Haur pobreziak garunean ere uzten du arrastoa

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Baliabide gutxirekin bizi diren haurren garuna, oro har, batez bestekoa baino motelago garatzen da. Batez ere, ikasketa eta heziketa prozesuekin lotura zuzena duten burmuineko ataletan. Hala ondorioztatu dute AEBtako ikerketa batean, 389 lagunen buruko erresonantziak aztertu eta gero.

Oro har, pobrezia jasaten duten haurrek errendimendu akademiko eskasagoa izan ohi dute. Estatistikek eta gaiaren inguruan egindako ikerketa askok frogatzen dute hori, baina orain arte, gutxitan erreparatu zaio alderdi fisiologikoari. Hau da, baliabide gutxirekin bizitzeak izan al dezake inpakturik garunaren garapenean, eta ondorioz, ikasle txarra izateko aukerak areagotu? Horixe aztertu du Michigan eta Wisconsingo unibertsitateetako ikertzaile talde batek, JAMA Pediatrics aldizkarian argitaratu duen artikulu batean.

“Ikusi dugunez, errenta txikiko familietatik datozen haurrek egiturazko desberdintasunak dituzte garunaren zenbait zonaldetan. Hain zuzen ere, eskolan arrakasta izateko hil ala bizikotzat jotzen diren zereginekin zerikusia duten zonalde horietan beretan”, azaldu du Nicole Hair artikuluaren egile nagusiak.

Zehazki, lau eta hogeita bi urte arteko 389 lagunen garunak aztertu dituzte ikerketa honetan, burmuin horiei egindako erresonantzia magnetiko bidezko irudiei (MRI) erreparatuta. AEBtako MRI Datu Pedriatikoen Gordailuan eskuratu dute material hori guztia ikertzaileok.

1. irudia: Charles Dickensek bikain irudikatzen zuen haur pobrezia bere liburuetan. Irudian, Oliver Twist eleberriko ilustrazio bat. (Argazkia: Biblioteca General Antonio Machado / CC BY 2.0)
1. irudia: Charles Dickensek bikain irudikatzen zuen haur pobrezia bere liburuetan. Irudian, Oliver Twist eleberriko ilustrazio bat.
(Argazkia: Biblioteca General Antonio Machado / CC BY 2.0)

Bestalde, lan honetako parte-hartzaileen laurdena baino gehiago zetorren familia pobre edo oso pobreetatik. AEBtako pobreziaren langaren arabera egin da sailkapen hori. Izan ere, adibidez lau laguneko familien kasuan, hilean bi mila dolar baino gutxiagoko diru-sarreratan dago ezarrita muga, baina langa horren %200a baino gutxiago jasotzen duten familiak ere egoera kaskarrean bizi direla estimatzen da. Hori horrela, ikerketa honetako lau lagunetik bat dago %200 horren azpitik.

Errendimendu akademikoarekin lotura duten garuneko zati zehatzei begiratu zieten aipaturiko erresonantzietan: lobulu frontalari, lobulu tenporalari eta hipokanpoari. Lobulu frontalak zerikusi zuzena du arretarekin, inhibizioarekin, emozioen kontrolarekin eta jakintza konplexuarekin. Lobulu tenporalak funtsezko funtzioak betetzen ditu memoria eta lengoaiaren ulermenari dagokionez. Azkenik, espazio eta testuinguruari dagokion informazioa prozesatzen laguntzen du hipokanpoak, eta erlazionatuta dago epe luzeko memoriarekin ere.

Hori horrela, emaitzen arabera, pobreziaren langaren azpitik bizi diren familietako haurren materia grisa behar baino %7-10 murritzagoa zen, adin eta sexu horretako haurren ohiko garapenarekin alderatuz gero. Pobreziaren langa doi-doi gainditzen zuten (langa bider puntu bat eta erdi baino gutxiago, alegia) familietako haurrei dagokienez ere, behar baino hiruzpalau puntu azpitik zegoen materia grisaren bolumena.

2. irudia: kerketaren ondorioak laburbiltzen dituen eskema bat. (Argazkia: University of Michigan)
2. irudia: Ikerketaren ondorioak laburbiltzen dituen eskema bat. (Argazkia: University of Michigan)

Aldi berean, langa bider puntu bat eta erdiko muga horren azpitik zeuden haurrek 4-8 puntu gutxiago eskuratu zituzten ikerketa honetan egindako lorpen testetan. Horrek indartu egiten du materia grisaren bolumenaren eta errendimendu akademikoaren arteko balizko lotura. Ikertzaileok estimatu dutenez, familia pobreetatik datozen haurrek eskola errendimenduan izan dezaketen gabeziaren %15-20 egotzi diezaiokegu lobulu frontal eta tenporalaren garapen eskasagoa izateari.

Ikertzaileok artikuluan adierazitakoaren arabera, “gure lanak iradokitzen duenez, ikaskuntza eta heziketa prozesuetan ezinbesteko zeregina duten garuneko zenbait egiturak ahul jokatuko lukete, pobreziak eragindako zenbait ingurune faktoreren aurrean (estresa, estimulazio eskasa eta elikadura falta). Hala balitz, horrek esan nahiko luke haurrei txiki-txikitatik murrizten zaiela arrakasta akademikoa izateko duten potentziala, kanpo kondizioen ondorioz”.

Ondorio kezkagarria da, baina aldi berean, erakusten du baduela konponbidea. Garuna malgua izaki, eta kanpo faktoreek berebiziko rola betetzen dutela ikusita, haur pobreziaren aurka neurri zorrotzak hartuz gero asko hobetuko litzateke ume horien potentzial akademikoa.

Erreferentzia bibliografikoa

Nicole L. Hair, Jamie L. Hanson, Barbara L. Wolfe, Seth D. Pollak. Association of Child Poverty, Brain Development, and Academic Achievement. JAMA Pediatrics. Published online July 20, 2015. doi:10.1001/jamapediatrics.2015.1475


Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

3 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.