Hatz-markak aldatzen dira denborarekin, baina ez hainbeste

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Zientifikoki frogatuta dago nork bere hatz-markak dituela eta gainontzekoengandik desberdinak direla, baina oso ikerketa gutxi egin da iraunkortasunaren inguruan: aldatzen al dira denboraren poderioz? Galdera horri erantzuteko, gaiaren inguruan inoiz burutu den azterketa zabalena egin dute Michigango Estatu Unibertsitatean, 15.000 lagun baino gehiagoren laginei esker.

Nortasun agiria egitean, AEBtako aireporturen batera iristean, bai eta, goi mailako segurtasuna duten zenbait egoitzatako atea ireki behar denean ere, hatz-markak dira gure sarbidea. Ustez, gure apartekotasuna, pertsona hori garela, bat eta bakarra garela… egiaztatzen duten adierazle objektiboa dira. Zientifikoki nahikoa frogatuta dago nork bere hatz-markak dituela eta gainontzekoengandik desberdinak direla, baina orain arte oso ikerketa gutxi egin da iraunkortasunaren inguruan. Hau da, gure hatz-markak berberak izango al dira orain eta hamar urte barru? Aldatzen al dira?

Zalantza hori argitzeko, hatz-marken identifikazio sistemaren gainean inoiz burutu den azterketa zabal eta zorrotzena egin berri dute Michigango Estatu Unibertsitatean (AEB), Soweon Yoon eta Anil Jain ikertzaileen eskutik. Azken honek azaldu bezala, “aspalditik legelariak eta auzitegiko zientzialariak gogaitu dituen galdera horri erantzun nahi genion. Maila anitzeko modelazio estatistikoa baliatuta, ondorioztatu dugu hatz-marken identifikazioaren zehaztasuna egonkor mantentzen dela denbora igarota ere”. PNAS aldizkarian eman dute emaitza horien berri.

1. irudia: Hatz-marken iraunkortasuna neurtzea izan da ikerketa honen helburua. (Argazkia: Kevin Dooley / CC BY 2.0)
1. irudia: Hatz-marken iraunkortasuna neurtzea izan da ikerketa honen helburua. (Argazkia: Kevin Dooley / CC BY 2.0)

Ondorio horietara iristeko, Michigango Estatu Poliziaren datu-basea baliatu dute bi ikertzaileok. Baldintza zehatz batzuk betetzen dituzten 15.597 lagunen hatz-markak baliatu dituzte: gutxienez bost aldiz fitxatuak izan behar zuten, bost eta hamabi urte arteko denbora tartean. Horrela, aukera izan dute pertsona horien guztien hatz-markek urteen poderioz aldaketarik izan ote duten aztertzeko. Denbora tarte horietaz gain, hatz-marken jabeen adina, sexua, etnia eta laginaren kalitatea izan dituzte kontuan, iraunkortasunean eragin dezaketen balizko faktore gisa.

Hori horrela, atzamar beretik ateratako laginak alderatuz gero, zenbat eta denbora luzeagoa igaro den lagin batetik bestera, orduan eta gehiago murrizten da identifikazio sistemak ematen duen bat-egite emaitza. Hala ere, baliagarria izaten jarraitzen du: bat-egiteak beheranzko joera du, baina normalean, nahikoa fidagarria da, errore marjinak txikia izaten segitzen baitu. Are gehiago, joera egonkortu egiten da zenbat eta denbora gehiago egon bi laginen artean: proportzioan, hamabi urte igaroz gero, laginaren iraunkortasuna sendoagoa da bost urte pasata baino, adibidez.

2. irudia: Guztira 15.000 lagun baino gehiagoren hatz-markak aztertu dituzte. (Argazkia: Alan Levine / CC BY 2.0)
2. irudia: Guztira 15.000 lagun baino gehiagoren hatz-markak aztertu dituzte. (Argazkia: Alan Levine / CC BY 2.0)

Bestalde, bat-egite faltsuak ere aztertu dituzte lan honetan. Batzuetan, bi lagunen hatz-markak oso antzekoak izan daitezke, eta sistemak esan pertsona berarenak direla, nahiz eta ez hala izan. Hori oso gutxitan gertatzen da, eta gainera, Michigango bi ikertzaileok egiaztatu dutenez, kasu honetan denbora ez da faktore garrantzitsua. Bat-egite faltsuen proportzioa berdintsu mantentzen da, aztergai diren bi laginen arteko denbora-tartea handituta ere.

Hatz-marken iraunkortasunari eragin diezaioketen faktoreak xehatuta, artikuluan azaltzen denez, irudiaren kalitatea da arazorik handiena. Izan ere, aztergai diren bi laginetako bat edo biak kalitate txarrekoak badira, orduan bai, jaitsiera nabarmena antzematen da bat-egite emaitzan. Horrez gain, denbora-tartea bera eta hatz-markaren jabearen adina ere badira kontuan izateko faktoreak; ez, ordea, sexua edo etnia, bi balizko faktore horien inpaktua hutsaren hurrengoa dela egiaztatu baitute.

Erreferentzia bibliografikoa

Soweon Yoon, Anil K. Jain. Longitudinal study of fingerprint recognition. PNAS 2015; published ahead of print June 29, 2015. doi: 10.1073/pnas.1410272112


Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

3 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.