Robert Hooke-k erabili zuen zelula terminoa, Micrographia (1665) liburuan, mikroskopio bidez landare-ehunetan ikusi zituen paretaz inguratutako barrunbeak deskribatzeko. Espazio horiek ikusita, monasterioetako gelak (cella) etorri zitzaizkion gogora. Baina terminoa ez zen guztiz onartua izan. Izan ere, XVIII. eta XIX. mendeetan, anatomistek begi hutsez ikusgai den ehun konektiboari “zelula-ehuna” deitzen zioten, eta horrek nahasmendua sortu zuen hitzaren erabileraren inguruan.
Teoria zelular garaikidearen jatorria XIX. mendean bilatu behar dugu, mikroskopiaren garapenari lotua. 1830etik aurrera mikroskopio akromatikoak agertu ziren, eta horrek ordura arteko zenbait zailtasun optikoren amaiera ekarri zuen. Izan ere, ordura arte ehun biziaren egituraren xehetasunak deskribatzeko oztopo handiak egon ziren.
Mikroskopioen garapen teknikoa bera baino are garrantzitsuagoa izan zen ikerketa mikroskopikorako zentroak zabaltzea; dozenaka mikroskopista profesionalek egin zuten lan zentro horietan. Berlin, Breslau, Edinburgo edo Londresko histologia eskoletan ikerketa zehatzak egin ahal izan ziren ordura arte baztertuta zeuden gaien inguruan. Peter Müller-en Berlingo taldeak hurrengo hamarkadetako emaitzarik garrantzitsuenak lortu zituen.
Teoria zelularra Jakob Matthias Schleidenek eta Mülleren ikasle izandako Theodor Schwannek formulatu zutela esaten da. Schleiden botanikoak 1838an adierazi zuen landareak osatzen zituzten atal guztiak egitura zelular mikroskopikoz eratuta zeudela. Schwannek antzeko egitura topatu zuen animalien ehunetan, eta, analogia hori oinarri, iradoki zuen ehun bizi oro zegoela zelulaz edo zelulen eratorriez osatua; ideia horiek 1839an argitaraturiko Mikroskopische Untersuchungen über die Übereinstimmung in der Struktur und dem Wachstum der Thiere und Pflanzen (Faunaren eta floraren egitura eta hazkundearen arteko antzekotasunen inguruko azterketa mikroskopikoak) liburuan azaldu zituen. Izenburuan antzeman daitekeenez, Schwannek interes berezia zuen zelulek hazkundean zuten egitekoaren inguruan. Era berean, Schwannek testu horretan adierazi zuen zelulek lan garrantzitsua eta oinarrizkoa egiten zutela funtzionaltasunaren aldetik.
Alta, Schwannen ideiek aurkari asko topatu zituzten eta zelulen jatorriaren inguruko haren proposamenak (zitogenesia) oinarririk ez zuela frogatu zen azkenean. Hala eta guztiz ere, bizidun ororen oinarrian egitura bera zegoela babesten zuen ideiak erantzuna eskaintzen zion XIX. mendeko biologiaren behar bati, alegia, printzipio bateratzaile baten beharrari, ikerketa-programak horren arabera antolatzeko.
Schleiden eta Schwannen arabera, zitogenesia espontaneoki gertatzen zen, “blastema” izeneko egiturarik gabeko substantzia batetik. Hipotesi hori Naturphilosophie deituriko korronte espekulatiboaren barruan kokatzen zen; korronte horretan, “filosofo” batzuek –Lorenz Oken tartean– proposatzen zuten izaki bizidunen sorburu izandako besikula esferikoak jatorrizko fluido batetik sortuak zirela. XIX. mendean zehar biologo askok gero eta argudio indartsuagoekin egin zioten kontra zitogenesi espontaneoaren ideia horri.
1846an, Schleidenen kolaboratzaile izandako Carl Wilhelm von Naegeli-k honako hau ondorioztatu zuen: berak aztertutako ia kasu guztietan frogatzen zen landare-zelulak lehendik existitzen ziren zelulen zatiketaren bidez sortzen zirela. 1852an Robert Remak enbriologoak frogatu zuen zelulak soilik sortzen zirela aurretik existitzen ziren zeluletatik, baita enbriogenesiaren hasierako aldietan ere.
Rudolf Virchow patologoaren lanarekin gailurrera heldu zen blastemari egindako kritika. Virchow zitogenesi espontaneoaren alde agertu zen hasieran, baina zelula oro beste zelula batetik datorrela (omnis cellula e cellula) dioen esaldia arau bihurtu zuen 1855ean (Remaken lanean “gehiegi” oinarrituta eta haren izena behar bezala aipatu gabe, beharbada). Horrez gain, Virchowek nabarmendu zuen zelulek hainbat prozesu patologikotan duten egitekoa, eta horrela patologia zelularraren oinarriak ezarri zituen.
Egileaz: Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.
Itzulpena: Leire Martinez de Marigorta
Hizkuntza-begiralea: Gidor Bilbao
5 iruzkinak
[…] Quizás ya sabrás que… la historia que recoge el árbol de la vida tiene mucho que ver con una unidad funcional a la que llamamos célula. La célula es el elemento de menor tamaño que puede considerarse vivo y […]
[…] hau jakingarri gertatu bazaizu, agian artikulu hauek ere interesgarriak irudituko zaizkizu: Zelulaz (I), Zelulaz (eta II) eta Zenbat zelula daude giza […]
[…] duen unibertso mikroskopiko harrigarrian murgildu da gure kirikiñoak gaurkoan zelulak aztertzen. 1665ean Robert Hooke zientzialariak lehen aldiz zelula hitza erabili zuenetik, hauei buruzko ezagutzak handituz joan […]
[…] Zelularen teoriari buruzko tratatu ezagunean, Theodor Schwann-ek lehen aldiz erabili zuen metabolische adjektiboa, zelulek beren barruko molekuletan edo inguruko fluidoetan eragin dezaketen aldaketa kimiko bat inplikatzen duten fenomenoak aipatzeko. Frantsesezko testuak hasi ziren Stoffwechsel hitza le metabolisme hitzaz itzultzen […]
[…] egun, badakigu animalia-elektrizitate hori ez dela existitzen, gertatzen dena da zelulak elkarri bulkada elektrikoen bidez komunikatzen […]