Nanoteknologiaren aplikazioak garun-minbizian

Haritz Gurrutxaga, Laura Saenz del Burgo, Jesús Ciriza, Rosa María Hernández, Gorka Orive eta Jose Luis Pedraz

Oraindik minbizia morbilitate eta hilkortasunaren kausa garrantzitsuenetako bat jarraitzen izaten du munduan zehar. Nerbio sistema zentraleko (NSZ) minbizien barruan, %85 eta %90 artean garun minbiziak dira. Azkeneko urteetan, garun minbizien tratamenduan aurrerapen eta esfortzu handia bideratu da, tratamenduen efikazia handitu eta tumoreen erabateko ezabapena lortu nahian, batez ere.
Hala ere, kimioterapia tratamenduek nahi ez diren eraginak ere dituzte eta arazo hauek konpondu nahian, medikuntzan nanoteknologia erabiltzen hasi da bere abantailengatik. Administrazio sistema berri hauen adibide, nanogarraiatzaileak lirateke.
nanoteknologia garun-minbizia

1. irudia: Nanoteknologia, besteak beste, medikuntzan erabiltzen hasi da dituen hainbat abantailengatik.

Nanogarraiatzaileak farmako (kimioterapiakoak) baten garraioa ahalbideratzen duten materialez osatutako konposatuak dira. Hauek, tumoreak farmakoen sarrerari egiten dien erresistentzia gutxitzen dute, farmakoen barreiadura hesi hematoentzefalikotik (HHE) zehar handitu dezakete eta farmakoaren askapena baimendu, hauen kontzentrazioa tumoreetan handituz eta era honetan tratamenduaren efikazia hobetuz. Artikulu honen helburua, garun minbizien tratamenduan HHEak eragiten dituen arazoen eta nanoteknologiak farmakoen administrazio lokal edo sistemikoan dituen aplikazioak azaltzea da.

HHEa erdi iragazkorra eta selektiboa den hesi bat da, odoletik NSZra molekula biologiko eta sustantzi askoren igarotzea baimentzen duena eta bestalde, NSZa eragile infekzioso eta toxikoetatik babesten duena. HHEak farmako askoren sarrera eragozten du, hauen efektua gutxituz. Hau ekiditeko, nanogarraiatzaileak garunean administrazio lokal batekin administra daitezke, efektua nahi den lekuan lortuz. Tratamendu lokal desberdin hauek aplikatzeko, gaixoa ospitaleratu behar da eta gainera tratamendu hauek arrisku nabariak dituzte gaixoarentzat. Honengatik, beste aukera bat, nanogarraiatzaile zuzenduen administrazio sistemikoa litzateke, ikertzaileentzat erronka bat bilakatu dena. Nanogarraiatzaile hauek HHEa zeharkatzeko gai dira eta minbizi zeluletan espezifikoki beraien efektua denbora luzez eragiteko gai dira, erantzun klinikoa asko hobetuz.

nanogarratzaile desberdinak

2. irudia: Nanogaratzaile motak. (A) Nanopartikula polimerikoak; (B) Nanopartikula lipidoak; (C) Sistema besikularrak: Liposomak eta Niosomak; (D) Mizelak; (E) Dendrimeorak

Hala ere, ikertzeko asko dago oraindik. Tratamenduen segurtasuna epe luzean adibidez, ez dago ondo aztertua. Gorputzean nanogarraiatzaileen inguruan adsorbatzen diren biomolekulek korona bat osatzen dute, nanogarraiatzailen funtzioa aldatuz eta batzuetan terapiaren efikazia gutxituz. Honegatik, garun minbiziaren tratamenduan, nanogarraiatzaileen erabilera garapenean dagoen aukera itxaropentsu bat da, baina terapia klinikan normaltzat ikusteko, oraindik arlo asko garatu eta aztertu behar dira.

Ekaia aldizkariaren 27. alean “Nanoteknologiaren aplikazioak garun-minbizian” nanoterapiak garun minbizien tratamendu eta diagnostikoetan ireki dituen aukera berriak garatzen dira. Nanogarraiatzaileen erabilerak, tumore ingurura molekula konplexuen zuzentzea eta sistemikoki administratutako farmakoen iragana muga hematoentzefalikotik baimentzen du. Kapsularatzen badira, farmakoek batez besteko bizitza luzeagoa dute organismoan, eta gainera efektu kaltegarriak jaitsi egiten dira.

Nanogarraiatzaile hauen erabilgarritasuna dela eta, tumoreen aurka zuzendutako askapen-sistemak garatu dira, eta horrela terapia genikoan, antigiogenikoan eta termoterapian erabiltzen hasi dira. Artikuluan egileek, arlo honetan nanoteknologiaren azken ikerketak, aplikazioak eta erronkak azaltzen dituzte.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Artikuluaren izena: Nanoteknologiaren aplikazioak garun-minbizian
  • Laburpena: Nanogarraiatzaileen erabilgarritasunari esker, tumoreen aurka zuzendutako askapen-sistemak garatu dira eta, horrela, terapia genikoan, antigiogenikoan eta termoterapian erabiltzen hasi dira. Artikuluan egileek, arlo honetan nanoteknologiaren inguruko azken ikerketak, aplikazioak eta erronkak plazaratzen dituzte.
  • Egilea: Haritz Gurrutxaga, Laura Saenz del Burgo, Jesús Ciriza, Rosa María Hernández, Gorka Orive, Jose Luis Pedraz
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 41-55

—————————————————–
Egileez: Haritz Gurrutxaga, Laura Saenz del Burgo, Jesús Ciriza, Rosa María Hernández, Gorka Orive eta Jose Luis Pedraz UPV/EHUko Farmazia Fakultateko NanoBioCel ikerketa-taldeko kideak dira eta Farmazia Teknologia Laborategian ari dira ikertzen.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

ekaia aldizkaria 27. alea

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>