Sophie Germain (1776-1831): Monsieur Le Blancen benetako arima

Uxue Razkin

Eiffel dorrean, habeetan grabatuta ageri diren zientzialari eta ingeniari frantsesen izenen artean ez da emakumerik; bertan ez dago Sophie Germainen arrastorik. Jakina da Gustave Eiffelek burdinazko egitura erraldoia eraikitzeko hainbat zientzialariren laguntza behar izan zuela. Horien ekarpenak saritzeko, xafla batzuetan euren izenak grabatu zituen. 1889an eraiki zen dorrea eta Sophiek egindako ekarria nabarmena izan bazen ere, zerrendatik ezabatu zuten. Garai hartan nagusi zen arau hori: emakumeek zientzia arloan aritzea debekatuta zuten.
1. irudia: Sophie Germain 1776eko apirilaren 1ean jaio zen. Etxean ikasi zuen bere kabuz matematika.

1. irudia: Sophie Germain 1776ko apirilaren 1ean jaio zen. Etxean ikasi zuen bere kabuz matematika.

Bere sexuarekiko aurreiritzien ondorioz, ezin izan zuen matematikako ikasketak burutu. Baina hori ez zen oztopo izan, modu independentean egin baitzuen bere ikasbidea. Zenbakien Teoria ikertu zuen eta ondoren, elastikotasunaren teoria garatu zuen fisika arloan. Garai hartako Lagrange, Legendre eta Gauss bezalako matematikari ezagunekin posta-trukean ibili zen. Hori bai, Le Blanc ezizenarekin sinatu behar izan zituen bere lanak eta gutunak, bere benetako nortasuna ezkutatuz.

Sophie Germain Parisen jaio zen 1776. urtean. 1789an frantses iraultzak eztanda egin zuen. Gurasoek istilu giro horretatik aldentzeko asmoz, etxean izan zuten. Gotorleku horretan, gerora hainbeste maiteko zuen arlora gerturatzen hasi zen: hamahiru urte zituela matematika ikasten hasi zen bere kabuz. Gurasoek eta, oro har, garai hartako gizarte sexistak ez zituen emakumeak onartzen zientzian. Emakume izanagatik, debeku hitza oso goiz ikasi behar izan zuen Sophiek. Hala ere, matematikaria izateko nahiari eutsi zion. Autodidakta izan zen beraz; etxeko liburutegian topatu zituen obrek asetu zuten bere jakin-mina. Lehenik, Arkimedesen heriotza kontakizunarekin lilura etorri zitzaion. Bertan, matematikaria problema bat ebazten zebilen soldadu erromatar bat errenditzeko eskatu zionean. Arkimedes hondarretan marraztutako diagrama bat aztertzen zegoen eta hauxe esan zion soldaduari: “Ez hondatu nire zirkuluak”. Erantzun horren ondotik, soldaduak, ezpata baten laguntzaz, Arkimedes hil egin zuen. Une horretan, matematikariaren pasioaz kutsatu zen guztiz. Goiz ohartu zen Sophie gaztea bere ikasketek matematikaren uhara izango zutela.

Zenbakien unibertso erakargarri horretan gelditu nahi zuen, alde batetik, gustagarri egiten zitzaiolako; bestetik, inguratzen zuten arriskuetatik ihes egiteko aproposa zelako. Aurkitzen zituen liburu guztiak irensten zituen, iluntasunean, ezkutuan. Gurasoei ez zitzaien gustatu pizten ari zitzaion zaletasun hori eta beraz, horren aurrean, jantzi guztiak kendu eta argirik gabe utzi zuten, gauaren erdian ohetik altxa ez zedin. Sophiek, ordea, jarraitu zuen bere ikasbidea, manta batzuetan bilduta eta kandela baten argitan. Bere pasioa benetakoa zela ikusita, gurasoek laster eman zuten amore eta bere alaba laguntzen hasi ziren.

Le Blanc izan zenekoa

Hemezortzi urte zituen Parisen École Polytechnique ireki zutenean. Leku aproposa zirudien matematika ikasketak egiteko baina emakumeek debekatuta zuten espazio hori. Akademia horretan ez zen beharrezkoa eskoletara joatea; hau da, apunteak eskatzeko aukera bazegoen eta irakasgaiekin arazo edo zalantzaren bat izatekotan, gutunak ziren horiek konpontzeko bidea. Orduantxe gertatu zen metamorfosia: Sophiek hartu zuen Antoine-August Le Blancen izena (akademia utzi zuen ikasleetako bat) eta horrekin sinatu zituen gutun guztiak eta ondoren egindako lanak eta aurkikuntzak. Joseph Louis Lagrange irakasleak azkar izan zuen “Le Blancen” lanaren berri; ikasle bikain hori ezagutzeko gogoz zegoen. Baina Sophiek ez zuen bere benetako nortasuna erakutsi nahi. Gutxi iraun zuen sekretuak: laster jakin zuen emakumea zela. Irakaslea zer esan ez zekiela gelditu zen hasieran, baina ez zuen gaizki hartu. Geroxeago, matematikaren arloan urratsak ematen lagundu zion Lagrangek.

Ikasketetatik ikertzaileen mundura egin zuen salto Sophiek. Zenbakien teoria interesatu zitzaion. Zehazki, Fermaten azken teoreman murgildu zen. Honetan, zenbaki lehenetan mota berezi bat aurkitu zuen (egun, “Sophie Germainen zenbaki lehenak” izenarekin ezagutzen direnak). Zenbait urtez egon zen horretan lanean. Pozik gelditu zen egindako ikerketarekin eta Carl Friedrich Gauss zientzialariari bidaltzea erabaki zuen. Kasu honetan ere, Le Blanc goitizena erabili zuen. Gutun-trukeak urte asko iraun zuen.

2. irudia: Gustave Eiffelek burdinazko egitura erraldoia eraikitzeko hainbat zientzialariren laguntza behar izan zuen. Sophiek egindako ekarria nabarmena izan bazen ere, arkitektoak ez zuen jarri haren izena esker onen zerrendan. (Argazkia: Mujeres con Ciencia bloga)

1807an Napoleonen tropako Braunschweig inbaditu zuten. Gauss bertan bizi zen. Sophiek orduan, Arkimedesen istorioa gogoratuz, Pernetti jeneralari Gauss babesteko eskatu zion. Azken horrek esan zion Sophie Germain izeneko emakume bati esker jarraitzen zuela bizirik. Sophiek orduan azaldu egin zion bere lanak aurkezteko Le Blanc goitizena erabiltzen zuela. Gaussek hori jakin zuenean, honela erantzun zion gutun baten bitartez:

“Cuando una persona del sexo que, según nuestras costumbres y prejuicios, debe encontrar muchísimas más dificultades que los hombres para familiarizarse con estos espinosos estudios, y sin embargo tiene éxito al sortear los obstáculos y penetrar en las zonas más oscuras de ellos, entonces sin duda esa persona debe tener el valor más noble, el talento más extraordinario y un genio superior. De verdad que nada podría probarme de forma tan meridiana y tan poco equívoca que los atractivos de esta ciencia que ha enriquecido mi vida con tantas alegrías no son quimeras que las predilección con la que tú has hecho honor a ella”.

(Gutunaren zati bat.)

1811n Parisko Zientzia Akademiaren aurrean, gainazal elastikoen inguruko lana aurkeztu zuen. Lehiaketa horretan Ernst Chladni fisikari alemaniarraren formak azaltzeko modelo matematiko bat bilatzen zuten. Sophiek azkenean Eulerren emaitzetan oinarritutako lana aurkeztu zuen. Askok kritikatu zuten haren lana, zehaztasun faltagatik, batez ere. Ez zuen saria irabazi, baina ez zuen amorerik eman. Nabarmenak ziren akatsak zuzendu zituen Lagrange irakaslearekin batera. Horren ondotik, beste bi lan aurkeztu zituen. Azkenean saria lortu zuen Mémoire sur les vibrations des surfaces élastiques ikerketarekin. Hori irabazita ere, hasieran ez zioten Akademiako saioetara joaten utzi, emakumeek sarrera debekatuta zutelako (soilik kideen emazteak sartzen ahal ziren). Zazpi urte beranduago, Joseph Fourierrek hautsi zuen arau hori eta Sophieri ateak zabaldu zizkioten. Ez zuen titulu unibertsitariorik lortu Eskola Politeknikoan. Horregatik, Gotinga Unibertsitateko honoris causa titulua Sophieri emateko eskatu zuen Gaussek. Ez zuen ohore hori inoiz jaso, 1831n bularreko minbiziak eragin baitzuen bere heriotza.

Ez dira emakumeen kontuak” idatzi zuen Galeanok bere liburuan “Espejos: una historia casi universal” Sophie Germainen biografiatxoa aurkeztu zigunean, garai hartako gizartea salatuz modu berean. Jakin badakigu aspertu arte entzun behar izan zuela esaldi hori baina ez zuen amorerik eman eta emakumeei zientzian jartzen zitzaizkien traba guztiak gainditu zituen. Le Blancek ez zion itzal egin Sophieri. Ezkutuan gorde zuen bere identitatea, bai; gizarte sexista horren aurrean, ez zuen beste aukerarik izan. Baina ezin dugu emakume honen benetako nortasuna ahaztu, bere arima islatu gabe utzi: Monsieur Le Blanc? Ez. Bera Sophie Germain da, matematikari bikaina.

Bibliografia:

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

———————————————————————–

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>