Erlastarrek ez dituzte aldaketak maite

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Animalia batzuek planetaren iparralderantz jo dute klima epeldu ahala, baina erlastarren kasua desberdina da. Intsektu polinizatzaile mota honek zailtasun handiak ditu egokitzeko, eta bere hedapen eremua murriztu egin da azken mendean. Hala ondorioztatu dute Ottawako Unibertsitatean egindako ikerketa batean.

Munduko laborantzaren %30ak baino gehiagok beharrezkoa du intsektuen bidezko polinizazioa aurrera egiteko. Esaterako, fruta eta barazki asko ez genituzke izango, erleek eta enparauek polena garraiatuko ez balute eta, horri esker, loreak ernaltzen lagundu. Intsektu polinizatzaile horietako bat da erlastarra. Apidoen familiako beste animalia batzuk baino klima hotzagoetan bizi dira intsektu genero honetako kideak. Adibidez, Afrikan, Saharatik behera, ez dago erlastarrik; ez eta Arabiar penintsulan, Indian eta Australian ere. Badaude, ordea, lurralde artikoetan bizi diren espezie apur batzuk.

Erleak baino handiagoak diren eta gorputz iletsua duten intsektu hauek ere jartzen dute beren alea polinizazioan, baina arriskuan daude, eta haiekin batera, gure nekazaritzaren zati handi baten etorkizuna ere bai. Izan ere, Ottawako Unibertsitatean zuzendu duten ikerketa batean ondorioztatu dutenez, klima-aldaketara egokitzeko beste animalia batzuek baino are zailtasun handiagoak izaten ari dira erlastarrak. Hala azaldu dute Science aldizkarian argitaratutako artikulu batean.

1. irudia: Erlastarrek ezinbesteko funtzioa betetzen dute polinizazioan. (Argazkia: Tony Wills / CC BY-SA 3.0)
1. irudia: Erlastarrek ezinbesteko funtzioa betetzen dute polinizazioan. (Argazkia: Tony Wills / CC BY-SA 3.0)

Lana burutzeko, azken 110 urtetan Europan eta Ipar Amerikan bildutako informazioa izan dute lehengai. Hori horrela, 67 erlastar espezieren 423.000 behaketa geoerreferentziatuz osatutako datu-base bat izan dute esku artean. Latitudeak zein tenperaturek markatutako mugak eta mugimenduak hartu dituzte kontuan.

Beste animalia batzuek planetaren iparralderantz jo dute klima epeldu ahala, baina erlastarren kasua desberdina dela egiaztatu dute informazio honekin guztiarekin. Izan ere, genero honek Lur osoan duen hedapena hartu eta eremu horren ipar eta hegoaldeko mugak marrazten baditugu, ikusiko dugu iparraldeko lerroak bere horretan jarraitzen duela, nahiz eta klima-aldaketa gero eta nabarmenagoa izan. Ez, ordea, hegoaldeko lerroak: tenperatura gero eta beroagoek gora bultzatu dute beheko muga. Hori horrela, erlastarren hedapen eremua ez da besterik gabe mugitzen ari, estutzen baizik.

Gainera, lurralde epelenetara ohituta dauden erlastar espezieek ere gero eta garaiera handiagoetara jotzen dute biziraun ahal izateko. Esaterako, klima mediterraneoko lurraldeetan, apidoen genero zehatz hau altuera handiagoetan bizi da, klima hotzagoa duten zonaldeetan baino. Tenperatura berotu ahala garaiera handiagoetara jotzen jarraitzen badute, bizitoki gutxi geratuko zaizkie aukeran.

2. irudia: Jeremy Kerr, artikuluaren egile nagusia. (Argazkia: Ottawako Unibertsitatea)
2. irudia: Jeremy Kerr, artikuluaren egile nagusia. (Argazkia: Ottawako Unibertsitatea)

“Erlastarren hedapen eremuaren 300 kilometro inguru galdu ditugu. Galera horien eskalak eta abiadurak ez dute aurrekaririk. Estrategia berriak behar ditugu espezie horiei laguntzeko, gizakiak eragindako klima-aldaketaren efektuei aurre egin diezaieten. Agian, lagundu egin behar genieke iparralderago dauden zonaldeetara igotzen”, iradoki du Jeremy Kerr artikuluaren egile nagusiak.

Bestalde, pestiziden erabilera datuak ere behatu dituzte ikerketa honetan. Modu horretan, zehaztu nahi izan dute ea klima-aldaketaz gain, bigarren faktore honek ere zerikusirik izan ote zezakeen erlastarren hedapen eremuaren urritzean. Ondorioa ezezkoa izan da, ordea. Ottawako Unibertsitateko ikertzaileok azaldu dutenez, hedapen eremuaren hegoaldeko lerroa hasia zen gorantz mugitzen, pestiziden erabilera orokortu baino lehen ere. Gainera, eremuaren hegoaldeko lerroa neurri berean igo da Europa zein Ipar Amerika osoan, nahiz eta latitude bertsuetan dauden zonalde batzuetan besteetan baino pestizida gehiago erabili.

Erreferentzia bibliografikoa

Jeremy T. Kerr et al. Climate change impacts on bumblebees converge across continents. Science, 10 July 2015: vol. 349 no. 6244 pp. 177-180. doi: 10.1126/science.aaa7031


Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.