Deba ibarreko industrializazioa, berrikuntzaren beste eredu bat

Argitalpenak · EHUko ikerketa

Euskal Herriaren industrializazio prozesuak 1842. urtean eman zituen lehen pausoak Bizkaiko meatzaritzaren eraginez. Bizkaiko gune nagusi hartatik hedatu zen industrializazio prozesua Euskal Herriko gainerako lurraldeetara, Gipuzkoara bereziki. Bizkaiari dagokionez, Bilbo aitzindari eta bide-erakusle izan zen industria sailean. Gipuzkoan ez zen halakorik gertatu: industrializazio prozesua lurralde osoan hedatu zen, enpresa txiki eta ertainak sortuz.

Gipuzkoako Deba ibarreko industrializazio prozesua Bilboko itsasadarraren inguruan jazotakoaren aldean desberdina dela baieztatu dute UPV/EHUko Historia Garaikidea Saileko Demografia Historikoa eta Historia Hiritarra Taldeko ikertzaileek. Gipuzkoako bost udalerri aztertu dituzte: Eibar, Arrasate, Bergara, Soraluze eta Oñati, Gipuzkoako gainerako herrietan gertatutakoa azaltzeko. Azterketaren emaitzen adierazten dute, Bilboko itsasadarren eta Deba ibarreko prozesuek badituztela antzekotasunak baina Gipuzkoan izandakoa berrikuntzari aurre egiteko bestelako eredu bat izan zela.

Irudia: Bergarako San Antonio kotoi-fabrika. (Argazkia: Auñamendi Entziklopedia)
Irudia: Bergarako San Antonio kotoi-fabrika 1846. urtea eraiki zen eta XIX. mendean Debagoienako ekonomiaren eragilea izan zen. (Argazkia: Auñamendi Entziklopedia)

Manuel González, Jose Urrutikoetxea eta Karmele Zarraga UPV/EHUko irakasleek Deba ibarrean, 1860 eta 1930 urteen artean, lehenengo industrializazioa delakoan, bizi izandako aldaketetan sakondu dute eta emaitzak La «otra industrialización» en el Pais Vasco. Las pequeñas y medianas ciudades: capital humano e innovación social durante la primera industrialización liburuan argitaratu dituzte.

Euskal Herriko industrializazioa kokapen geografiko guztiz desberdinetan garatu zen. Bizkaian Bilboko itsasadarrari dagokion ingurunean gauzatu zen batez ere eta, bestalde, Gipuzkoa eta Bizkaia ekialdeko udalerrietan. Azken horietan, industrializazioa hirigune txiki sakabanatuetan abiatzen da, eta apurka-apurka hiri industrial txiki eta ertain bilakatuko dira hirurogeita hamar urtetako tartean. “Beste industrializazioa” izendatu dute arestian aipatutako prozesua eta hau, herrietan lehenagotik zegoen ekonomia aurreindustrialarekin harreman zuzena du ikertzaileen ustetan. Udalerriotako biztanleen zati handi batek menperatzen zituen XIX. mendeko bigarren herenean erabiltzen ziren lanbideak. “Testuinguru honetan aurreko arotik datorren familia kapitala eta ezagutza teknologikoa batzen dira. Langileak prozesua ezagutzen du, berrikuntzan jarduten du, eta modu horretan ekoizpena hobetu egiten da”, azaltzen dute Manuel González eta Jose Urrutikoetxea egileek.

Industrializazioak Ingalaterran eta Atlantikoko arroan sortzen dituen aurrerapenak eskualde honetara ere heltzen dira eta apur-apurka jarduera ekonomikoan txertatzen dira. Oinarri horietatik sortu zen Deba ibarreko “beste industrializazioa”-ren osagai izan ziren enpresa industrial txiki eta ertainak. “Agerian geratzen da -gaineratzen dute Gonzálezek eta Urrutikoetxeak- industrializazio eredu britainiarra ez dela ezinbestekoa, ez dela bakarra, baliagarria dela beste hori ere, eredu tradizionaletik datorrena, hain zuzen ere”.

Gune industrialak inguruko giza kapitalaz hornitzen dira. Behargin horien artean, gainera, alfabetizazio maila gero eta handiagoa da. Gaztelaniaz gauzatzen dute alfabetizazioa, euren ama-hizkuntza euskara bada ere. Esfortzu gehigarri baten emaitza da eta, zalantza barik, produktibitatean igarriko da, seguruenik. “Ukitu ezin den balioak edo ondasunak dira, baina eragina dute modernizazio prozesuan, izan ere berrikuntza garatzeko langile prestatuagoak agertzen baitira”.

Ikertzaileek hainbat iturri erabili dituzte lan honetarako. Besteak beste, nabarmentzekoak dira 1860., 1900. eta 1930. urteetako erroldei dagozkien laginak. Urte horien artean jazotako aldaketak aztertu dituzte, adierazgarriena da hiru belaunaldiren garapena ikertzeko aukera eskaintzen dutela.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Industrializazioa Deba ibarrean, berrikuntza egiteko beste modu bat.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.