Gizakiek ez ezik, ugaztunek, hegaztiek eta beste zenbait izakik kontzientzia badutela egiaztatu dute askotariko ikerketek. Horri lotuta, 2012an Kontzientziaren Cambridgeko Adierazpena plazaratu zuten zenbait adituk, animaliek ere sentitzen dutela eta ongi tratatuak izan behar dutela gogoraraziz.
Zerk bereizten ditu gizakiak gainontzeko animaliengandik? Aspalditik zientzialariak zein zientzialari ez direnak liluratu dituen galdera da, eta hala jarraituko duela dirudi. Izan ere, zenbat buru, hainbat aburu daude auzi honetan: hitz egiteko gaitasuna al da? Bere buruari halako galdera existentzialistak egiteko ahalmena? Errazagoa da zerk berdintzen gaituen definitzea, nahiz eta horretan ere badauden komeriak.
Esaterako, kontzientzia izatea ez da gizakion monopolioa. Rene Descartes filosofoak, adibidez, uste zuen gizakia zela animalia kontziente bakarra, eta pentsaera hori oso kritikatua izan da. Izan ere, gainontzeko animaliei tratu txarrak emateko apologiatzat ulertu daitekeela pentsatu dute askok, animaliek ez omen dutela mina sentitzen edo ulertzen, aitzakia hori hartuta. Gaur egun badira, baina, gizakiek ez beste zenbait animaliak ere kontzientzia dutela ontzat ematen duten ikerketak. Animalia kontzientzia, izan, bada, horrenbestez.
Beste ezer baino lehen, kontzientzia zer den adosteak izan behar luke lehen urratsa, eta oinarrizko pauso hori ere ez da batere erraza. Definizio zehatz bat ematea nekeza bada ere, guztioi zenbait kontzeptu datozkigu burura kontzientziaz pentsatzean: subjektibotasuna, zerbaitez konturatzea, sentitzeko ahalmena, gure buruaren existentziaz ohartuta egotea… gutxi gorabehera, denok bat gatoz kontzientzia hitz horiekin erlazionatzeari dagokionez.
Hori horrela, nola jakin animalia bat kontziente den ala ez? Ispiluaren testa da hori egiaztatzeko erabili izan den frogarik ezagunenetakoa. Animaliak ispiluaren aurrean bere burua ezagutzeko gai ote diren, kontzientziaren adierazle. Besteak beste elefanteek, orangutanek, zerriek, izurdeek… gainditu dute test hori, eta animalia kontzientetzat jotzen dira, horrenbestez.
Bestalde, duela urte gutxi arte, neokortexa izatearekin lotu izan da kontzientziaren ahalmena. Neokortexa ugaztunek baino ez dugun burmuineko atal bat da; eboluzioari dagokionez, garatu zen azkena, berriena. Garunaren bi hemisferioen kanpoko geruza da, eta sei geruza txikiagoz osatua dago. Kontzientzia neokortexetik sortuko balitz, ugaztunek baino ezingo lukete ezaugarri hori eduki, baina beste animalia batzuetan ere detektatu da kontzientzia.
Esaterako, loro gris afrikarrak ia gizakiaren pareko kontzientzia duela diote ikerketek, eta beste zenbait hegaztitan gizakiarenaren moduko faseak identifikatu dira haien loaldian; REM fasea, tartean. Itxuraz, sare emozionalak eta mikrozirkuitu kognitiboak aurrez uste baino antzekoagoak dira ugaztunetan eta hegaztietan. Neokortexa ez da, beraz, izaki kontziente bihurtzen gaituena.
Gauza asko daude argitzeke auzi honetan, baina gero eta zantzu gehiagok erakusten dute kontzientzia ez dela gizakion kontua soilik, ez eta ugaztunona ere. Horren harira, zenbait ikertzailek Kontzientziaren Cambridgeko Adierazpena plazaratu zuten 2012an, herri horretan egindako biltzar baten testuinguruan.
Besteak beste, kontzientziarekin zerikusia duten zenbait funtzio neokortexa baino nabarmen azpirago gordetzen direla dio adierazpenak, eta eboluzioaren historian askoz ere atzerago egin behar dela horien bila: “Arreta, loa eta erabakiak hartzeari dagozkion jokabideei eusten dieten nerbio-zirkuituak oso goiz agertu ziren eboluzioan, eta agerikoak dira intsektuetan eta molusku zefalopodoetan (olagarroa, kasu)”.
Kontzientziaren alorrean gizakiak ez daudela bakarrik, hori argi eta garbi uztea izan zen adierazpen horren helburua: “Ebidentziak erakusten du gizakiak ez diren animaliek ere badituztela kontzientzia egoerei dagozkien substratu neuroanatomiko, neurokimiko eta neurofisiologikoak, bai eta portaera intentzionalak erakusteko ahalmena ere”. Hori horrela, ugaztun eta hegazti guztiek zein olagarroen gisako beste zenbait animaliak izango lukete kontzientzia.
Adierazpenean arrainen balizko kontzientziari aipamenik ez egitea gaizki ikusi zuten zenbait adituk, hori erakusten duten zantzuak ere badaudelako. Hala ere, agiriaren helburu nagusia animaliek ongi tratatuak izan behar dutela aldarrikatzea da, alor horretan ekarpena egitea. Izan ere, denborak erakutsi du, eta erakusten jarraituko du, Descartes oker zegoela.
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.
3 iruzkinak
Eskerrik asko berri garrantzitsu honi abagunea emateagatik. Aurrerapen izugarriak ari dira lortzen bai zientzian, bai filosofian, bai zuzenbide arloetan eta artikulu garrantzisu honek horietaz mintzatzeko atarira eramaten gaitu. Plazer hutsa irakurtzea, zorionak Amaia Portugal!
Horretarako gaude! Eskerrik asko zuri!
[…] gizakiak ez daudela bakarrik; hori argi eta garbi uztea izan zen adierazpen horren helburua: “Ebidentziak erakusten du gizakiak ez diren animaliek ere badituztela kontzientzia egoerei dagozk…. Horiek horrela, ugaztun eta hegazti guztiek zein olagarroen gisako bertze zenbait animaliak izango […]