Elementu metalikoak ez dira degradatzen, ez kimikoki ez biologikoki, eta, horren ondorioz, iraun egiten dute ingurumenean. Toxikoak izan daitezkeela kontuan hartuta, hauek arazo larriak sor ditzakete. Azibar Rodriguez UPV/EHUko IBeA ikerketa-taldeko ikertzaileak kutsadura metalikoa nora heltzen den aztertu du.
Estuarioetako eta goi-mendietako kutsadura metalikoak zer banaketa geografikoa duen, denborarekin nola aldatu den eta kutsadura horrek zer ondorio toxikologiko dituen aztertu du tesian Azibar Rodriguezek. Ikerketaren ondorioetako bat izan da inguruetako trafikoak eta jarduera industrialek eragindako kutsadura metalikoa Pirinioetako atmosferara heltzen dela airetik.
Munduko bost estuariotako uretan, sedimentuetan, izaki bizidunetan eta abarretan kutsadura metalikoa zenbaterainokoa den ikertu du Azibar Rodriguezek. Horrez gain, kutsaduraren banaketa geografikoa zein den eta denborarekin nola aldatzen den ere ikertu du. Azterketak Brasilgo Santa Catarina estatuko Tubarão ibaiaren estuarioan; Portugalgo Esposende hiriko Cávado estuarioan; India ekialdean, Bengalako Hugli ibaian eta, Euskal Herrian, Urdaibaiko Biosferaren Erreserbako Oka ibaiaren estuarioan, eta Nerbioi-Ibaizabalen estuarioan egin ditu. Bestetik, atmosferako kutsadura metalikoaren efektuak aztertzeko, Pirinioetako landarediak duen kutsadura metalikoa eta 2.000 m-tik gora dauden 18 aintziratako sedimentuak analizatu ditu. Tesia zazpi ataletan banatua dago eta bakoitzetik “ondorio bereiziak atera ditugu, kasu eta zonalde bakoitzak bere bereizgarriak baititu”, adierazi du Rodriguezek.
Atmosferaren kutsadura metalikoari dagokionez, Irati oihaneko pago-hostoak, likenak eta goroldioak analizatu dituzte, Pirinioetako atmosferako kutsadura metalikoaren banaketa geografikoa aztertzeko. Hala, frogatu dute mendebaldetik datorren haizearen bidez distantzia luzeetan garraiatzen direla jatorri antropogenikoko elementu metalikoak, inguruetako industrien jardueraren (hala nola altzairugintzaren) eta trafikoaren ondorioz sortuak. Gainera, 18 aintziratan egindako ikerketatik ondorioztatu dute “antzinako meatzaritza-jarduerek eta azken urteotako erregai fosilen errekuntza masiboak eragin zuzena izan dutela aintziretako ekosisteman“, adierazi du ikertzaileak.
Estuarioen osasuna
Euskal Herrian aztertutako bi estuarioei dagokienez, ikertzaileak adierazi du egoerak hobera egin duela: “Sedimentuek izaki bizidunetan eragin dezaketen toxikotasunak behera egin du denborarekin, eta kutsadura metalikoa gero eta txikiagoa da”. Nerbioi-Ibaizabal estuarioko 50 puntutan hartutako sedimentu-laginen elementu metalikoen kontzentrazioak neurtu zituzten 2009tik 2014ra, eta kontzentrazio horien denborarekiko bilakaera aztertu. Karakterizazio horrek balio izango du gaur egungo Zorrotzaurre uhartearen eraikuntzak -sedimentuak mugitzeak, egoera hidrodinamikoa aldatzeak eta abarrek- estuarioaren egoeran etorkizunean zer ondorio izan ditzakeen kuantifikatzeko. Ikerketan, “agerian geratu zen sedimentuetako kutsadura metalikoa nabarmen aldatu zela 2009-2011tik 2014ra“, azaldu du; izan ere, “2014ko laginketan, ordura arte ikusi gabeko kontzentrazio handiak zituzten puntuak agertu ziren, Abra inguruan eta Portuko kaian, eta litekeena da itsasontzi handiak porturatzeko egindako obren ondorioz izatea”.
Urdaibaiko Biosferaren Erreserban, Oka ibaiaren estuarioan sedimentuetako eta ostretako elementu metalikoen kontzentrazioak analizatu ziren, estuarioko kutsadura metalikoaren banaketa geografikoa ikertzeko eta denborarekiko duen bilakaera ikertzeko. Hiru hilean behin, monitorizazio-lanak egin ziren 2010ean eta 2011n. Horrez gain, estuarioko ostren osasun-egoera ikertu zuten, ostren zelulen eta ehunen indize biologikoak neurtuz. “Sedimentuen toxikotasuna txikia zen, eta bat zetorren ostretan hautemandako indize biologikoen alterazio txikiekin”, adierazi du ikertzaileak. Ikerketa honetan erregistratutako datuak aurreko beste ikerketa batzuekin alderatuta, “frogatu da ostren osasun-egoerak hobera egin duela urteak pasatu ahala“, ondorioztatu du.
Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Industria eta trafikoaren kutsadura metalikoa Pirinioetaraino heltzen da.
2 iruzkinak
[…] lasterrek munduan zehar barreiatzen dutela (plastikoa ez da garraiatzen den bakarra: Euskal Herrian demostratu dute Pirinioetara iristen direla trafikoak sorraraziko partikula […]
[…] munduan zehar barreiatzen dutela (plastikoa ez da garraiatzen den bakarra: Euskal Herrian demostratu dute Pirinioetara iristen direla trafikoak sorraraziko partikula […]