Asteon zientzia begi-bistan #74

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Hona hemen asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?

Bilbon, jakinduriek mundue erreko dau 2015eko irailaren 26
Argazkia: Ion Markel – @ionmarkel / Zientzia Kaiera – @zientzia_k

Biologia eta eboluzioa

Basasagua eta elefantea artikuluaren bitartez, animalien metabolismo-jardueran tamainak eragina duela azaltzen digute Juan Ignacio Perezek eta Miren Bego Urrutiak. Jakina denez, metabolismoa ez da tamainarekiko proportzionala. Adibideak argitzen digu azalpena: elefante kilo baten metabolismoa askoz baxuagoa da basasagu kilo baten metabolismoa baino, elefantea tamainaz handiagoa den arren. Hortaz, elefanteak ezingo luke basasagu baten metabolismo-tasa aguantatuko. Zergatik? Ekoitziko lukeen beroa ezingo lukeelako behar den bizkortasunez barreiatu. Horrela, elefantearen ehunak azkar berotuko lirateke eta azkenik erre egingo litzateke. Horretaz gain, metabolismo jarduera martxan jartzeko animaliek erregaiak behar dituzte. Ildo beretik, azaltzen dute askoz handiagoa dela elefanteak jaten duen kantitatea, baina basasaguaren eguneko janeurria haren masaren halako bi eta erdi izaki, elefantearen jana haren masaren % 5 baino ez da. Tamainaren eta metabolismoaren arteko erlazio biologiko horretara iristeko, formula matematiko bat planteatzen dute eta ondorio batera iristen dira: tamaina handitzean tasa metabolikoa jaitsi egiten da. Zientzia Kaieran duzue irakurgai artikulu interesgarri hau.

Astronomia

Marten ura dago. Hala berretsi du Nazioarteko ikerketa-talde batek. Badirudi Marteko eremu batzuetan gatz hidratatuak detektatu dituztela. Aurkikuntza horrek bertan ur gazi likidoa egon zitekeela azaltzen zuen hipotesia indartzen du. Egoitz Etxebestek Elhuyar aldizkarian azaltzen du azken urteetan lortutako irudiek jakinarazi dutela Marteko aldapa batzuetan periodikoki arrasto ilun batzuk agertzen eta desagertzen direla (sasoi epeletan agertu, eta hotzetan desagertu). Orain, NASAren Mars Reconnaissance Orbitereko CRISM espektrometroaren datuei metodo berri bat aplikatuz, gai izan dira arrastoak agertzen diren lekuan gatzak detektatzeko.

Berriak ere eman digu aztarna horien berri. Arrasto horiek Marteko krater batzuetan agertu dira, soilik baldintza jakin batzuk betetzen dituzten eremuetan. Horiek hogei gradu baino gehiagoko malda dute, eta planetaren ekuatoreari begira daude. Gehienak planetaren hego hemisferioan agertu dira. Halere, oraindik ez dute argi nondik datorren ur hori. Ikerlarien ustetan, akuiferoetan egon daiteke edota lurpean izoztuta… Atmosferan kondentsatutako lurruna ere izan daiteke. Galdera ugari dituzte oraindik erantzuteko…

Kronobiologia eta fisiologia

Ardiekin egindako ikerketa batean, Manchester eta Edinburgoko unibertsitateetako zenbait ikertzailek urtaroen erlojua identifikatu dute. Amaia Portugal kazetariak Zientzia Kaieran azaltzen du animaliek haien fisiologia aldatu behar dutela, urtaroen arabera ingurumenean izaten diren gorabeherei aurre egiteko. Hiru urtez behatu dute ardien portaera eta ikusi dute guruin pituitarioan edo hipofisian dagoela gakoa. Pars tuberalis izeneko egitura bat dago, eta bertan dauden zelula espezializatu batzuek daukaten erreakzioa egun-argiaren araberakoa da eta egun-argi horren nolakotasuna eta iraupena urtaroek baldintzatzen dute. Hortaz, neguan egonda, esaterako, proteina jakin batzuk ekoiztuko dira. Ardiekin ikerketa gauzatu duten arren, ikertzaileen ustez, litekeena da ornodun guztiek izatea urtaroaren araberako erloju fisiologiko bat.

Medikuntza eta osasuna

Ikertzaile batzuek ondorioztatu dute garai batean tratatzen errazak ziren gaitzak arazo larri bihurtzen ari direla egun. Datuen arabera, Europan bakarrik, 25.000 lagun hiltzen dira urtero antibiotikoei erresistentzia dioten infekzioen kariaz. Osasunaren Mundu Erakundeak txostenak plazaratu ditu afera honen inguruan. Garatzeko bidean diren herrialde askotan heriotza asko eragiten ari da, jende askok ezin baitu bigarren defentsa lerroko antibiotikoak ordaindu, lehen lerrokoak huts egiten dietenean. Euskal Herrian ere arazo hori puri-purian dago. Osasunaren Mundu Erakundeak gomendio batzuk eman ditu egoera hori kontrolatzeko. Horien artean, nagusiena: gutxiago erabili antibiotikoak. Honi buruz gehiago jakiteko Edu Lartzangurenek artikulua duzue Berrian: Bakterio globalen aroan.

Down sindromea duten gazteen eta errugbiaren inguruan aritu da Loitzun Izaola Azkona, kirol arloko fisioterapeuta. Bertan, egileak ezaugarri klinikoen zerrenda bat planteatzen du, normalean Down sindromea duten pertsonek azaleratzen duten arazoekin. Horien artean, bizkarrezurrean egon daitezkeen lesio edo arazoak azpimarratzen ditu. Horrekin batera, egin diren ikerketak agertzen ditu tartean. Ikerketa horietan ikusi da ezegonkortasuna gehiagora joan ohi dela eta hezur forma-anormaltasuna antzematen denean aldizka kontrolatu behar dela. Horrek azken batean errugbian jokatzeko suerta ditzakeen oztopoak agerian uzten ditu. Esaterako, burua eta lepoa estresatu egiten dituzten kirolak ekiditea gomendatzen da; hots, kontaktu kirolak eta lepo mugimendu handia eragiten dutenak. Hortaz, galdera bat planteatzen digu: Down sindromea duten gazteentzat kirolik egokiena da errugbia?

Zientzia eta zientzialariak

Zientzialaria ez idealizatzeko eskatzen du Ana Riberak Zientzia Kaieran plazaratutako artikuluan. Bertan, gainontzeko lanbideetan (politikariak, aktoreak…) bezala zientzian ere zentzugabezko jarduerak, iruzurrak eta oinarri zientifikorik gabeko sinesmenak daudela dio. Hainbat adibide aipatzen ditu. Lehenik, Friedrich Bergius alemaniarraren (Kimika Nobel saria lortu zuen 1931n) kasua gerturatzen digu. Bergiusek ekarpen handiak egin zituen presio handipeko metodo kimikoen sorkuntzan eta garapenean. 1927tik aurrera hasi ziren erregai likidoak ikatzetik ateratzen. Nazien garaian, erregai horiek erabili zituzten. Nazi sutsua zela pentsatzen zuten baina Austrian zegoen elikagai-urritasuna zela eta, gobernuak nazionaltasuna eman zion Bergiusi 1946an, egurretik azukrea ateratzeko egin zituen ahaleginengatik, eta egurretik haragia ere ateratzeko egin zuen promesagatik. Jane Goodallen adibidea ere agertzen zaigu begi aurrean. Txinpanzeak ikertzeagatik sari asko irabazi ditu eta teoria berriak garatu dira bere lanari esker. Baina Yeti eta Big Foot bezalakoetan sinesten du. Azken ideia honek zapuzten ahal du zientzia-teoriak garatu izana? Eta Bergiusen adibidean, Nobel sariaren errekonozimendua galdu beharko luke hori egiteagatik?

Fisika

Angel Rubio fisikaria hilaren hasieran Donostian egin zen materialen simulazioari buruzko Psi-k kongresuari buruz mintzatu da Berrian. Bertan, ordenagailuz egindako kalkuluak baliatuz, existitzen diren materialak deskribatu eta material berriak aurreikusi zituzten. Kongresua erabat teorikoa izan zen eta aplikazio teknologikoei oso lotuta egon dela azpimarratzen du. Horretaz gain, azken bost urteetan hainbat espezialitateetan lortu diren aurrerapausoak behatu dituzte: “Materialen arloan izan daitezkeen berezko arazoak landu ditugu, kimika, medikuntza, geofisika, astrofisika edota klimatologia espezialitateetan”. Alde teorikoan aurrerapauso “nabarmenak” izan direla aipatzen du. Era berean, bere lanari buruz ere mintzatu da fisikaria: Nano Bio Espektroskopia. Horri buruzko azalpena ematen du ere: “Zenbait materialen gainean argia aplikatzen dugu, eta nola aritzen diren ikusten. Materia kontrolatu, eta elementu berriak sortzen ditugu, argiaren eta molekulen arteko interakzioa eraginda”.

Medikuntza

Naiara Perurena ikertzaileari egin dio elkarrizketa Ana Galarragak Zientzia Kaieran. CIMAn (Nafarroako Unibertsitatearen Medikuntza Aplikatuko Ikerketa Zentroa), eta Onkologia sailean dabil Perurena. Berriki aurkeztu du tesia eta horrekin IBMS (International Bone and Mineral Society) eta ECTS (European Calcified Tissue Society) elkarteek bere lana saritu dute. Batik bat, bularreko minbiziaren garapenean eta metastasian proteina batek, EPCR-k, duen eginkizuna izan da ikerketaren muina. Horren harira, diru-laguntzen murrizketek lana oztopatzen duten arren, pozik agertu da eman diren urratsekin: “Nire lanari esker, badakigu proteina horrek zer eragin duen gaixotasunean. Hurrengo pausoa proteina blokeatzen duen molekula bat diseinatzea izango litzateke, eta gero, dena ondo joanez gero, proba klinikoak etorriko lirateke…”. Etorkizunean, Perurenak aitortzen du Estatu Batuetara joan nahiko lukeela, minbiziaren tratamenduan sortzen diren erresistentziak gainditzeko modua ikertzeko.

Ikerketen harira, UPV/EHUn doktore tesien gorakada egon da 2011-2014ko Ikerketa Planaren emaitzak aditzera eman duenez. Horrela, ikerkuntza jarduera “finkatu” egin dela ondorioztatu dute. Ainhoa Sarasola kazetariak azaltzen du Berrian lau urte horietan gora egin duela defendatutako doktore tesien kopuruak eta igo egin dira Europatik jasotako finantzaketa, nazioarteko aldizkarietan argitaratutako lanen kalitatea eta enpresen sorrera ere.

Arkeologia

Felipe Criado-Boado ( Santiago, Galizia, 1960). Ondare Zientzien Institutuko zuzendariak ondareari buruz hausnartu du Berriak plazaratutako elkarrizketan. Oro har, ondarea ez dela guztiz ezagutuko dio. Izan ere, etengabeko sorkuntzak ez du hori ahalbidetzen, beti egongo direlako gauza berriak eta horien ondareak sortuko dira ezinbestean. Ideia horri jarraiki, adibide bat planteatzen du: “Kolonbia datorkit burura. Atentatuak egon ziren tokiak, alde batekoak zein bestekoak izan, memoriaren gune bihurtzen ari dira. Garai politiko berri baten eskutik, orain hamabost urte ez bezala, guneak ondare bihurtzen ari dira”. Teknologiak aurkikuntza horietan duen paperaz ere mintzo da. Criado-Boadok dio: “Teknologiak galderak erantzuten laguntzen dizu, baina galderak egin behar dituzu”. Aurkikuntza guztiak kontserbatzeari dagokionez, berak dio memoria selektiboa beharrezkoa dela, ezinezkoa baita dena gogoratzea, ezta dena kontserbatzea ere.

Kimika

Josu Lopez-Gazpio, kimikan doktoreak komuneko ponpari eta horrek sortzen duenari buruz zenbait datu interesgarri eman dizkigu. 1975ean, komuneko ponpa tira ondoren gertatzen diren fenomeno fisikoak eta biologikoak aztertu zituen Charles P. Gerbak. Urak, hondakin biologikoek eta gorotz-germenek aerosol bat osatzen dute (bioaerosola) eta bainugela guztian zehar hedatzen da. Aerosol horien tantatxoak norabide guztietan sakabanatzen dira. Horren harira, milioika birus eta bakterio dituen laino ikusezinak segundo gutxi batzuetan bainugelako paretak, atea, konketa eta beste gainazalak estaltzen ditu. Besteak beste, mikrokokoak, estafilokokoak, enterokokoak, estreptokokoak eta bestelako hainbat mikroorganismo antzeman dituzte ponpa tira ondoren sortutako bioaerosolaren kariaz (2013an American Journal of Infection Control aldizkarian argitaratutako beste ikerketa baten emaitzek aditzera eman zuten hori). Hortaz, zer egin beharko dugu mikroorganismo horiek saihesteko? Artikuluan zenbait aholku topatuko dituzue. Ez ezazue aukera galdu!


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.