Hogeita sei urte umeen pisua balantzan jartzen

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

“Umearen pisu sobera: esku-hartzea Lehen Mailako Arretako pediatrian” doktorego-tesia burutu du Xabier Txakartegi pediatrak. Ikerketa-lana gauzatzeko, hogeita sei urtez Gernika-Lumoko pediatria zerbitzuko lankideekin batera, eskualdeko umeen Gorputz Masa Indizearen jarraipen sistematikoa (GMI) gauzatu du.

Behaketak bi ondorio nagusi eman ditu: prebentzio-neurri jakin batzuk hartuta, obesitate-mailak ez duela behera egin, baina gora ez egitea lortu dela ere. Eta, bigarrenez, edoskitze naturalak pisu soberaren aurka izan lezakeen eragina ez dela espero zen bezain ona. Izan ere, edoskitzeak ez die haurrei gainpisuaren aurka uste zen besteko babesa ematen.

umeen pisua balantzan jartzen
Irudia: Gaur egun bost urtetik beherako 43 milioi haurrek dute gainpisua, Munduko Osasun Erakundearen arabera.

Gernika-Lumoko neska-mutikoen Gorputz Masa Indizea (GMI) hainbat urtez neurtu du Txakartegik eta emaitzak haren doktorego-tesian plazaratu ditu. Honen arabera, larria da pisu soberaren arazoa haurren artean, zeinak B motako diabetesa, hipertentsioa eta beste zenbait gaitz jasaten hasiak diren.

GMIa gehiegizko pisua eta obesitatea kalkulatzeko baliatzen den formula bat da: GMI = kg / m2. Hau da, pertsona baten pisua zati bere altuera ber bi. Emaitza 25 baino handiagoa bada, pertsona horrek gehiegizko pisua duela esan ohi da, eta 30etik gorakoa izanez gero, obesitatea. Azken urteotan, gero eta maizago ateratzen dira 25 baino handiagoak diren balioak formula hori aplikatzen denean. Kasu honetan, bai, tamainak izan dezake garrantzia, gaitz batzuk jasateko probabilitate handiagoa ere badakartelako zifra horiek. 2010. urtean Munduko Osasun Erakundeak munduan 40 milioi haurrek gainpisua edo obesitatea zutela estimatu zuen. Gaur egun, 5 urte baino gutxiagoko 43. milioi haurrek dute gehiegizko pisua.

Xabier Txakartegik adierazi duenez, “Lehen Mailako pediatria-taldeek badute eraginik pisu sobera (PS) geldiarazteko edo, gutxienik, haren prebalentzia-tasa ez igotzeko jardunean. Hiru eratako neurriak hartu ditugu guk: batzuk, gizarte osoarentzakoak dira; beste batzuk, eskolei zuzenduak, eta azkenik, umeei banan-banan ezarri beharrekoak”. Hogeita sei urtez egin zuten Gernika-Lumoko pediatria-taldekoek umeen Gorputz Masa Indizearen jarraipen sistematikoa (GMI), eta hona emaitza nagusia, Txakartegiren hitzetan: “Pisu soberaren prebalentzia-tasetan ez da hobekuntzarik nabaritu, baina obesitate-mailak ez du gora egin, ikerketa gehienetan ez bezala. Hortaz, ez dugu ezer konpondu? Ez da ezer lortu? Lortu da, bai: beste pediatria-taldeko umeen GMIarekin alderatuz gero, hau da, guk sistematikoki egin genuena egin ez zutenekin konparatuta, gure ume-populazioa osasuntsuagoa da, PSari dagokionez”.

Zenbait gomendio bidali zituen pediatria-taldeak Gernika-Lumoko ikastetxe guztietara, txosten batean laburbilduta; besteak, urtebetetzeak eta gainerako ospakizunak ez egiteko ordura arte bezala, beste moduren batera baizik. Familiei ere bidali zitzaizkien hainbat aholku: bost otordu egiteko, gosariari garrantzi handiagoa emateko, koipe aseak saihesteko, edari azukredunik ez hartzeko, eta abar. “Horiek izan ziren, gutxi asko, pisu soberari aurre egiteko gomendatu genituen prebentzio-neurriak”, dio Txakartegik.

Edoskitze naturala eta obesitatearen aurkako babesa

Edoskitze naturalak pisu soberaren aurka izan lezakeen eragina ere aztertu du ikertzaileak eta honi dagokionez, berriz, emaitza hobeak espero zituela aitortu du Txakartegik. Izan ere, espero baino eskasagoak izan ziren edoskitze naturalari zegozkion emaitzak. “Dezepzio handia izan zen guretzat. Emaitza ez zen positiboa izan, eta guk positiboa espero genuen. Alegia, pentsatzen genuen edoskitze naturalak (EN) nolabaiteko babesa ematen diela haurrei pisu soberaren aurka, baina emaitzek ez zuten uste hori egiaztatu. Aitzitik, ENz luzaroan elikatutako haurrek PSaren prebalentzia-tasa handiagoak ere ageri zituzten modu estatistiko esanguratsuan”, adierazi du medikuak.

Nesken eta mutilen artean alderik baden galdetuta, baietz dio tesiaren egileak: “PSari dagokionez, hiru urtera arte antzekoa izaten dute obesitate-maila neskek eta mutilek. Hiru urtera iristean, GMIaren igoera izaten dute neskek eta, gero, jaitsiera, hamar urtera arte. Hortik aurrera, hazten joaten da GMIa. Mutilei, berriz, geroago gertatzen zaie hori (sei bat urte dituztela); gero jaitsi egiten zaie GMIa 10-14 urtera arte. Laburbilduz, haurtzaroan gizenagoak izaten dira mutilak, eta haurtzarotik aurrera, alderantzizkoa izaten da joera, neskek mutilek baino handiagoa izaten dute PSaren prebalentzia-tasa“.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Ume obesoak heldu obesoa izateko probabilitate handia du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.