Ideia zientifikoak 30 segundotan

Argitalpenak · Dibulgazioa

Donostiako Tabakaleran zabaldu berria da Ubik izeneko sorkuntza liburutegia, ekipamendu moderno eta erakargarria, publiko mota guztiei zuzendua. Ikasi, sortu eta gozatu lelopean, bilduma mota ezberdinak eskaintzen dizkigu, alde batetik, bilduma fisikoa, eta bestetik, eduki digitalak. Merezi du bertara joan eta gertutik ezagutzea liburutegia.

Bilduma fisikoan bada haurrentzako sail bat eta besteak beste, zientzia-dibulgazioko liburuak dituzte. Horietako bat aukeratu dut Zientzia Kaiera blog honetarako, Science ideas in 30 seconds, Mike Goldsmithek idatzia, Melvyn Evansen irudiekin.

science-ideas-in-30-seconds-1-9781782401087-976x976

Mike Goldsmith (Londres,1962), filosofoa eta astrofisikan doktorea, ikertzailea da. Zientzia arloko liburu asko idatzi ditu, bereziki haurrentzat eta hizkuntza askotan argitaratzea lortu du. Science ideas in 30 seconds honek badu gaztelaniazko bertsioa, Conceptos científicos en 30 segundos, bai Ubiken eta baita ere Donostia Kulturako liburutegietan eskuragarri dagoena.

Liburu erakargarria, argitalpen dotorea da irudi askorekin. Liburuak, oinarrian, 8 eta 11 urte bitarteko haurrei 30 teoria zientifiko dakarkie azalduta modu didaktikoan, 30 segundotan, minutu erdian. Antzinako Grezian hasi eta gaur egungo zientzia modernoaren ideia berritzaileenak ezagutzeko aukera ematen du argitalpenak. Kapituluen egitura oso didaktikoa da, bakoitzaren hasieran hiztegi bat eta irakurlearentzat jarduera bat dator, esperimentu errazak dira, eskura ditugun gauzekin egin ditzakegunak. Azpimarragarriak dira Melvin Evans ilustratzaile britaniarraren irudiak, hauek benetan lagungarriak dira testua ondo ulertzeko.

Argitalpenaren fitxa

  • Izenburua: Science ideas in 30 seconds
  • Egileak: Mike Goldsmith, Melvyn Evans
  • Argitaletxea: Ivy Press, 2014
  • Orrialdeak: 96 orrialde
  • ISBNa 978-1-78240-108-7
  • Non eskuratu: Tabakalerako Ubik sorkuntza liburutegia eta Donostiako Udal liburutegien sarean

Egileaz: Arantxa Arzamendi Sesé (@arzamendisese), Filosofia eta Letretan lizentziatua da eta egun, Donostiako Liburutegi Nagusiaren arduraduna da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.