Zura, eraikuntzarako material aproposa

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Europako iparraldean asko erabiltzen da zura etxeak egiteko. Alemanian, Norvegian, Suedian edota Danimarkan ohikoak dira egurrezko etxebizitzak hango klima hemengoa baino askoz gogorragoa izan arren.

Euskal Herrian hazi egin bada ere zuraren erabilera etxeak eraikitzeko orduan, hormigoia eta altzairua nagusi dira oraindik. Baina zuraren erabilerak hainbat abantaila ekartzen ditu eraikuntzaren alorrera. Hori ondorioztatu du eraikuntzarako egiturak eta materialak (hormigoia, altzairua eta zura) hamar urtez ikertzen daramatzan UPV/EHUko IT 781-13 ikerketa-taldeak.

Carpenter measuring frame of unfinished house, low angle view

Euskal Herriko Unibertsitateko IT 781-13 ikerketa-taldea Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko zenbait irakaslez eta ikerlariz osatuta dago eta azken urteotan eraikuntzarako sistemen eta materialen jasangarritasuna aztertu dute. Batez ere hormigoiz, altzairuz eta zurez egindako egiturak izan dituzte aztergai. Zura izan da azken ikerketaren oinarria eta egindako lanak ondorioztatzen du material hau erresistentzia eta arintasun handikoa dela eta, berriztagarria izateaz gain, fabrikazio-prozesuan energia gutxi kontsumitzen duela.

UPV/EHUko IT 781-13 taldeko Mikel Zubizarretak dioenez, abantaila ugari ditu zurak eraikuntza-lanetarako: “Beste material batzuek baino erresistentzia txikiagoa izan arren egituretarako, energia-eraginkortasun hobea du eta ondorioz, isolatzaile hobea da. Horrez gain, dentsitate baxuagoa du beraz pisu txikiagoa hartzen du egiturak”. Hala ere, hormigoia eta altzairua baino askoz gutxiago erabiltzen da zura eraikuntzan eta ikertzaileen ustetan arrazoia kulturala da. Mikel Zubizarreta ikertzailearen esanetan: “Jendeak errezeloa dio zurezko etxeetan bizitzeari: material organikoa da, ez da hormigoia eta altzairua bezain gogorra, su har dezake…”.

Beldur horiei aurre egiteko egun badaude egurraren iraunkortasuna areagotzen duten tratamendu oso onak eta suaren aurkako portaerari dagokionez, Eraikuntzaren Kode Teknikoaren arauak (EKT) zehazten du nola diseinatu behar den egitura. Eta bada kontutan hartu beharreko beste ezaugarri bat, berriztagarria da zura.

Zurezkoa izateak, ordea, ez du berez egiten etxe bat besteak baino jasangarriagoa. Zubizarretak dionez: “Ingurumenaren aldetik zura hormigoia eta altzairua baino jasangarriagoa da baina jasangarritasunak baditu beste bi hanka ere: gizarte-erantzukizuna eta ekonomiaren garapena. Bi hanka horiekin ez badu bat egiten zuraren kudeaketak, alferrik ari gara. Etxe bat egiteko zura Australiatik ekartzen bada, adibidez, garraioak izugarri areagotzen ditu CO2-aren emisioak eta, bestalde, ez da hemen lanposturik eta aberastasunik sortzen. Beraz, ezin esan horrela egiten den etxea altzairuzkoa edo hormigoizkoa baino jasangarriagoa denik”.

Egituren jasangarritasuna neurtzeko tresna berri bat

IT 781-13 taldeak zurezko egituren ingurumen jasangarritasuna neurtzeko tresna bat garatu du , MIVES ikerketa-metodologia jarraituz. Zenbait irizpide eta adierazle kontuan hartuta Zurezko egituren Ingurumen Jasangarritasun Indize bat eratzeko erabili da metodologia. 2008an Hormigoizko Egiturek Ingurumenarekiko duten Ekarpen Indizea ikertu zuen taldeak eta 2011n Altzairuzko Egituren Indizea.

Erreferentzia bibliografikoa:
J. Cuadrado, M. Zubizarreta, B. Pelaz, I. Marcos: ‘Methodology to assess the environmental sustainability of timber structures’ in Construction and Building Materials, July 2015, pages 149-158.

Iturriak:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Zura eta etxegintza, abantaila ugariko uztarketa.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.