Erleen argizaria, Kristo aurreko produktua

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Noiz eta non sortu zen erleen inguruko interesa? Orain arte inork ez zekien zuzenean noiz eta non sortu zen erleen eta erle produktuen inguruan dugun interesa. Nazioarteko talde batek UPV/EHUko ikertzaileek parte hartzen duen ikerketa-talde batek erantzuna eman dio galderari eta Nature aldizkarian eman dute honen berri. “Widespread Exploitation of the Honeybee by Early Neolithic Farmers” artikuluan argitaratu berri dute Turkiako Anatolia penintsulan, K.a. 7.000. urtean kokatu zirela argizariaren lehenengo erabilerak.

argizariaren lehen erabilerak
Irudia: Ikertzaileen lan batek Anatolian eta K.a. 7.000 urtean kokatu ditu erle argizariaren lehenengo erabilerak gizakien artean.

Erleen argizaria lipidoen konplexu paregabea da, eta haren “aztarna biologikoak” erresistentzia handia du higaduraren aurrean. Ondorioz, kokagune arkeologikoetan kontserbatutako hondakin organikoak aztertzean identifika daiteke. Horretarako, nazioarteko ikertalde batek (Bristolgo Unibertsitateko School of Chemistryk zuzendu du) Ekialde Hurbileko, Europako eta Afrikako iparraldeko Neolitiko zeramikazko ontziak aztertu ditu. “Orain badakigu erleen argizaria etengabe ustiatu zela Kristo aurreko zazpigarren milurtekoaz geroztik, ziur asko zenbait tresnaren osagai gisa, erritualetan, kosmetikan, medikuntzan, erregai gisa eta ontziak iragazgaizteko” azaldu du Alfonso Aldayk, UPV/EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia saileko ikertzaileak, Lydia Zapata zenduarekin batera. UPV/EHUko kide izanik, biek parte hartu zuten ikerketan.

Nekazaritza Neolitoan sortu zen Ekialde Hurbileko zenbait lekutan, eta egoera batzuetan aurreikusi gabeko ondorioak izan zituen: lurrak eta larreak lortzeko basoak ireki zirenean sortutako paisaietan, zuhaixka eta loreek erleentzako inguru egokiak sortu zituzten. Nolabait, erleak “nekazaritzaren atzetik” ibili ziren, eta euren habitata zabaldu zuten, laborantza lur gehiago prestatzen ziren heinean.

Historiaurreko 6.400 ontzirekin baino gehiagorekin eginiko lanak definitu du non eta noiz erabili zen lehenengoz erlearen argizaria. Orain badakigu ebidentzia zaharrena Anatoliako (Cayonü) Neolito garaiko aztarnategietan dagoela, Kristo aurreko zazpigarren milurtekoan; hots, eremu hartako zeramika kultura zaharrenez geroztik. Eremu horretan bertan dago Çatalhöyük-eko kokalekua, erle habia baten irudikatze piktoriko zahar baten jatorria. Halaber, atzeman da Anatoliako ipar-mendebaleko historiaurreko herrietan erleen argizaria erabiltzen zela, K.a. 5.500-5.000 urteen artean, sarritan hausnarkarien koipearekin nahastuta.

Europako lehenengo aurkikuntza ezagunak apur bat berandukoagoak dira: Grezian, 4.900-4.500 urteen artean; Errumanian, 5.500-5.200 urteen artean; Serbian, esate baterako, 5.300-4.600 urteen artean. Badakigu data haietan Europa erdialdean erabiltzen zela; zehazki, Austriako eta Alemaniako kultura neolitikoan. Berriagoak dira Frantziako eta Esloveniako kasuak. Iberiar Penintsulan, aztertutako 130 ontziek ez dute argizariaren aztarnarik; beraz, ikertzen jarraitzen dute, Levanteko artean erleen zenbait irudikatze daudelako: “aintzat hartu behar da ontzien barnean lipidoen oso aztarna gutxi aurkitu direla, eta Iberian ikertutako ontzien kopurua oso txikia dela oraindik, baina logikoa da erleek Penintsulan ere ingurumen egokiak aurkitu izana beren garapenerako, nekazaritza sortu zenetik; hots, orain dela 5.500 urte” gehitu du Aldayk.

Bestalde, ikertzaileen lanak frogatu du Danimarkan eta Britainiar Uharteetan uste baino lehenago erabili zirela erle produktuak. Horrez gain, ikertzaileen ustetan 57. paraleloaren gainetik edo estepa eurasiarrean ebidentziarik ez egoteak adierazten digu, ziur asko, erleen kolonien muga ekologikoa.

Erreferentzia bibliografikoa:
Mélanie Roffet-Salque, Martine Regert, Richard P. Evershed, Alan K. Outram, Lucy J. E. Cramp, Orestes Decavallas, Julie Dunne, Pascale Gerbault, Simona Mileto, Sigrid Mirabaud, Mirva Pääkkönen, Jessica Smyth, Lucija ŠOberl, Helen L. Whelton, Alfonso Alday-Ruiz, Henrik Asplund, Marta Bartkowiak, Eva Bayer-Niemeier, Lotfi Belhouchet, Federico Bernardini, Mihael Budja, Gabriel Cooney, Miriam Cubas, Ed M. Danaher, Mariana Diniz, László Domboróczki, Cristina Fabbri, Jesus E. González-Urquijo, Jean Guilaine, Slimane Hachi, Barrie N. Hartwell, Daniela Hofmann, Isabel Hohle, Juan J. Ibáñez, Necmi Karul, Farid Kherbouche, Jacinta Kiely, Kostas Kotsakis, Friedriech Lueth, James P. Mallory, Claire Manen, Arkadiusz Marciniak, Brigitte Maurice-Chabard, Martin A. Mc Gonigle, Simone Mulazzani, Mehmet Özdoğan, Olga S. Perić, Slaviša R. Perić, Jörg Petrasch, Anne-Marie Pétrequin, Pierre Pétrequin, Ulrike Poensgen, C. Joshua Pollard, François Poplin, Giovanna Radi, Peter Stadler, Harald Stäuble, Nenad Tasić, Dushka Urem-Kotsou, Jasna B. Vuković, Fintan Walsh, Alasdair Whittle, Sabine Wolfram, Lydia Zapata-Peña‡, Jamel Zoughlami. Widespread Exploitation of the Honeybee by Early Neolithic Farmers. Nature 15757. DOI: 10.1038.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Anatolian eta K.a. 7.000 urtean kokatu dituzte erle argizariaren lehenengo erabilerak gizakien artean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.