Itsas munstroari aurrea hartzeko tresna

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Olatu erraldoiak ezerezetik sortzen dira, eta oso arriskutsuak dira ozeano zabalean dabiltzan itsasontzi eta plataformentzat. Fenomenoa gertatu baino bizpahiru minutu lehenago, hura aurresateko ahalmena duen algoritmoa sortu dute Massachusetts Institute of Technology unibertsitateko bi ikertzailek.

Bat-batean eta itsas sakonean sortzen den uhin oso handiari deitzen zaio olatu erraldoia. Ez dauka zerikusirik tsunamiekin: honek ez du kausa sismikorik, eta ia esan daiteke ezerezetik sortzen dela, bere inguruko itsas maila baino zortzi aldiz garaiago jauzi eginez. Lehendik ere fenomeno honen inguruko lekukotzak bazeuden arren, 1995eko urte berri egunez detektatu eta neurtu zuten ofizialki lehen olatu erraldoia: 25,6 metro zituen. Draupner plataforman antzeman zuten, Norvegia eta Eskozia arteko uretan. Bizkaiko golkoaren bueltan ere nahiko maiz sortzen dira.

Irudia: Olatu erraldoiak ezerezetik datoz, eta arriskutsuak dira itsasontzi eta plataformentzat. (Argazkia: MIT News)
Irudia: Olatu erraldoiak ezerezetik datoz, eta arriskutsuak dira itsasontzi eta plataformentzat. (Argazkia: MIT News)

Olatu erraldoiak ezustean agertzen dira itsas sakonean, eta horregatik, bereziki arriskutsuak dira halako tokietan dabiltzan itsasontzi eta plataformentzat. Horietan lan egiten duten lagunak pixka bat lasaitzeko balio dezakeen tresna bat aurkeztu berri dute Massachusetts Institute of Technology (MIT) unibertsitateko bi ingeniarik: olatu erraldoiak aurreikusten dituen algoritmo bat garatu dute. Gertatu baino bizpahiru minutu lehenago iragar ditzake soilik, baina behintzat, nahikoa denbora da hori, oinarrizko operazioak garaiz itxi edo bertan behera uzteko. Will Cousins eta Themistoklis P. Sapsis dira MITko bi ikertzaileok, eta Journal of Fluid Mechanics aldizkarian eman dute lanaren berri.

Orain arte egin izan dira antzeko saiakerak, baino askoz ere konplexuagoak, eta gauzatzeko ia ezinezkoak. Ur masa jakin bateko olatu guztien simulazioa banan-banan egiten ahalegindu izan dira ikertzaileak. Itsasoaren egoeraren irudi ikaragarri zehatza emango luke horrek, eta ondorioz, olatu erraldoiak detektatzeko aukera ere bai. Baina ikerketa ildo hori oso garestia litzateke konputazioaren aldetik, ordenagailu sare oso handia beharko bailitzateke olatu bakoitzari dagokion ekuazioa askatu ahal izateko.

Algoritmoaren berri ematen duen bideoa

Algoritmo berri honen oinarrian, aldiz, ez daude banako olatuak, multzoak baizik. Izan ere, itsaso zabaleko uhin gehienak nor bere aldetik mugitzen dira, baina badaude salbuespenak. Batzuek taldea osatzen dute, eta norantza berean doaz, ozeanoan aurrera eta atzera. Uhin horien interakziotik eratortzen dira olatu erraldoiak. “Elkarri hitz egiten diote, energia elkartrukatzen dute. Olatu erraldoiak ezin zaizkio zorte txarrari egotzi. Dinamikek sortzen dute fenomeno hau”, dio Sapsisek.

Horregatik egin dute lan olatu multzoekin. Garatu duten algoritmoak datuak arakatzen ditu, olatu erraldoi bihur daitezkeen uhin multzoak aurkitzeko asmoz. Multzoaren garaiera eta luzera dira algoritmoak kontuan hartzen dituen bi parametroak, eta minutu gutxiren buruan fenomeno hori agertzeko zer probabilitate dagoen konputatzen du. “Zehatza da, xehetasun handiz esaten duelako non eta noiz gertatuko den. Aukera multzoa daukagu, eta halako olatua arriskutsua izango dela esan dezakegu, eta hobe duzula horri aurre egiteko zer edo zer egin. Hori jakitea aski da”, gaineratu du Sapsisek.

Erreferentzia bibliografikoa:
Will Cousins and Themistoklis P. Sapsis. Reduced-order precursors of rare events in unidirectional nonlinear water waves. Journal of Fluid Mechanics, Volume 790, March 2016, pp 368-388. doi: http://dx.doi.org/10.1017/jfm.2016.13


Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.