Segundo tartekatu bat

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Minutu batek ez ditu beti 60 segundo. Noizean behin segundo bat gehitu behar diogu gure erlojuari, ematen duen ordua denbora astronomikoarekin doitzeko. Honen arrazoia ulertzeko, lehendabizi jakin behar dugu Lurrak modu egonkor baina ez guztiz konstantean errotatzen duela bere buruaren inguruan eta Eguzkiaren inguruan. Ilargiaren Marea-indarrengatik, plaka tektonikoen mugimenduengatik eta beste zenbait faktorerengatik, Lurrak bere abiaduraren balaztatze bat jasaten du batzuetan, guretzat gauza sumaezina bada ere.

segundo tartekatua
1 Irudia: time.gov web-orriko UTC erlojua 2012ko ekainaren 30ean, azkenengoz segundo bat tartekatu zenekoa.

Orain dela gutxi arte, Lurrak Eguzkiarekiko egiten duen mugimendua zen denbora neurtzeko zegoen metodorik zehatzena. Lurrak Eguzkiaren inguruan bira bat ematen duenean, urte bat igaro dela esaten dugu eta Lurrak bere buruaren inguruan bira bat egiteko behar duen denborari egun deritzogu (Ikus gehigarria). Eguna 24 ordutan, ordua 60 minututan eta minutua 60 segundotan banatzen baditugu, segundo bat egun baten 1/86400-rena dela esan daiteke. Definizio honi denbora astronomikoa edo Eguzki-denbora deritzo.

2. irudia: St. Rémy de Provenceko Eguzki-erlojua.
2. irudia: St. Rémy de Provenceko Eguzki-erlojua. (Argazkia: Wikipediatik hartuta, domeinu publikokoa)

1967. urtean, zientziaren aurrerapenei esker, denbora neurtzeko metodoa aldatu egin zen eta askoz zehatzagoak diren erloju atomikoak erabiltzen hasi ginen. Erloju atomikoetan, segundo bat Zesio atomoaren 133 isotopoak (133Cs ikurdunak taula periodikoan) 9.192.631.770 oszilazio egiteko behar duen denbora moduan definitzen da. Honi UTC, Coordinated Universal Time edo Denbora Unibertsal Koordinatua deitzen zaio. Oso erloju zehatzak dira, 20 milioi urtean segundo bakar bat atzeratzen edo aurreratzen baitira.

3. irudia: 3 Irudia: Bohrn-en eredu atomikoaren interpretazio grafikoa.
3. irudia: Bohrnen eredu atomikoaren interpretazio grafikoa. (Argazkia: www.timeanddate.com)

Arazo bat sortzen da ordea denbora neurtzeko bi metodo hauek aldaratzen ditugunean. Lurrak bere biraketan noizbehinka jasaten duen balaztatzearen ondorioz Eguzki-denboran definitutako egunaren, eta beraz segundoaren, iraupena aldatu egiten da eta UTCarekiko desfasatu egiten da. Desfase edo diferentzia hori ekiditeko, segundo tartekatu bat gehitzen zaio noizbehinka UTCari.

Noiz?

Ezin dugu aurresan noiz gertatuko den bi denboren arteko desfasea, Lurraren balaztatzean eragiten duten faktoreak urtetik urtera ezberdinak izan ahal baitira. Halere, Eguzki-denboraren eta denbora unibertsal koordinatuaren arteko ezberdintasuna handiegia ez bada, ez da segundo tartekaturik sartzen. Ezberdintasuna handia bada (0.9 segundo baino handiagoa), erloju atomikoei segundo bat gehitzen edo kentzen zaie denbora eskala fisikoa eta astronomikoaren hurbiltasuna bermatzeko. Orain arte segundoak gehitu egin behar izan dira beti, baina gerta daiteke kendu egin behar izatea. Normalean Lurrak abiadura-murrizketak jasaten ditu (balaztatzeak) baina gerta daiteke azelerazioak egotea ere.

IERSak (International Earth Rotation and Reference Systems Service) erabakitzen du noiz erabili zehazki segundo tartekatua. Normalean, bi denboren arteko ezberdintasuna 0.6 segundora heltzen denean egin ohi da, 0.9 segundoko limitera heldu aurretik. Egokitzapen hau 1972ko ekainaren 30ean egin zen lehengo aldiz, eta 2012ko ekainaren 30ean azkenengoz. Orain arte 25 segundo gehitu zaizkio denbora unibertsal koordenatuari (ikus 1. taula), tartekatzea ekainaren 30ean zein abenduaren 31an egin ohi delarik. Hurrengo segundo tartekatua aurtengo ekainaren 30ean izango da.

sengundo tartekatuen taula
Taula: Orain arteko segundo tartekatuen laburpena.

Nola eragiten dio bizitzari?

Segundo tartekatuak ez dauka inolako eraginik gehiengoaren eguneroko bizitzan, segundo bat nabarigaitza da guretzat. Baina UTCren segundo tartekatuen irregulartasunak eta aurresateko ezintasunak arazoak sor ditzake arlo askotan, bereziki konputazioan. Adibidez, iraganeko bi UTC orduen arteko denbora kalkulatzean, denbora tarte horretan egondako segundo tartekatuen kopurua jakin behar da. Horrek behartzen gaitu segundo tartekatu bat gehitzen/kentzen den bakoitzean eguneratzen diren taulak izatera. Hau da, gailuetan dauden erlojuak ezin dira beregain aritu, egokitzapena eskuz egin behar baita. Bestalde, etorkizuneko UTC orduak kalkulatu nahi direnean, lortutako denboraren zehaztasuna ezin da bermatu (etorkizunean segundo tartekaturik egongo den ala ez jakitea ezinezkoa baita).

Horregatik, badaude segundo tartekatua deuseztatu nahi dutenak. Erabaki honek arazoa atzeratu besterik ez luke egingo, ordea. Mende batzuen buruan eguerdia (Eguzkia lekuko meridianotik igarotzen den unea) ordu batzuk beranduago izango litzateke eta erlojuek emaniko orduak ez luke zerikusirik Eguzkiak zeruan duen kokapenarekin. Segundo tartekatua deuseztatu nahi dutenek erdibideko proposamen bat egin dute: desfasea ordubetekoa izan arte itxarotea eta orduan, ordubeteko aldaketa egitea, hau gutxi gorabehera 600 urtean behin gertatuko litzatekeelarik. Egun, Telekomunikazioen Nazioarteko Batasuna segundo tartekatua mantentzea edo deuseztatzea erabakitzekotan dabil, baina badirudi ez dela oraindik akordiorik lortu.

Gehigarria – Egunaren iraupena: Zenit puntua gure gaineko norabide bertikal moduan definitzen bada (ikusi irudia), eta lekuko meridianoa zeruertzaren iparraldetik hegoaldera doan eta zenitetik igarotzen den erdi-zirkulua moduan definitzen bada, egun astronomikoa lekuko meridianotik Eguzkia bi aldiz jarraian igarotzen den arteko denbora da. Baina horrek esan nahi du egun guztiek ez dutela iraupen berdina, hau da, ez dituztela beti 24 ordu (Ikus: Azkargorta, 2015). Periheliotik gertu (Eguzkia eta Lurra gertuen daudeneko puntuan), Lurra azkarrago higitzen da Eguzkiaren inguruan Kepplerren 2. Legearen arabera, eta beraz egunak laburragoak dira udan (24 ordu ken 22 segundo) neguan baino (24 ordu gehi 30 segundo). Honek batez besteko Eguzki-eguna definitzera garamatza, 24 orduko eguna. Lurraren errotazio-abiaduraren aldaketa horiek ezagunak dira eta kontrola daitezke. Badira, ordea, ezin aurresan daitezkeen aldaketak.

4. irudia: Zeru esferaren posizio batzuen definizioak.
4. irudia: Zeru esferaren posizio batzuen definizioak. (Argazkia: http://hildaandtrojanasteroids.net)

Egileez: Naiara Barrado Izagirre (@naierromo) UPV/EHUko Fisika Aplikatuko irakaslea da eta Zientzia Planetarioen Taldeko kidea. Itziar Garate Lopez (@galoitz) Fisikan doktorea da eta UPV/EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko kidea.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.