Erraldoiak oker daudenean

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Ohartarazi behar dizuet: hau ez da dibulgazio-artikulu tipikoa. Dibulgazio-saioetan, ikerketa-aurkikuntzak publiko orokorrarengana hurbiltzen saiatzen gara. Horretarako, zientzia ulergarriagoa egiteko, lagunarteko hizkeraz deskribatzen dira esperimentu korapilatsuen emaitzak. Artikulu honetan, berriz, begirada bat botako diogu emaitza horiek lortzeko prozesuari, eta ikusiko duzuen bezala, zientzia aurreratzeko prozesua ez da erraza, ezta garbia ere.

“Haratago ikusi badut, erraldoien sorbaldetara igota izan da” idatzi zuen Isaac Newtonek gutun batean, 1676an. Metafora honek adierazten du gaurko zientzia-aurrerapenak aurreko esperimentuen emaitzetatik abiatuta lortzen direla. Aurreko emaitza hauek zientzia-literaturan aurkitzen ditugu, eta erraz eskuratu daitezke gaur egun Interneti esker. Izan ere, ezinbesteko zeregina da zientzialari batentzat zientzia-artikuluak irakurtzea. Gure ikerketa-alorrean argitaratu dena zehazki ezagutu behar dugu, aurreko aurkikuntzetan oinarrituz hipotesi berriak proposatzeko.

erraldoiak oker daudenean
1. irudia: Hwang Woo Suk, zelula amen ikerketan aitzindaria izan da askoren ustetan. Baina, zientzialariak klonazioari buruz Science aldizkarian argitaratu zituen bi artikuluetako datuak faltsuak zirela baieztatu zen 2005. urtean.

Une honetan, oso garrantzitsuak diren bi galdera sortzen dira. Alde batetik, “nola dakigu argitaratutako emaitzak zuzenak diren ala ez?”. Bestetik, “zer gertatzen da aurreko aurkikuntzak zuzenak ez badira?” Hau da, “zer gertatzen da babes modura dugun erraldoia oker badago?”

Bi galdera hauek eztabaidagai dira gaur egun, hainbat zientzia-alorretan. Hemen, galdera hauek erantzuten saiatuko naiz, nire alorra den ikerketa biomedikoa adibide bezala erabiliz.

Lehen galderaren erantzuna hitz bakar batean laburbildu ahal dugu: errepikagarritasuna. Hau da, esperimentu baten emaitzak zuzenak badira, beste edozein zientzialarik emaitza berdinak (edo antzekoak) lortu behar ditu, esperimentua errepikatzen duenean. Zoritxarrez, ikerketa biomedikoaren alorrean, esperimentuak berez korapilatsuak izaten dira, eta askotan errepikagarritasuna ez da erraz neurtzekoa.

Bigarren galderaren erantzuna erraza da: errepikaezinak diren emaitzetan oinarritzen bagara, denbora eta dirua galduko ditugu. Zientzialari askori bezala, niri ere gertatu zait artikulu batean ikusitako esperimentu bat errepikatu ezin izatea. Hau gertatzen zaigunean, hasieran zerbait gaizki egiten ari garela uste dugu denok. Hala ere, zenbait saialdi egin eta gero, artikuluaren emaitzak errepikaezinak direla ondorioztatzen dugu batzuetan. Bitartean, hainbat aste, eta seguraski ehundaka euro galdu ditugu laborategi-erreaktiboetan.

2. irudia: esperimentu baten emaitzak zuzenak badira, beste edozein zientzialarik emaitza berdinak (edo antzekoak) lortu behar ditu, esperimentua errepikatzen duenean.
2. irudia: Zelan dakigu ikerketa bateko emaitzak zuzenak diren edo ez? Errepikagarritasunarengatik. Esperimentu baten emaitzak zuzenak badira, beste edozein zientzialarik emaitza berdinak edo antzekoak lortu beharko lituzke, esperimentua errepikatzen duenean.

Errepikaezintasunaren ondorio latzak areagotu daitezke konpainia farmazeutikoen kasuan, konpainia horiek bere botika berriak garapenerako egitasmoak plazaratutako emaitzetan oinarritzen baitituzte. Adibidez, 2009an “Cell” aldizkari prestigiosoko artikulu batean, esan zen STK33 izeneko proteinaren inhibizioak tumore-zelulen hazkundea oztopatzen zuela. Artikulu honen emaitzetan oinarrituta, Amgen konpainia farmazeutikoak ikerketa-egitasmo handi bat jarri zuen abian, STK33 inhibitzen duten botikak aurkitzeko. Bi urte beranduago, STK33 egitasmoa bertan behera utzi zuen Amgenek, STK33 inhibizioak ez baitzuen erakusten minbizi-zelulen hazkuntzan espero zen efektua. Nik dakidala, konpainiak ez zuen programa egitasmo honetan alferrik galdutako dirua aditzera eman, baina zenbait milioi dolar izan daitezke. STK33-ren kasua ospetsua izan da, baina ez da kasu bakarra izan.

Beraz, ez zen harritzekoa hainbat konpainia farmazeutikok, Amgen eta Roche besteak beste, arazo honen neurriaren azterketa sistematiko bat egitea erabakitzea. Azterketa honen emaitzak, berriz, zinez harrigarriak izan ziren. Esate baterako, Amgen konpainiako zientzialariek, 6 saio baizik ezin izan zituzten errepikatu, Nature, Science edo Cell bezalako zientzia-aldizkari prestigiosoetako 53 artikuluetan plazaratutako saioen artean. Era berean, Bayerreko zientzialariak 67 artikuluetatik 14 errepikatzeko gai izan ziren. Analisi horien arabera, ikerketa biomedikoaren alorrean argitaraturako emaitzen erdia baino gehiago ez da errepikagarria.

Eta zein diru-galera dakar porrot horrek guztiak? Joan den ekainean plazaratutako estimazio baten arabera, AEBtan urtero alferrik galtzen dira 28.000.000.000 dolar (bai, hogeita zortzi mila milioi dolar, ez da tipografia akats bat!). Hori guztia, ikerketa aurre-klinikoan emaitza errepikaezinak direla eta.

Zer gertatzen ari da? Gu, zientzialariok, gure emaitzei buruz gezurra esaten ari al gara? Noizean behin, iruzur zientifikoak egon daitezke, noski, baina kasu hauek oso gutxiengo txiki bat dira. Errepikagarritasun ezak eztabaida bero bat piztu du ikerketa biomedikoaren komunitatean, kontua zertan datzan finkatzeko. Adituen iritziz, arrazoi teknikoei egotzi ahal zaie porrota neurri handi batean. Alde batetik, oso konplexuak dira ikerketa biomedikoan erabiltzen ditugun tresnak (antigorputzak, in vitro hazitako zelula-lerroak, animalia-ereduak, e.a.). Kasu batzuetan, tresna hauen kalitatea urria da, tresnek ez baitute beti berdin funtzionatzen. Beste alde batetik, badirudi ikerketaren diseinu arretagabeak eta analisi estatistikoan egiten diren akatsak areagotu egiten dutela errepikaezintasunaren arazoa.

Azkenean, nik uste dut zientzialarien lana saritzeko erabiltzen den sistemak ez duela errepikagarritasunik sustatzen. Kontutan hartu behar da zientziaren aurrerapenak bi faktore nagusi behar dituela: berrikuntza eta errepikagarritasuna. Gaur egun ordea, nire ustez, berrikuntzari ematen zaio lehentasun osoa, ikerkuntza-giro lehiakorrean. Atsotitz batek dioena berrikusita, “argitaratu edo hil”. Hau da, gure emaitzak argitaratu behar ditugu ikerketa-proiektu gehiago lortzeko eta horrela ikertzen jarraitu ahal izateko. Gainera, askoz ere zailagoa da aurreko emaitzak balioztatzen (edo gezurtatzen) dituen ikerketak argitaratzea, aurkikuntza berriak argitaratzea baino.

Apollo 13eko astronautak esan zuen bezala, “Houston, we have a problem”. Arazoa konpondu arte, erraldoi baten sorbaldetan gora egin aurretik, zentzuzkoa izango litzateke erraldoia fidagarria dela egiaztatzea.


Egileaz: Jose Antonio Rodriguez UPV/EHUko Medikuntza eta Odontologia Fakultateko irakaslea da eta Minbiziaren Biologia Molekularra ikerketa-taldeko kidea da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.