Asteon zientzia begi-bistan #59

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?

Argazkia: Lernert & Sander
Argazkia: Lernert & Sander

Ron Williamson arkeologo kanadarrak jatorri euskalduna duen aztarna bat aurkitu zuen duela urte gutxi Ontarioko aintziran. Gutxi gorabehera 1500. urtean euskal baleazaleek Kanadara eraman zuten burdinazko aizkora bat aurkitu zuen. Aurkikuntza honek bertan behera uzten ditu aurreko ikerketen emaitzak. Izan ere, ikerketek zioten inguru hartan bizi ziren Huron-Wendat herriko bizilagunak eta europarrak ez zutela elkar topo egin XVII. mendera arte. Aizkora honek adierazten du harremana askoz arinago gauzatu zela. Argian kontatzen digu Urko Apaolaza kazetariak: Amerindiarrak eta euskaldunak, burdinazko historia harrigarri bat.

Harrigarria da ere jakitea azken ikerketa batzuek aditzera eman dutena, animalien artean bilatu nahi izanez gero, bisonteak eta sugandilak izan litezkeela trebeenak. Sugandila buztanluzea adibidez, ez da “azkarrena”, baina izatez, geldotasunean datza bere ezaugarri nagusia. Izan ere, zientzialariek egiaztatu dute 2.000 metrotik gora bizi direnek handiagoak direla eta beroa polikiago galtzen dutela, zonalde beroagoetan bizi izanda txikiagoak direnak baino. Javier San Martín kazetariak kontatzen digu Zientzia Kaiera blogean: Citius, altius, fortius.

Lady Mary Wortley Montagu dama britainiarra Otomandar Inperioan bizi zen 1718. urtean, haren gizona Britainia Handiko enbaxadorea baitzen. Bertako biztanleek elgorriari aurre egiteko inokulazioa praktikatzen zuten eta harrituta honen berri jaso zuen idatziz. Horrez gain, haren seme-alabengan metodoa probatu eta etxera bueltatu zenean berau zabaldu zuen. Nagore Irazustabarrenak kontatzen digu Argia aldizkarian: Txertoa asmatu aurreko txertoa.

Ba al dakizue txiklea oso eraginkorra dela buruan bueltaka kendu ezinik dugun abestia ahazteko? Joxerra Aizpurua kontatzen digu Argian, Erresuma Batuko ikerketa-talde batek ondorioztatu duela txiklea murtxikatzeak buruan dugun horretaz “askatzen” laguntzen duela: Burutik kendu ezinik dugun abestia ezabatzeko, txiklea.

Espazioaren esploraziorako diseinatutako teknologiak lagundu egin du Nepalen izandako lurrikaren ondorioz desagertutakoak aurkitzen. NASAk garatu duen FINDER gailua da horren adibide. Gutxienez lau lagun aurkitu eta bizirik atera zituzten hondakinen artetik berari esker. FINDER, mikrouhin radar bat da: oso uhin seinale baxuak igortzen ditu, sakelako telefonoek igorritakoak baino mila aldiz txikiagoak eta jendea aurkitzea du helburu. Amaia Portugalek ematen dizkigu Zientzia Kaieran datu guztiak: Bizitzak aurkitzen ezerezaren erdian.

Mitzuli du izena eta mugikorra itzultzaile bihurtzeko gaitasuna duen aplikazio librea da. Egoitz Etxebestek ematen digu honen berri Elhuyar aldizkarian. Mitzuli software librea de eta EHUko IXA Taldeko Mikel Artetxe ikertzaileak garatu du. Mitzulik testuak itzuliz gain, mugikorrari ahotsez esandakoa itzultzeko eta baita kameraren bidez hartutako irudiak itzultzeko gai da 50 itzulpen-noranzkotan baino gehiagotara.

Epilepsiaren aurkako terapia berriak bilatzeko lagungarria izan daiteken aurkikuntza egin dute Achucarro neurozientzien ikerketarako zentroko ikertzaileek. Epilepsiak eragiten duen hiperaktibitate neuronalaren ondorioz, hipokanpoko zelula ama neuralek neurona berriak sortzeari uzten diotela. Horrez gain, krisi epileptiko baten ondoren, hipokanpoko zelula ama neuralek astrozito erreaktiboak sor ditzaketela frogatu dute. Egoitz Etxebestek ematen digu Elhuyar aldizkarian honen berri: Epilepsiak neurona berrien sorkuntza murrizten du.

Koldo Garcia biologoak genetikaren historia kontatzen dihardu Zientzia Kaiera blogean eta haren artikulu-sortaren bidez ezagutu dugu DNA nola antzeman zuten eta baita ere haren egitura nola deskubritu zuten. Genetikaren ibilbide honetan, asteon DNA nola kopiatzen den azaltzen digu: Genetikaren ibilbidea (V): Informazioa maneiatzen.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.