”, pentsatzen dugu. Ez gara perfektuak baina gustura gaude ikusten dugunarekin. Gure gorputza onartzen dugu, nahiz eta pixka bat gehiago zaintzea gustatuko litzaiguken.
Tamalez, gure gizartean, ez du mundu guztiak bere burua onartzen eta sekulako arazoak ikusten ditugu gure inguruan. Estereotipoek baldintzatzen gaituzte eta ezinezkoak diren gorputzak bilatzen ditugu. Eta, noski, honek baditu bere ondorioak. Zientzia Kaiera Lorea Kortabarria psikologoarekin elkartu da honetaz guztiaz hitz egiteko. Elikadura asaldurei buruz egin duen ikerlanak erakusten duenez, ispiluaren aurrean jarrita, emakumeek ez dute gizonek duten pertzepzio bera. Emakumeek errealitatean dena baino gizenago ikusten dute beren burua. Hobeto elikatzen dira neskak, baina pertzepzio okerragoa dute beren pisuaz. Alegia, gizenago ikusten dute beren burua.
– EHUko webgunean sartu eta albisteak irakurtzerakoan honakoa aurkitu dugu: “Neskek gizenago ikusten dute beren burua mutilek baino”. Hori da zure ikerketarekin lortu duzun ondorioetako bat. Zer da egin duzun ikerketa? Nola azalduko zenioke zure lana ezagutzen ez duen norbaiti?
Pisua eta beste hainbat aldagai kontutan hartzen dituen ikerketa bat da egin dudana. Honetarako, neska eta mutilak hartu ditugu. Ideia da euren elikadura asaldurak ezagutzea eta zergatik sortzen diren identifikatzea. Eta zein da atera dugun ondorio nagusia? Zuk ongi esan bezala, neskek gizenago ikusten dutela euren burua mutilek baino. Neskek errealitatean pisatzen dutena baino gehiago pisatzen dutela uste dute. Eta, gainera, errealitatean pisatzen dutena baino gutxiago pisatzea gustatuko litzaieke. Hau da nire ikerketaren klabe nagusienetako bat.
– Mutilek pertzepzio errealagoa al dute euren pisuari dagokionez?
Urteak pasatu ahala pisuarekiko pertzepzio hau berdintzen ari da. Mutilak neskengana hurbilduz doaz pixkanaka eta arriskutsua da. Hala ere, bai, mutilek pertzepzio errealagoa dute. Arrazoia da mutilek altuak izan nahi dutela. Orduan, badakite zenbat eta altuagoa izan, orduan eta gehiago pisatu beharko dutela. Hori onartuta dute. Neskekin ez da hau gertatzen.
– Zein metodologia jarraitu duzue tesi ikerketa hau aurrera eramateko?
Nire zuzendariarekin hitz egin ostean, proiektuaren proposamena ikastetxeetara bidaltzea erabaki genuen. Baiezkoa eman ziguten ikastetxeetara galdera sorta bat bidali eta ikasleak, pixkanaka, galdera sorta hori erantzuten joan ziren. Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako zenbait ikastetxeetan galdetu genuen.
– Eta zergatik ikusten dute neskek euren burua dena baino lodiago? Zein arrazoi egon daitezke honen atzean?
Arrazoi asko daude, zalantzarik gabe. Baina, nire ustez, dietek eta emozioek asko dute esateko hemen. Ikerketa egindakoan konturatu ginen neskek etxean euren ama dieta egiten ikusi dutela. Normala da hori beraientzat. Etxean ikusten dutenak eta izan dezaketen autoestimu apalak, zoriontasun mailak, antsietate mailak, depresioak… Honek guztiak ekartzen du euren gorputzarekin gustura ez egotea eta pisua jaitsi nahi izatea. Neskek, orokorrean, mutilek baino autoestimu apalagoa dute eta antsietate maila altuagoa. Bi faktore hauek oso inportanteak dira.
– Hau da, txikitatik joan gara hau guztia barneratzen ezta?
Bai, zalantzarik gabe. Txikitatik goaz hau guztia barneratzen. Zientifikoki ez dut hau jaso, baina gazte asko eta asko aurkitu ditugu etxean honakoa entzun dutena: “Kontuz zer jaten duzun! Gizentzea oso erraza da baina kiloak galtzea ez hain erraza”. Honelako esaldiak barneratzen ditugu txikiak garenetik.
– Kontrakoa ere gertatzen da, ezta? Hau da, gurasoek argalegi gaudela esaten digute ere.
Kontraesanez beteta gaude eta kontraesanak beti dira ezkorrak. Eta ezkorragoak dira oraingoz nerabezaroan. Askoz ere ahulagoak gara adin horretan.
– Lehen aipatu duzu neskek mutilek baino autoestimu apalagoa dutela. Zergatik gertatzen da hau?
Zaila da honi erantzun egokia ematea zientifikoki ez daukadalako demostratuta. Orain esango dudana iritzia besterik ez da. Gure hezkuntzan eta hazkuntzan ezberdintasun handiak daude oraingoz mutilen eta nesken artean. Zergatik diodan hau? Adibide batekin azalduko dut. Ume bat lurrera erortzen bada eta mutila bada, gure erantzuna honakoa litzateke: “Ba! Lasai, ez da ezer gertatzen”. Neska batekin, ordea, berehala galdetuko diogu ea minik hartu duen edo ez. Egoera bera ezberdin tratatzen dugu, nire ustez.
– Eta zer egin dezakegu hau guztia aldatzeko?
Jendea berdin tratatu behar dugu eta ez generoaren arabera. Presio soziala ere jaitsi behar dugu, ikasgeletan eta etxean kongruentzia bilatu behar dugu… Zenbat alditan esan izan dugu, adibidez, “ze guapa zauden bost kilo gutxiagoarekin!”, edo “pixka bat argalago egongo bazina ez al zinateke politago egongo?”. Honek, azkenean, eragin handia dauka. Neskez hitz egin dugu orain arte baina mutilekin nahiko kezkatuta geratu naiz ikerketa bukatu dudanean. Gaur egun, mutilen eta nesken arteko diferentzia (pisuaren pertzepzioari dagokionez) hori badago, baina geroz eta txikiagoa da. Etorkizunean ikusiko dugu zer gertatzen den.
– Mutilei dagokienez, zer ikusi duzu ikasgeletan?
Egia da mutilen gainean ere presio sozial fuerte bat dagoela. Hau da, mutilei gorputz jakin bat izatea ere eskatzen zaie. Mutilen estereotipoa da natural egotea, estua izatea, baina baita muskulua izatea ere. Hori bai, muskulua ez dadila oso handia izan, bestela mundu guztiak jakingo du gimnasiora zoazela eta hori ez da naturala. Depilatuta egotea ere eskatzen zaie… Hau da, geroz eta exijentzia gehiago dituzte.
– Hau da, mutiloi neskei betidanik exijitu zaiena exijituko zaigu, ezta? Beraz, mutilok neskek izan dituzten arazo berak izango ditugu, ezta?
Bai, zalantzarik gabe. Baina ez hori bakarrik. Norbaitek estereotipo hori gustatzen ez zaiola esaten badu eta neska edo mutil potoloak eta burusoilak gustatzen zaizkiola esaten badu, gizarteak gogor kritikatuko du. “Baina nola gustatuko zaizkizu mutil lodiak” esango genioke. Hau da aldatu behar duguna eta kontrakoa bultzatu. Iritzi hori lasai asko esango bagenu, gizartearentzat askoz ere osasungarriagoa izango litzateke eta presio sozial hori asko jaitsiko litzateke.
– Baduzu anekdotarik mutilei dagokienez?
Baditut bi ez zaizkidanak sekula ahaztuko. Mutil bat, 1,92 zentimetroko altuera zuena eta 75 kilora iristen ez zena. Beste mutilak, berriz, 1,84ko altuera eta 64 kiloko pisua. Galdetegia bukatu zutenean negar batean etorri ziren niregana ea gehiegi pisatzen zuten galdetuz. Gogorra egin zitzaidan, egia esan.
Egileaz: Peru S. Gamarra kazetaria da.
1 iruzkina
[…] la causa de los mismos. En el transcurso de su investigación ha llegado a la conclusión de que las chicas tienen una percepción alejada de su peso real, se ven con más peso del que realmente tienen. Y hacer […]