Eduardo de la Torre, Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko kimika-ingeniaritza ikasle ohiak, Accenture enpresak ematen duen saria irabazi du Ingeniaritza Goi Eskolako proiektu onenari. Haren lana EAEko trafikoaren kutsadura atmosferikoa aztertzean datza 2003-2012 urteen bitartean.
EAEko puntu ugarietan kokatuta dauden trafikoaren intentsitatea neurtzeko neurgailuen datuak bildu eta gero ibilgailuek sortzen duten kutsadura aztertzen du Eduardo de la Torrek bere proiektuan UPV/EHUko Ikerketa Atmosferikoko ikerketa-taldearekin batera. 23 urteko gazte eibartar honek bere ingeniaritza kimikoko lizentziaturaren bosgarren urtean (2013-2014 ikasturtea) burutu zuen proiektua, eta azaltzen duenez hasiera batean argi zeukan bakarra “ezarritako helburua” zen eta beharrezkoak zituen datuak bildu zituen heinean “proiektuaren izaera” definitu zuela azaltzen du.
– Nola azalduko zenuke zure proiektua?
Datu-bilketa luze bat da non trafikoaren intentsitateak, denboraren araberako banaketak eta ibiligailuen ezaugarriak bildu diren. Datu hauekin eta algoritmo konplexu baten bitartez trafikoan sortzen diren isuri atmosferikoak kalkulatu dira, orduro, Euskadi osoan 2003-2012 urteen bitartean. Denbora tarte horretan lurraldearen trafikoa aztertu da eta trafiko portaeraren araberako patroiak zehaztu dira. Patroi horiekin hainbat emisio-eredu kalkula daitezke, errepide motaren arabera, hilabetearen eta asteko egunaren arabera eta ibilgailu motaren arabera (arinak eta astunak). Gainera, patroi horiekin programa informatiko bat sortu da etorkizunean aldaketa txiki batzuekin erabil ahal izateko, beraz, tresna erabilgarria da oso.
– Zeintzuk dira zure proiektuaren aplikazioak?
Ikerketa-taldeak erabiltzen duen modelo fotokimikoan, alegia, tresna informatikoan, sartzea da aplikazio nagusia. Modelo hauek informatikoki kutsadura atmosferikoko jazoerak simulatzen dituzte, eta behar dituzten datuen artean: datu fisiografikoak, kimikoak, meteorologikoak, etab, emisio datuak ere beharrezkoak dira. Bestalde, kontuan izanda proiektuak trafiko egoerak modelatzen dituela ere, beste ikerketetan erabil daiteke trafikoaren egoerak biztanleriari eragiten dion inpaktuak aztertzeko, esate baterako, ikerketa epidemiologikoetan.
– Tankera honetako lan gehiagorik ba al dago? Zertan ezberdintzen da zurea?
Gaur egun EAEn ez da existitzen mota honetako proiekturik. Eskala handiagotan badira mota bereko lanak baina ez dute unibertsitatetik eskatzen diren baldintzak betetzen: espazio-denbora parametroak, nire proiektuak, ordea, hauek kontuan hartzen ditu. Euskal Herriko Unibertsitatean ez zegoen ezaugarri horiek betetzen zituen trafiko isurien inbentariorik eta, horregatik, proiektu hau egiteko beharra sortu zen, Euskal Herriko Unibertsitatean ez zegoen horrelako tresnari.
– Kezkagarria da erkidegoko kutsadura maila?
Ez naiz ikerketa-taldean dauden ikertzaileak bezain aditua, baina egia da gaur egun kutsadura atmosferikoan agertzen diren arazoen artean hirietako kutsadura dagoela, eta horren jatorriaren parte bat ibilgailuen isuri atmosferikoetan dago. Adibidez, estatu mailan, Madrilgo kasua da ezagunenetarikoa, baina ez da bakarra. Pariseko udalak 2020. urterako trafiko murrizketak proposatu ditu, hortaz, trafikoaren emisio atmosferikoen arazoaren erakusle dira. Euskadi mailan airearen kalitatea hobetu da orain dela 10 urte izandako egoerarekin alderatuta. Hala ere, aipatu beharra dago udan, Europa Batasunak zehazten dituen osasunerako arriskutsuak diren balioak gainditzen direla airearen kalitatea neurtzen duten EAEko hainbat estazioetan.
– Zerk eragiten du kutsaduran autoez aparte?
Euskadiko trafikoaren emisioak ez dira kutsatzaile bakarrak, industria-emisio zein naturalek ere garrantzia handia dute. Hala ere, eragiten dute beste hainbat faktorek kutsaduran, kutsatzaileen dispertsio atmosferikoa, beste konposatu kimikoekin erreakzionatzeko joera, airearen kalitatea, etab.
– Zeintzuk dira trafikoaren isurien ondorioz kutsadura gehien jasotzen dituzten puntuak? Noiz?
Nire proiektuak kalkulatzen duen kutsadura, oinarrizko kutsadura da, hau da, gune igorletik zuzenean isurtzen diren kutsatzaileak kalkulatu ditut. Arlo honetan, kutsadura gehien Bilbo eta Donostia inguruan metatzen da, baita errepide nagusietan ere, N-1, AP-8, eta AP-68 errepideetan. Bertan kalkulatu dira nitrogeno oxidoen, konposatu organiko hegazkorren eta karbono monoxidoaren eta partikulen kantitate gehienak. Ikerketan aztertutako epean, isuri gehienak 2004an eman ziren. Nahiz eta trafikoaren maximoa 2008an ematen den, emisioak urtez urte 2004tik aurrera gutxitu egin dira.
– Nola lortu zenituen proiektua burutzeko beharrezko datuak?
Zorionez bildu dudan informazio gehiena EAEko trafikoarekin du zerikusia, eta informazio hori biztanleriaren eskura dago. Trafikoaren konpetentzia foru aldundiek dutenez, haiei eskatu behar izan nien informazio gehigarria izateko. DGTren informazioa ere behar izan dut ibilgailuen parkea ezagutzeko, eta kuriositate gisa, erabili ditudan emisio faktoreak Erresuma Batuko Gobernuko proiektu batetik bildu ditut. Emisio faktoreak, ibilgailu-motatarako isuriak kalkulatzeko aukera ematen duen funtzioak (formulak) dira.
Egileaz: Adrian Alvarez kazetaria da.
1 iruzkina
Ekainaren 5ean Bilbon, Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan Ingeniaritza Kimikoko titulua jaso duen Eduardo de la Torre Pascualek 2015eko Karrera Amaierako Proiektu Onenarentzako Accenture Saria jaso zuen 2003tik-2012ra Euskadiko Autonomia Erkidegoko errepide bidezko garraioak eragindako gas-isurketa kutsatzaileei buruzko lehen inbentario sistematikoa egiteagatik.