Asteon zientzia begi-bistan astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluen bilduma da. Zientzia Kaiera blogaren igandeetako gehigarria.
Hezkuntza eta dislexia
Ainara Romero UPV/EHUko ikertzaileak Haur Hezkuntzan irakurtzeko zailtasunei aurrea hartzeko software didaktiko bat diseinatu eta aurkeztu du euskaraz: Berni du izena. Hainbat jokoren bitartez lortzen du hori: kontzientzia fonologikoa, ezagutza alfabetikoa, hitzezko adimena, hartze- eta adierazpen-hizkuntza eta idatzitakoaren kontzientzia. Ikertzailearen esanetan, ezaugarri horiek dira funtsezkoak etorkizuneko irakurketa-zailtasunak detektatzeko eta diagnostiko goiztiar bat egiteko. Hau da, Berni programak islatuko du ea haurrak irakurketa bereganatzeko garaian zailtasunak dituen ala ez. Berniri buruz gehiago jakin nahi baduzu, artikulu osoa irakurtzea gomendatzen dizuegu.
Geologia
Antropozenoaren Lantaldeko kide eta EHUko ikertzaile eta Estratigrafia eta Paleontologiako irakasle den Alejandro Cearreta geologoak beste hainbat lankideekin batera, 11.700 urteotan, Holozenoko eta Antropozenoko erregistro sedimentarioaren ezaugarriak alderatu dituzte. Horien ustez, material berrien hedapenak markatzen du Antropozeno garaia. Izan ere, gizakiok sortu dugun produktuen geruza estratigrafikoa planetako ekosistema guztietan nabaria da: plastikoak, zementua, aluminioa eta arma nuklearren isotopo erradioaktiboak, besteak beste. Antropozenoaren hasiera finkatzeko eztabaidak izan dira. Eta iritziak, askotarikoak. Batzuen ustez, Neolito garaian hasi zen. Beste batzuek, ordea, Amerikako kolonizazioarekin hasi zela iritzi diote. Badaude beste batzuk industria-iraultzan kokatzen dutela Antropozenoaren hasiera; eta beste batzuek diote, lehenengo bonba atomikoa lehertu zenean hasi zela. Aro geologiko berri baten aurrean al gaude?
Teknologia
Eraikin historikoak sendatzeko irtenbideari buruz aritu da Juanma Gallego kazetaria Berrian. Jakina da pilatutako autoen kutsadurak, berogailuetako keak eta euri azidoak ez diela mesederik egiten eraikin historikoen harriei. Orain dela zenbait hamarkada egin zituzten zenbait saiakera kalte horiek konpontzeko, bai, baina ez zuten emaitzarik lortu. Harriak konpontzeko beste bultzada bat egiteko unea iritsi da eta horri buruz hitz egin du Gasteizko Santa Maria Katedrala fundazioko zuzendari tekniko den Leandro Kamarak. Izan ere, Santa Maria Katedrala Europa mailako puntako programa batean parte hartzen ari da. Nanoteknologia erabilita, harriak salbatuko dituen produktu berrien bila ari dira Europa osoko teknikariak. Europako Batzordearen Horizon 2020 programaren barruan dago Nano-Cathedral egitasmoa. 2015eko ekainean hasi zen, eta hiru urte iraungo du. Klima ezberdinetan eta harri ezberdinez eraikitako katedraletan saiatuko dira produktu horiek probatzen. Kamarak dio: “Ez dakigu nanomaterialak irtenbidea izango diren, baina katedralak zaharberritzeko produktuak lortu behar ditugu”.
Kimika
Taula periodikoak lau elementu berri izango ditu hemendik aurrera. Berriki onartu zituen Kimika Huts eta Aplikaturako Nazioarteko Batasunak (IUPAC) 113, 115, 117 eta 118 elementuak. Egoitz Etxebestek Elhuyar aldizkarian azaltzen duenez, zenbaki atomikoaren arabera ordenatzen dira elementuak taulan. Horretaz gain, argitzen digu, 92 protoi baino gehiago dituzten elementuak oso ezegonkorrak direla. Hortaz, oso arraroa da horiek naturan aurkitzea. Azken lau elementu hauek 2002 eta 2010 artean aurkitu dira. 113a ikertzaile japoniarrek aurkitu zuten, eta gainontzekoak ikertzaile errusiar eta estatubatuarrek osatutako talde batek. Hurrengo hilabeteetan, elementuei izenak jarriko dizkiete.
Medikuntza eta osasuna
Txertoen garrantzia islatzea da Bill eta Melinda Gatesen asmoa. “The Art of Saving a Life” ekimenaren bidez, modu berri batean erakutsi nahi dute txertoak benetan garrantzitsuak direla heriotzatik salbatzeko. Nola egin dute, ordea? Metraje laburrak, argazkiak, musika, kontakizunak, eta diseinu-piezak bildu dituzte lanean. Mundu osoko 30 artegilek egindakoak izan dira ikus-entzunezko piezak. Hauetan txertoen hainbat ikuspegi erakusten dira. Adibidez, Annie Leibovitzen argazkiak bildu dituzte. Horietan, txertoetan lan egin duten zientzialari garrantzitsuenak irudikatzen ditu: hala nola, Stanley Poltkin doktorea, rubeolaren aurkako txertoa garatu zuen; Deborah Sabin, etab. Txertoen garrantziaz jabetzeko balioko du ikus-entzunezkoak biltzen dituen ekimen horrek? Zientzia eta artearen arteko elkarlanaren adibide garrantzitsu hau irakurtzea gomendatzen dizuegu.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.