Txertoak: nola salbatu biziak

Dibulgazioa · Mugaldea

Egunero, milioika gaixo salbatu eta salbatzen dira heriotzatik txertoei esker. Hau eztabaidaezina da eta ezin dugu inola ere ahaztu. Txertorik gabe, gure bizitza askoz ere txarragoa izango litzateke, askoz ere laburragoa.

Nola ulertarazi gizarteari hau? Datuak, estatistikak, ikerketak, grafikoak erabiliko ote ditugu? Artikuluak, postak, hitzaldiak? Lagunkoi jokatuta? Borrokan arituta? Argudioen bidez, larderien bidez? Edo artearen bidez arituko gara? Zergatik ez batu artea eta zientzia-ikerketa, txertoen funtsezko garrantzia agerian jar dezakeen egitasmo bat garatzeko?

txertoak
1. irudia: The Art of Saving a Life egitasmoaren bidez txertoen hainbat ikuspegi erakusten dira. Ikuspegi desberdinak eta interesgarriak.

Horixe da “The Art of Saving a Life”, Bill eta Melinda Gatesek abian jarri duten ekimen zoragarria. Haren bidez, era berri batera erakutsi nahi dute txertoen mundua. The Art of Saving a Life egitasmoak, bilduak ditu metraje laburrekoak, argazkiak, musika, kontakizunak, eta diseinu-piezak, 30 artegilek eginda mundu osoan zehar. Hauetan txertoen hainbat ikuspegi erakusten dira. Ikuspegi desberdinak eta interesgarriak guztiak ere.

Bideoetan, badugu “Rupture. A war is won and lost”, metraje laburreko film biziduna, frantziar-prusiarren guduan zehar gertatu zen baztangari buruzkoa. 1870ean, Prusiak bere soldadu guztiei jarri zien baztangaren aurkako txertoa, eta 459 soldadu besterik ez zen hil. Frantziarren artean aldiz, 24.000 soldatu hil ziren baztangak jota. Izan ere, frantziarrek ez zuten txertoa hartu. Are larriagoa izan zen ordea beste gauza bat: ez zuten txertoa hartu ez populazio prusiarrak ez populazio frantziarrak ere. Horrela, gaixotutako frantziarrak Prusian zehar eraman zituzten eta bost urteko pandemia eragin zen horrela herrialde hartan. 500.000 lagun hil ziren eta asko eta asko mutilatuta, itsu edo elbarri geratu ziren.

Argazkigintzan, Annie Leibovitz ospetsuak txertoei aurpegi bat jartzea erabaki zuen. Argazkia egin zien txertoetan lan egin duten zientzialari garrantzitsuenei: Stanley Pltkin doktoreak, rubeolaren aurkako txertoa garatu zuen; Deborah Sabini ere argazkia egin zion. Deboraren aitak, polioaren aurkako txerto aho bidezkoa garatu zuen; Kim Lee eta Setephen lanean ari dira malariaren aurkako txerto batean; Maurice Hilleman doktoreari argazkia egin zion; Mauriceren aitak 30 txerto baino gehiago garatu edo hobetu zituen. Azken txerto hauek oraindik ere erabiltzen ari dira munduan zehar txertatze-kanpainetan.

Beste argazkilari handi batek, Sebastiao Salgadok, “The end of the polio” egitasmoa garatu zuen eta bertan, polioaren aurka egin izan diren kanpainetako irudiak bildu zituen: India, Sudan, Somalia… Herrialde hauetan, hilgarria da oraindik ere polioa, eta ondorio oso latzak dakartza.

2. irudia: Sebastian Salgadoren argazkia, The end of
2. irudia: Sebastian Salgadoren argazkilariaren lana, “The end of the polio” kanpainaren irudietako bat.

Zergatik ez erabili gif bizidunak, hotzaren kateak hainbat herrialdetan txertoak kontserbatzeko duen garrantziaren berri emateko? Horrexetan ari da Cristoph Nieman, marrazki argi, bakun eta oso adierazgarrien bidez txertoen beste ikuspegi bat emateko.

Jonas Salk, Bronxeko auzo txiro batetik irten eta munduko zientzialari garrantzitsuenetakoa izatera iritsi da. Berari atera diote argazkia Martha Roslerrek eta Josh Neufeldek, bere infografiarako. Bertan, badaude Salken aipu batzuk. “Gizakientzako oparia bat” da infografiaren izena . Izan ere, 1955ean Salkek txertoa garatu zuenean, hau esan zuen: “Ez dago patenterik. Patenta ote daiteke bada Eguzkia?“

Flowers, Vik Munizek egina, lan bitxia da eta hunkigarrienetakoa ere bai. Hasiera batean badirudi lore-estanpatudun ehuna dugula edo paper pintatu bat. Hurbilduta ordea beste gauza bat da: “Baztangaren txertoaren birus batek infektatutako gibel-zelulen diseinu mikroskopikoa. Infektatua gertatu ostean, birusak kolore gorrixka ematen die zelulei, eta horri esker, ikerlariek ikusgai daukate infekzioa”.

3. irudia: aztangaren txertoaren birus batek infektatutako gibel-zelulen diseinu mikroskopikoa.
3. irudia: Baztangaren txertoaren birus batek infektatutako gibel-zelulen diseinu mikroskopikoa. Egilea: Vik Muniz.

Txertoek babestu egiten gaituzte oso latzak diren gaixotasun batzuetatik. Batzuetan, hilgarriak dira gaixotasun horiek. Gaixoek, sendatzen direnean ere, ondorengo kalte larriak pairatu behar izaten dituzte. Herri garatuetan, ezikusia egiten diogu errealitate horri, baztertu egiten dugu. Mary Ellen Marken lanak gogora dakarkigu errealitatearen puska bat argazki zinez hunkigarrien bidez: 60 eta 70.eko hamarkadetan emakume ugari errubeolak kutsatuak gertatu ziren, tartean New Yorken gaixotasun honen izurrite ikaragarria zegoela. Emakume horien seme-alabek izugarrizko kalteak pairatu zituzten.

3. irudia: 60 eta 70.eko hamarkadetan New Yorken errubeolak kutsatutako emakumeen seme-alabek pairatzen dituzten kalteak biltzen ditu Mary Ellen Marken argazkiek.
4. irudia: 60 eta 70.eko hamarkadetan New Yorken errubeolak kutsatutako emakumeen seme-alabek pairatzen dituzten kalteak biltzen ditu Mary Ellen Marken lanak.

Laguntza eman ote dezakete lan hauek txertoen garrantzia agerian jartzen? Benetan egiten dute txertoen hedaduraren alde ikus-entzunezko artelan hauen bidezko hurbilketek? Hobeto jabetuko gara honen guztiaren garrantziaz? Ohartuko ote gara txertoak mundu osora iritsi behar direla 2020 urterako?

Nik neuk hala espero dut, eta zer esanik ez, hortxe dugu zientzia eta artearen arteko elkarlanaren adibide garrantzitsua, datozen ekimenetan kontuan hartu beharko litzatekeena.


Egileaz: Ana Ribera (@molinos1282) historialaria da eta telebistan dihardu lanean duela 14 urte.

Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.

3 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.