Dickensen idatzi kodetuak deszifratzeko proiektua

Dibulgazioa

Charles Dickens (1812-1870) lan oso ezagunen egilea izan zen: Oliver Twist, David Copperfield, Bi hiriren istorioa edo Eguberri kanta. Idazle ingelesak, asmakizunen zalea izaki, kode propio bat asmatu zuen brakigrafian oinarrituta. Kode horretaz baliatuta, oraindik deszifratu ez diren testu batzuk «idatzi» zituen. Dickensek askotan erabili zuen takigrafia parlamentuko txostenak egiteko, gutunak idazteko eta oharrak hartzeko, baina ez dakigu zein sistema erabili zuen.

Dickens Kodea proiektuak idazle ingelesaren dokumentu takigrafiatu horiek deszifratzea du helburu. Claire Wood Leicesterreko Unibertsitateko (Erresuma Batua) Victoriar Literaturako irakasleak zuzentzen du proiektu hori, eta Hugo Bowles, Foggiako Unibertsitateko (Italia) Ingeleseko irakasleak ere parte hartzen du bertan.

Proiektu horretan ikertzen den testuetako bat «Tavistock gutuna» da, zeina New Yorkeko Morgan Liburutegi eta Museoan dagoen gordeta. Horrela deitzen zaio, Tavistock etxeko idazpurua duen paper batean idatzita zegoelako. Dickens eta bere familia 1851 eta 1860 artean etxe horretan bizi izan ziren.

dickens kodea
1. irudia: ezkerretan, Charles Dickens (Iturria: Wikimedia Commons) eta eskuinean, «Tavistock gutuna». (Iturria: The Dickens Code)

Dickens kodea Tavistock gutuna argitzeko

2021aren amaieran, Wood-ek eta Bowles-ek nazioarteko deia egin zuten gutun misteriotsu horren esanahia argitzen saiatzeko. Eskudirutan emandako sari bat eskaintzen zieten eskutitz horren esanahia erabat edo partzialki argitzen laguntzen zutenei. Izan ere, gutun horrek 150 urte baino gehiago zeramatzan gordeta museoan, eta inork ez zuen aurkitu bere gakoa. Munduko toki guztietako hainbat pertsonak erantzun zioten eskaera horri, eta jasotako ekarpenei esker, partzialki ebatzi da puzzlea. Eta puzzlea diot, edukiaren % 70 inguru pertsona bakoitzak bere aldetik ekarritako piezak elkartuz osatu baita. Hainbat «deszifratzaile amateurrek» testu zati itzuliak proposatu dituzte, eta horrela, ezkutuko esanahiak forma har dezan lagundu dute. «Tavistock gutunean» hainbat esamolde identifikatu dira: «igokunde-eguna», «datorren astean», «iragarkia», «baztertua», «itzulia», «faltsua eta bidegabea» edo «entzunaldi publikoan». Horiek guztiak apurka-apurka egokitzen joan diren pieza horietako batzuk dira, besteak beste, haiei esker aurkitu dira Dickensek aldizkari edo egunkariren batek baztertutako eskuizkriburen bat aipatzen zuen gutunaren data.

Hipotesi hori indartu egin da New Yorkeko museo batean Mowbray Morris The Times egunkariko gerenteak 1859an idatzitako gutun bat aurkitu ondoren. Gutun horretan, gerenteak barkamena eskatzen zion Dickensi, idazlearen iragarpenari uko egin zion langile baten erabakiagatik. Gerentea lege ondorioen beldur izango zen.

Iragarpen hori premiazkoa zen idazlearentzat, sozietate baten desegiteari buruzkoa baitzen: Dickens Household Words izeneko astekari baten jabekidea eta editorea zen. Idazlea haserretu egin zen Bradbury & Evans editoreekin, eta aldizkari berri bat sortzea erabaki zuen; bera izango zen jabe eta editore bakarra eta berak izango zuen kontrol osoa: All The Year Round. Dickensentzat lehentasunezkoa zen bi argitalpenen arteko trantsizioa ahalik eta azkarrena izatea, eta, jakina, aldi berean, Household Words astekariaren irakurleak erakarri nahi zituen bere proiektu berrira.

dickens kodea
2. irudia: Household Words eta All The Year Round aldizkarietako azalak. (Iturria: Wikimedia Commons)

Enplegatuak emandako ezezkoarekin haserre, 1859ko maiatzaren 6an idazlea The Times egunkariko J.T. Delane editoreari zuzendu zitzaion, esku hartu zezan eskatzeko. Eta eskutitz horren kopia kriptiko bat gordeko zuen, lege arrazoiengatik beharbada: horixe da, hain zuzen, «Tavistock gutuna».

Delane-k Mowbray Morris-i pasatu zion Dickensen gutuna, eta hark hartu zuen gaizki-ulertuaren ardura; izan ere, bere langileei agindu zien iragarkiei uko egiteko, baldin eta nolabait gatazkatsuak zirela uste bazuten. Maiatzaren 9an, idazleari barkamena eskatzeko gutun bat idatzi zion, New Yorkeko museoan aurkitutakoa, eta Dickensen iragarkia argitaratzeko agindua eman zuen.

Gutun hori ulertzea, partzialki bada ere, lagungarria izan daiteke hobeto ulertzeko Dickensen metodo takigrafikoa, bere bizitza eta bere obra. Oraindik egilearen eskuizkribu zifratu asko daude itzultzeke. Detektibe lan hori zehaztasun matematikoz egin da, eta, ziurrenik, Akademiako pertsonen ikerketei eta aurkitzeko irrikaz dagoen boluntario baten lankidetzari esker egingo da.

«Tavistock gutunak» Dickensen tratu komertzialen berri ematen digu; gainerako eskuizkribuak Dickensen apaletako liburuen laburpenak, bat-bateko diskurtsoak edo ipuin ezezagunak izan daitezke.

Claire Wood


Egileaz:

Marta Macho Stadler, (@Martamachos) UPV/EHUko Matematikako irakaslea da eta Kultura Zientifikoko Katedrak argitaratzen duen Mujeres con Ciencia blogaren editorea.


Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2022ko otsailaren 16an: El proyecto «Código Dickens»: descifrando la «carta de Tavistock».

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko..