Asteon zientzia begi-bistan #83

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluen bilduma da. Zientzia Kaiera blogaren igandeetako gehigarria.

Fisika

Espazioaren eta denboraren egungo ikuskeraren bilakaera izan du mintzagai César Tomé Lópezek. Hiru garaitan banatzen du bilakaera hori: absolutismoa, espazio-denbora eta espazio- eta denbora- egitura dinamikoak. Testu honen bidez, lehenengo garaia azaltzen zaigu: absolutismoa. Testuan dioen moduan, XVII. mendeak haustura ekarri zuen mundu materialaren hainbat ikuskera eskolastikorekin. Horien artean zegoen espazio eta denbora substantziaren akzidente gisa ulertzea. Ideia horrek ez zuen hutsa kontuan hartzen, eta ziurtzat jotzen zuen denbora leku guztietan aldi berean bera zela. Aldiz,XVII.eko filosofo naturalek nahiago zituzten atomismoa eta espazioari existentzia autonomoa aitortzen zioten beste sistema batzuk. René Descartesen horien erdian jarri zen. Ez zuen hutsaren existentzia onartzen eta baieztapen batzuk egin zituen.

Isaac Newtonek onartu zuen Descartesek proposatutako inertziaren printzipioak baina aldatu egin zuen; hau da, gorputz baten inertzia ez da gorputz horren mugimenduaren kontserbazioaren adierazpena, baizik eta masa bidez neurtzen den nolakotasuna. Horren ondotik, kritikak agertu ziren Christiaan Huygens-en eta Gottfried Leibniz-en eskutik, tartean beste teoria batzuk garatu zirelarik. Azkenik, Newtonen osteko hurrengo bi mendeetan, filosofo naturalek espazio eta denbora absolutuak zientzia fisikoen oinarriak zirela onartu zuten. Irakurri nolakoa izan zen bilakaera osoa xehetasun guztiekin.

Aipatzekoa da ere Juanma Gallegok Berrian Einsteini buruz plazaratu duen artikulua. Testu honi esker, erlatibitatearen teoria orokorrari buruz zertxobait gehiago jakiteko aukera dugu. Oinarriak 1905ean Annalen der Physik aldizkarian argitaratu zituen. Zientzia artikulu bitxia izan zenez zirelako aurreko lanen aipamenak egiten. Bere irudimenetik abiatutako ideia izan zen. Einsteinek elkarren aurka zeuden bi postulatu proposatu zituen. Batek zioen argiak abiadura berbera zuela erreferentzia sistema inertzial guztietan; besteak, sistema inertzial guztiak baliokideak direla lege fisikoak deskribatzeko. Jose Ramon Etxebarria EHU Euskal Herriko Unibertsitateko fisikariak honi buruz hausnarketa egiten du eta bide batez azaltzen du bi postulatuak batera onartuta ondorio harrigarriak lortu zituztela: «Esaterako, toki desberdinetan izaten diren bi gertaeraren aldiberekotasuna kontzeptu erlatiboa dela, edo bi puntu jakinen arteko distantzia neurtzean ere emaitza desberdinak lortzen dituztela elkarrekiko higitzen ari diren behatzaileek».

Medikuntza

UPV/EHUko Sendoa Ballesteros eta Irrintzi Fernández ikertzaileen ikertaldeak eginiko azterlan baten arabera, atzazaletako lakak eragiten duen alterazioa pulsioximetroen akats tarte estandarretan (± % 2) dagoela ondorioztatu du. Horrek pulsioximetria baten emaitzetan duen eragina zehazteko, 400 pertsonaren datuak aztertu zituzten: 12 saio klinikotan parte hartu zuten 1999ko urtarriletik 2014ko otsailera bitartean, Estatu Batuetan, Turkian, Brasilen, Thailandian, Italian eta Alemanian. Emaitzetan ikusi zuten alde txikiak daudela atzazal pintatuak eta pintatu gabeak zituzten pertsonen artean; hots, esmaltearen koloreak eragina izan zuen neurketaren emaitza estatistikoetan, baina alde horiek % 2tik beherakoak izan ziren. Sendoa Ballesterosek dio: “Ez da denborarik eta indarrik xahutu behar atzazaletatik esmaltea kentzen, larrialdian oximetriaren neurketa baliagarria lortzeko”.

Matematika eta papiroflexia

Papiroflexiari heldu dio Jose Ignacio Royo Prietok Zientzia Kaieran publikatutako artikuluan. Bertan, jakinarazi egiten dio irakurleari hori jarraitzen duten artistek metodo matematikoak erabiltzen dituztela edozein irudi sortzeko; hala nola, dinosauro, zaldiak, ikosaedroak, marisorginak, dragoiak… Bestalde, aipatzen du paper-tolestaketaren prozesu fisikoak hainbat aplikazio interesgarri sortu dituela teknologiarako. Esaterako, papiroflexia teknikak eta tolestaketaren modelizazioa eraginkorrak dira medikuntzan (papiroflexiazko stent), espazioko zientzian eta industrian (airbagak tolesteko ereduak simulatzeko). Halaber, aipatzen du papiroflexian oinarria duten hainbat problema praktiko-teoriko ikertzen direla egun. Horren ildotik, figura lauen tolestaketari (flat folding) buruz hitz egiten digu testuan. Figura lau bat liburu baten orrien artean sartu ostean, liburua itxi daiteke figuran tolestura berririk eragin gabe. Paper-txoriaren adibidea azaltzen du adibide gisa eta galdera bat planteatzen du: marka-mapa izanda, esan al dezakegu ea figura lau bat zabalduz lortzen den? Hori da lau tolesgarritasunak aurkezten duen arazoa.

Kimika

Oier Lakuntza kimikan doktoreari egin dio elkarrizketa Iker Tubia kazetariak Berrian. Kimikaria Wolframen gaitza dauka eta horren ondorioz, itsu geratu da, eta aditzeko gailu bat du belarrian. Nafarroako Gobernuak Gazte Balioaren Saria aitortu berri dio baina Lakuntzak sentimendu kontrajarriak ditu. Izan ere, pozik agertu da errekonozimenduarekin baina aipatzen du beka deialdietan ez zaiola egiten behar besteko aipamenik ezintasuna duen jendeari. Adibide bat ekartzen du testura: “Juan de la Cierva beka deialdian hiru gorde zituzten ezintasuna zuen jendearentzat, baina praktikan besteei eskatzen zitzaizkien baldintza berak eskatzen zizkiguten”. Halaber, zientziaren dibulgazioa ezinbestekoa dela uste du Lakuntzak: “Beharrezkoa da bien arteko zubia eraikitzea. Gizarteak jakin behar du zer egiten den. Gainera, gizarteak ikerketa eta horretara bideratutako finantzaketa babestea ahalbidetuko du horrek”

Osasuna

Josu Lopez-Gazpio elikagai toxikoei buruz mintzatu da berriz ere. Testu honetan nabarmentzen du substantzia oro kaltegarria dela bere kontzentrazioa altua bada. Berak argitzen du: “Dosiak egiten du pozoia. Ez da nahikoa esatea elikagai batek osagai toxiko edo minbizi-sortzaile bat duela. Zenbat duen eta zer-nolako ondorioak eragin ditzakeen jakin behar da”. Ildo horretatik, azaltzen digu elikagai jakin bat ebaluatzeko bere osotasunean aztertu behar dela: osagai onuragarrien eta kaltegarrien balantza proposatzen du. Kontua argitze aldera bi adibide dakartza testura. Aurrekoan udareen adibidea jarri zuen mahai gainean, formaldehidoa dutela esan zuen. Formaldehidoa toxikoa da beraz (minbizi-sortzailea ere bada) baina udareak toxikoak dira? Kimikariak argi erantzuten du: “Ez, jauna. Formaldehidoaren eguneko dosi segurua 0,2 mg/kg-koa da, hau da, 60 kg-ko irakurle batek 200 g udare jan ditzake egunero bere bizitza osoan zehar eta formaldehidoak ez dio osasun-kalterik eragingo”. Aurkako adibide bat ere aipatzen du: ardoarena. Ardoak antioxidatzaileak (polifenolak) ditu baina ardoak duen alkohol edukia dela-eta, horren kontsumoa ez da gomendagarria. Irakaspen interesgarria jaso dugu beste behin ere Josuren bidez.

Anatomia eta fisiologia

Nazioarteko ikerketa batek txinera, hebreera, ingelesa eta gaztelania hitz egiten duten pertsonen garunak aztertu dituzte eta aditzera eman dute, idatzizko zein ahozko hizkuntza ulertzean, garuneko gune berberak erabiltzen direla hizkuntza guztietan. Aipaturiko lau hizkuntzak oso desberdinak dira beraien artean baina garunak neurona-zirkuito berberak erabiltzen ditu. Halaber, idatzizko zein ahozko esaldiekin gertatzen da, horiek entzumen desberdinekin jasotzen diren arren. Atera duten ondorioari dagokionez, badirudi haurrak txikiak direnean, entzundakoa ulertzeko garunak behar dituen egiturak eta konexioak garatzen direla; aurrerago, irakurtzen ikasteko prozesua egitura horien gainean egiten da.

Ikertzaileak

Ana Galarragak egin dio elkarrizketa Ane Wyssenbach ikertzaileari. Bertan, bere ibilbideari buruz mintzatu da. Biologia alorrak txunditu zuen txikitatik Ane Wyssenbach. Gauzak horrela, sei urtetan biologia eta biokimika ikasi zituen. UPV/EHUren Biologia Molekularra eta Biomedikuntza masterrari ekin zion ondoren. egin beharreko proiektua Achucarro zentroan egin zuen. Horren ondotik,beka bat eskuratu zuen: Alzheimerrean astrozitoek duten papera ikertu dugu, eta lehen aldiz ikusi dugu zelula horiek aldaketa batzuk pairatzen dituztela. Ekainean aurkeztu zuen tesia, eta orain unibertsitateko kontratu batekin dago. Lan horrekin jarraitzeko asmoa dauka Wyssenbachek: “Ikerketan ezer ezin da bukatutzat eman. Galdera bati erantzun orduko, beste galdera bat sortzen da”.

Txomin Bornaetxeari egin diote elkarrizketa Unibertsitatea.net atarian. Geografian lizentziatu zen gaztea eta Arrisku Naturaletako masterra egin zuen Leoneko Unibertsitatean. Aiako Harria Parke Naturalean ingurune hezitzaile lanak bost urtez burutu zituen. Horren ostean, UPV/EHUko Lurralde Paisaia eta Ondarea katedrak eskaini zion aurre doktoretza beka bat lortu zuen eta horri esker, ikertzailea da 2014az geroztik. “Mendi hegaletako ezegonkortasunak aztertzeko metodologiak. Gipuzkoarako aukerak” izeneko lana aurkeztu zuen IkerGazten eta horren inguruan mintzatu da Bornaetxea. Gai hori aukeratzearen zergatia aipatzen du: “Gure lurraldearen morfologiaren garapenean eragin zuzena duen gai bat delako, oraindik ezagutzeke dauden alderdi asko dituelako eta batez ere lurraldearen antolamenduaren inguruan aplikazio zuzena daukalako”. Orobat, Gipuzkoako mendi hegalek dauzkaten ezaugarriak eta horietan aurki daitezkeen ezengokortasunak azaltzen ditu. Esate baterako, erorketak (“fall” ingelesez) ohikoak dira sustrato geologikoa azaleratzen den zonalde malkartsuenetan, Aizkorri edo Aralarreko puntetan edo kostaldeko labarretan. Ezegonkortasun horiek emateko, bi alderdi hartu behar dira kontutan bere esanetan. Alde batetik maldak. Beste aldetik, ezegonkortasuna gertatzeko eman behar den gertaera konkretua. Horri faktore eragilea deritzo. Ikertzailearen esanetan, Gipuzkoan, ezegonkortasun gehienak intentsitate altuko eta denboran luzatzen diren euriteek eragiten dituzte.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.