Iturri ezkutuen mundu mapa

Amaia Portugal

Lurpeko uren kalkulu global eta zehatza egin dute Victoriako Unibertsitatean zuzendutako ikerketa batean. Ur hori ere azkar xahutzen ari garela erakusten dute datuek, berriztatzeko tarterik eman gabe. Osatu duten maparen arabera, Amazonas eta mendilerro handien azpian dago ur erreserba gehien, eta Sahara bezalako eremu idorretan, gutxien.

Gutxi gorabehera, Iruñerrian kontsumitzen den iturriko uraren erdia lurpetik dator, Artetako iturburuan baitu jatorria. Adibide bat baino ez da, gure oinen azpitik dabiltzan ezkutuko erreka horiek duten garrantziari neurria hartzeko. Laku eta ibaien hondoetan zirrikituren bat topatzen duten euriek eta elurrek osatzen dute lurpeko ura, eta Euskal Herrian zein munduan, gutako askori ematen digu edaten.

Horren harira, lurpeko uren mundu mapa marraztu du hidrologo talde batek aurrenekoz, Victoriako Unibertsitateak (Kanada) zuzenduta. 1970eko hamarkadan ur horren bolumen globalaren gutxi gorabeherako kalkulu bat egin bazen ere, kasu honetan, informazio zehatza baliatu dute. Hain zuzen, datu geokimiko, geologiko, hidrologiko eta geoespazialak hartu, eta lurpeko uraren zenbaki simulazioekin konbinatu dituzte. Nature Geoscience aldizkarian eman dute emaitzen berri.

1. irudia: Lurpeko uraren mundu mapa. Urdin ilunez margotutako zonaldeetan daukate ur gehien lurrazalaren azpian.

1. irudia: Lurpeko uraren mundu mapa. Urdin ilunez margotutako zonaldeetan daukate ur gehien lurrazalaren azpian.

Kalkulu horien arabera, munduko lurpeko ur guztiak 23 milioi kilometro kubikoko bolumena hartzen du ia, eta 0,35 milioi kilometro kubikok baino ez du 50 urte baino gutxiago. Garrantzitsua da ur berria eta zaharra bereiztea. Izan ere, ur zaharra sakonago hondoratuta dago, eta nekazaritzarako eta industriarako baliabide gisa erabiltzen da maiz. Batzuetan, artsenikoa eta uranioa ere izan ohi du, eta itsasoko ura bera baino gaziagoa izan daiteke. Kasurik okerrenetan, ez dago berreskuratzerik: ezin esan berriztagarria denik.

Mende erdia baino gutxiago duen ura, aldiz, iturri berriztagarritzat jotzen da, uraren ziklo aktiboan parte hartzeko moduan baitago. Lurrazaletik gertuago dago eta ur zaharra baino azkarrago mugitzen da, baina horrek baditu zehar kalteak ere: klima aldaketak eta gizakiak eragindako kutsadurak gehiago eragiten dio ur berriari, lurrazaletik gertuago dagoen heinean.

Ikerketa honek erakusten du lurpeko ura ez dela guk nahi genukeen bezain azkar berriztatzen ari, eta pixkanaka iturriak agortzea dakar horrek. “Akuifero asko eta askotan, uraren maila jaisten ari da. Lurpetik datozkigun ur baliabideak azkarregi erabiltzen ari gara. Behar baino arinago xahutzen ditugu, berriztatzeko tarterik eman gabe”, esan du Tom Gleeson Victoriako Unibertsitateko ikertzaileak eta artikuluaren egile nagusiak.

2. irudia: Euskal Herrian ere, toki askotan dago lurpeko ura. Irudian, Zarpia iturburuaren kobazuloa, Opakuan. (Argazkia: Euskalnatura / CC-by-sa 4.0)

2. irudia: Euskal Herrian ere, toki askotan dago lurpeko ura. Irudian, Zarpia iturburuaren kobazuloa, Opakuan.
(Argazkia: Euskalnatura / CC-by-sa 4.0)

Kokapen geografikoari dagokionez, munduko lurpeko ur berri gehiena zonalde tropikal eta menditsuetan dago metatuta. Esaterako, Amazonasen arroan, Kongo ibaiaren pean, Indonesian, eta Amerika hegotik iparrera zeharkatzen duten mendebaldeko mendilerroen azpian. Lurpeko ur berri gutxien duten guneak, aldiz, Sahara eta gisa horretako zonalde idorrak dira; ezusterik ez, beraz.

“Toki lehorragoetan lurpeko ur berri gutxiago egongo zela eta zonalde hezeagoetan gehiago aurkituko genuela espero genuen, baina ikerketa egin arte, susmoak baino ez ziren. Orain, estimazio kuantitatiboa dugu, eta behaketa geokimikoekin alderatu dezakegu”, adierazi du Kevin Befus Texaseko Unibertsitateko ikertzaileak eta artikuluaren egileetako batek.

Munduan uraren eskaria handitzen ari den honetan, ikerketa honek dakarren informazioa baliagarria da, lurpeko urak modu jasangarriagoan kudeatze aldera. Orain, Gleesonek eta bere taldekideek beste erronka bat dute esku artean. “Badakigu lurpeko zenbat ur ari garen xahutzen, eta badakigu zenbat dagoen. Beraz, agortzen den arte zenbat denbora igaroko den kalkulatu dezakegu”, esan du Gleesonek berak. Horretarako ikerketa bat zuzenduko du, eskala globala duen eredu bat erabilita.

Erreferentzia bibliografikoa:
The global volume and distribution of modern groundwater. Tom Gleeson et al. Nature Geoscience. Published online: 16 November 2015. doi:10.1038/ngeo2590

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>