Karmele Artetxe 1976. urtean jaio zen Zamudion. Historia ikasi zuen arkeologian aritu nahi zuelako. Behin ikasketak bukatuta arkeologiarantz bideratu zuen ikusmira eta lana. Arkeologo lez aritu zen baina esperientzia ez zen suertatu uste zuen bezala eta, Euskal Herriko Unibertsitatean irakasle ordezkapen bat egin ondoren, sorrerako asmoa birbideratu zuen. Arkeologiatik at zeregina bazegoela ikusi zuen eta, haren esanetan, “bizitza akademiko ezohiko bati eman zion hasiera”.
Karmele Artetxe, doktorego-tesia egiteko erabakia hartu eta ikerketari ekiteko diru-laguntza eskatzen zuen bitartean, 2001. urtean UEUko Euskal Komunitate Zientifikoaren datu-basean hasi zen lanean, Inguman. Diru-laguntzarik ez zuenez lortu, euskal komunitate zientifikoaren goi-mailako lanen erreferentziak biltzen jardun zuen lau urtez Inguma datu-basean. Gerora, egindako lan horretatik abiatu zuen tesia.
2004. urtean ikerketarekin bere kabuz aurrera egitea erabaki zuen. Ikertzeko laguntza bat eskuratu bitartean, bi urtez bizirauteko aurrezkiak zituela aurreikusirik, bildutako euskarazko produkzio zientifikoaren datuak ustiatzera ekin zion. Sinetsia zegoen Inguma datu-baseak eskaintzen zituen zenbakien atzean prozesuak zeudela eta, hori oinarri hartuta, euskarazko goi-mailako produkzio zientifikoaren argazkia ateratzea helburutzat hartu zuen. Eta lortu zuen irudia gauzatzea.
2010. urtean historian doktoratu zen “Komunitate zientifiko euskalduna. Azterketa historiko eta bibliometrikoa” tesia defendatuz. Tesia bukatu ondoren UEUko zuzendaria izendatu zuten eta 2011n Euskal Herriko Unibertsitatean irakasle atxiki plaza lortu zuen. Egun, Karmele Artetxe hezkuntzaren teoria eta historia irakasten du UPV/EHUn eta Euskal Herri Garaikideko Historia Sozialaren eta Politikoaren Ikerketa-taldeko ikertzailea da. Ikerketak zirrara berezia eragiten dio eta etorkizunean ere, emozioa sortzen dion zerbaitetan ikusten du haren burua ikertzen.
.- Zein helbururekin abiatu zenuen tesia Inguma datu-basetik?
Tesian nahi nuen Ingumako datuak ustiatu. Datu-basean zeuden datu batzuk, ezezagunak ziren guztiz ordura arte. Euskarazko produkzioaren gaineko ikerketak apenas zeuden eta Ingumak eman zezakeen halako perspektiba bat, euskarazko produkzioaren panorama bat. Nik hor neukan gogoa eta asmoa eta horri ekin nion.
Sartu nintzenean lanean Inguma datu-basean ez nuen imajinatzen hor tesi bat egon zitekeela, hainbatek esan bazidan ere hor bazegoela zer ikertu ez nuen ikusi lehen momentuan baina urteekin konturatu nintzen haren potentzialtasunaz. Ikusi nuen beste hainbat gauza ere egin behar zirela. Ikusten nuen zenbaki horien atzean egon behar zirela azaldu beharreko prozesuak. Prozesu horiek aztertzea ere, historialaria izanik, garrantzitsua iruditzen zitzaidan.
Tesiaren helburua izan zen euskarazko produkzio zientifikoaren argazki bat egitea eta prozesu horren deskribapen orokor bat egitea.
.- Zelakoa izan zen tesiaren garapena?
Orain, atzera begiratuz, ikusten dut nik zenbait tesi egin nahi nituela. Tesiak bi esparru zituen, azterketa bibliometrikoa egin nuen eta egin nuena baino askoz sakonagoa egin zitekeen, baina Euskal Herriko Unibertsitatean ez zegoen departamenturik azterketa bibliometriko bati buruzko doktorego-tesi bat matrikulatzeko. Bestalde, nik tesia matrikulatuta nuen Historia Garaikideko departamentu batean eta nire formazioarengatik ere ezin nuen tesian historia ukitu gabe utzi.
Unibertsitateak ez du tradiziorik azterketa bibliometrikoetan eta hauek erkatzeko azterketa soziologikoekin. Nik nahi nuen hori egin eta egindako elkarrizketa guztiak gordeta utzi nituen gerora ekiteko horri, baina jada berandu da, izan ere datuak ez dute zerikusirik gaur egungoarekin eta hor gelditu da, kaxoi baten. Baina egunen baten irekiko dut kaxoi hori bertan gordeta dauden datuen berri emateko.
.- Zer islatzen du euskarazko produkzio zientifikoari atera zenion argazki hark?
Badaudela, neure ustez, harritzeko eta pozteko lorpenak. Euskarak egin duen ibilbide laburrean, hamarkada gutxitan zenbait sinergien ondorioz lortzen da erabiltzea erregistro jasoenean eta ez da ohikoa, ez Europako ez munduko hizkuntzetan halako hizkuntzak erregistro akademikoetara heltzea. Eta, alderdi horiek azpimarratzen ahalegindu nintzen nire tesian.
Euskarazko kulturgintzak izugarrizko pisua izan duen hori lortze bidean baina unibertsitatean, eta bereziki UPV/EHUn sartu izan ez balitz ez zen izango hain ibilbide arrakastatsua. Nik uste dut gauza bakoitza esan egin behar dela. Zer gertatzen da guzti honetan? Ba agian kulturgintzak ez duela jaso halako aitortza egindako ibilbidearengatik eta ematen du, behar bada, unibertsitatean egin dena dela oinarria.
Ikertzaile moduan fenomeno oso interesgarria da euskararen fenomeno hau, nola heldu den unibertsitatera eta komunikazio zientifikoaren zirkuitua eratzera.
.- Irakaslea zara baina ikerketan ere ari zara, zertan datza egungo ikerketa lerroa?
Egun mantentzen dut tesiarekin abiatu nuen lerroa baina beste lerro batzuk ere ireki ditut. Orain Euskal Herri Garaikideko Historia Sozialaren eta Politikoaren Ikerketa-taldeko kidea naiz eta bertan Euskal Herriko egungo historia aztertzen dugu eta bereziki XIX. eta XX. mendeko nazionalizazio prozesuak. Eta horren baitan nik ikertzen dut hezkuntza bidezko nazionalizazioa. Hau da, eskolak nola herritartzen gaituen, zein naziotako herritar bilakatzen gaituen. Historiako diziplinarekin uztartuagoa dago hau.
Bertan uztartzen ditut irakasten dudana, hezkuntzaren historia dela, eta ikerketa-talde kontsolidatu batekin haren ikerketa ildoa. Oso ildo interesgarria da eta neurri batean baduenak harremana egindakoarekin. Orain arte, gehien bat, unibertsitate mailako hezkuntzaren historia aztertu dut eta orain, gehiago da eskolaren historia eta bereziki nazionalizazio prozesua. Gai klasiko bat da baina gutxi landua.
.- Gaur ikerketa-talde kontsolidatu baten baitan ikertzen duzu eta honek ez du zerikusirik tesia egin zenuen egoera harekin. Nolakoa da beraz ikerketa-talde baten barruan ikertzea?
Talde baten egoteak asko egiten du. Baliabideak dituzu ikerketarekin aurrera egiteko. Orain ikertzea gozamena da. Gauzak argi daude, ikerketa-talde baten baitan zaude, talde bat duzu lan egiteko, azpiegiturak eta errekonozimendua. Batzuetan daukat sentsazioa ez dudala nahikoa denbora ikerketarako.
.- Ikertzailea zara baina baita ere irakaslea. Zer eskaintzen dizu irakaskuntzak?
Asko gustatzen zait irakasle lana, errealitatearen zentzua ematen dizu. Irakaskuntza da nik hartzen dudan konpromiso bat gure komunitatearekin. Izan ere, gure fakultatetik ateratzen diren pertsonek ezinbesteko funtzio bat izango dute gizartean eta horretan partea hartzea oso inportantea da niretzat. Beti kontzientzia horrekin egiten dut lan.
Pentsatzen dut aurrean dudan ikasle hau nire seme-alaben irakasle izan daitekeela etorkizunean eta horrek konprometitua sentiarazten nau egiten dudan lanarekin.
.- Non ikusten duzu zure burua hemendik urte batzuetara?
Imajinatzen dut egonkortasun laboral erabatekoa lortuta edukiko dudanez, ikerketan ere askoz gehiago murgilduta egongo naizela. Ikusten dut nire burua beti emozioez ukituta, beraz zirraraz betetzen nauen zerbait ikertzen egongo naiz. Bai, ikerketan askoz gehiago murgilduagoa egongo naiz etorkizunean, beraz, pozago.
Egileaz:
Uxune Martinez (@UxuneM), Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zuzendaria da eta Zientzia Kaiera blogeko arduraduna.
3 iruzkinak
Karmele Artetxek egindako lanaren emaitza, besteak beste, “Einstein Euzkadin. Gerraureko zientzia eta goi mailako kultura euskaraz” liburuan ezagutu daiteke. Horren berri eman zuen, Euskadi Irratiko Arratsean saioan.
Eta Iñaki Etxeleku kazetariak ere Berrian eman zigun lan honen berri: “36ko gerra aurreko zientzia testuak aztertu ditu Karmele Artetxek“.
[…] zuen euskaraz Euzkadi egunkarian, “Einsteinen ustariak” izenburua zuten artikuluen bidez [3]. Karmele Artetxe ikertzaileak bere azken lanean [4] aipatu zuen moduan, hau izan zen “fisikari buruz euskaraz […]
[…] euskaraz liburuak, besteak beste, 36ko gerra aurreko zientzia testuak biltzen ditu. Argitalpena Karmele Artetxe ikertzaile eta irakaslearen doktorego-tesian oinarritzen da, bertan euskarazko produkzio […]