Nortzuk dira historiako heroiak eta gaizkileak?

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Zer partekatzen dute Einsteinek, Ama Teresak, Gandhik, Martin Luther Kingek, Newtonek, Jesusek, Mandelak, Edisonek, Lincolnek eta Budak? Horiek guztiak daude munduaren historiaren heroien Top 10ean. Gaizkileetan, berriz, lehenengo hamar postuetan daude Adolf Hitler, Osama bin Laden, Saddam Hussein, George Bush (semea), Stalin, Mao, Lenin, Genghis Khan, Saladino, Quin enperadorea eta Napoleon.

Heroi eta gaizkileen sailkapen hori munduko zenbait unibertsitatek, UPV/EHU barne, lankidetzan egindako azterlanaren emaitza da. Nazioarteko ikerketa honetan, munduko 37 herrialdetako unibertsitateko 6.902 ikasle boluntariok parte hartu dute. Batez beste 23 urteko gazteak izan dira eta historiako 40 pertsona eta gertakizun ebaluatu dituzte.

gaizkilea eta heroia
George Bush eta Nelson Mandela. Lehena, historia unibertsaleko “gaizkile” bezala izendatzen da eta bigarrena, “heroia”.

Ikasleek 1etik 7ra bitartean ebaluatu behar zuten zenbateraino ziren positiboak edo negatiboak aurkeztutako gertakizun eta pertsonak. Bada, azterlanak datu esanguratsu bat eman du: adostasun argia dago historia unibertsaleko gertakizun negatiboak zehaztean. Alabaina, ez dago horrenbesteko adostasunik pertsona historikoez hitz egitean. “Gaizkileen inguruko iritziak askotarikoagoak dira. Pertsona batek oso ebaluazio eskasa izan dezake herrialde batean, eta ebaluazio positibo xamarra edo oso positiboa munduko beste leku batean. Hori da Osama bin Ladenen kasua, esate baterako” azaldu du Darío Páezek, UPV/EHUko Psikologia Fakultateko Gizarte Psikologia eta Portaera Zientzien Metodologia Saileko irakasleak.

Azterlanak emandako beste datu esanguratsu bat da: “inkestatuei eskatu zitzaienean bat-batean esateko nortzuk ziren historiako pertsonarik garrantzitsuenak, lider politiko eta militarren izenak eman zituzten; izan ere, gerrak, gatazkak eta botere guduak bururatu zitzaizkien. Baina galdera itxiak zirenean eta hausnartzeko jesartzen zirenean, ikasle berberek garrantzi handiagoa eman zieten zientzialariei eta bestelako humanistei”.

Darío Páez irakaslearen ustez bizitza osoan jasotako kultur ondoretasunak eragiten du historiaz dugun ikuspegian. Azterlanean agertu ziren heroien inguruko nolabaiteko adostasun kulturala dago; gehienak bat datoz Einstein eta Mandela heroiak bezala izendatzerakoan. Aldiz, Osama bin Ladeni buruzko ikuspegia positiboagoa da arabiar kulturan; ostera, Bush semearen irudia askoz ere txarragoa da. Alderantziz gertatzen da Estatu Batuetako kulturan.

Beraz, munduan egindako azterlan honen emaitzek erakusten dute adostasun nahiko garbia dagoela kulturen artean, historia unibertsaleko “heroien” inguruan. Bestalde, desadostasuna askoz ere handiagoa da “gaizkileak” izendatu behar direnean. “Heroiak, argi eta garbi, zientzialariak, aurkitzaileak eta askatasunen eta aurrerabidearen aldeko borrokan diharduten pertsonak dira. Gaizkileen artean, ordea, askoz gehiago bereizten da. Ia kultura guztietan Hitler da erreferentziako gaizkilea, ebaluazio txarrena duena. Baina, kultura batzuetan ikuspegia aldatzen da: ez dute hain balorazio negatiboa egiten, batez ere gaizkileak modernoagoak direnean (Saddam Hussein, Osama bin Laden edo George Bush semea). Azken horrek argi erakusten du Estatu Batuetako gizarteak munduan zuen botere sinbolikoa galdu duela” ondorioztatu du Darío Páezek.

Ikerketaren emaitzak Plos One zientzia aldizkarian argitaratu dira, eta berretsi dute irudi historikoak lagungarriak direla lezio moralak transmititzeko oinarria sortzeko.

Erreferentzia bibliografikoa:
Hanke K, Liu JH, Sibley CG, Paez D, Gaines SO, Moloney G, et al. (2015) “Heroes” and “Villains” of World History across Cultures. PLoS ONE 10(2): e0115641. DOI:10.1371/journal. pone.0115641.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Einstein eta Hitler, historia unibertsaleko heroia eta gaizkilea.

.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.