Tinto arroa, edo Marte Lurrean

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Koloretik hasita, Espainiako Huelvan dagoen meatze eremu honek antzekotasun handiak ditu planeta gorriarekin, eta simulazioak egiteko erabili ohi dute ikertzaileek. Une honetan, Moonwalk proiektu europarrarekin ari dira bertan, astronauten eta roboten arteko komunikazioa hobetzen ikasteko.

Huelvan (Espainia) itsasoratzen da Tinto ibaia. Izen bereko probintzia zeharkatzen du, eta bereziki ezaguna da, daraman ura gorrixka delako. Izan ere, Tintoren arroa meatze eremua da, burdin eta sufrezko konposatuez josia, eta horrek kolore gorrixka eta horixka ematen die bertako lur eta urei. Esaterako, jarosita minerala da konposatu horietako bat; Marten ere aurkitu dute mineral hori bera.

1. irudia: Tinto ibaiaren arro gorrixkak Marteren lurrazala dakar gogora.(Argazkia: Public domain, via Wikimedia Commons)
1. irudia: Tinto ibaiaren arro gorrixkak Marteren lurrazala dakar gogora.(Argazkia: Public domain, via Wikimedia Commons)

Tintoren arroak antzekotasun handiak ditu planeta gorriarekin, itxurari zein bertan aurkitu diren materialei dagokienez. Martek Lurrean duen analogorik onenetakoa da, eta horregatik, meatze eremu hau simulazioak egiteko erabili izan da maiz. Hain zuzen ere, apirilaren 15etik 30era, Moonwalk proiektuaren landa lana egiten ari dira toki honetan. Europar Batasunak diruz lagundutako proiektu hau duela hiru urte abiarazi zuten. Astronauten eta roboten elkarlana optimizatzea du helburu, Marteren eta Ilargiaren pareko ezaugarriak dituzten agertoki banatan simulazioak eginez. Une honetan, Tintoren arroa ari da planeta gorriaren plantak egiten. Marseillako kostaldeko itsas hondoak hartuko dio lekukoa gero, hura aukeratu baitute Ilargiaren baliokide.

Pasa den ostiralean hasi zuten Marteko simulazioa Huelva aldean, halako esplorazioetan, gizakiek eta robotek elkarlanean aritu ahal izateko baliatzen diren teknikak garatu eta hobetzeko. Badira gizakiek eta robotek nork bere kabuz egin ezin dituzten jarduerak, baina elkarrekin arituz gero egingarriak direnak, eta hain zuzen ere egoera horietara bideratuta dago proiektua. Esaterako, haitzuloetan talde lanean aritzera. Victor Parro Moonwalk proiektuko kideak eta Espainiako Astrobiologia Zentroko ikertzaileak adierazi bezala, “Tintoren arroan badira gaur egun utzita dauden meatze tunelak, eta Marten dauden laba hodien analogo oso egokiak dira”.

2. irudia: Simulazioan probatzen ari diren sistema eta ekipamendu berrien eskema. (Argazkia: © Moonwalk)
2. irudia: Simulazioan probatzen ari diren sistema eta ekipamendu berrien eskema. (Argazkia: © Moonwalk)

Halako ingurune bereziei behatzea oso interesgarria dela azpimarratu du Parrok: “Erradiazioak babestu egiten du haitzuloen azpian dagoena; presio atmosferikoa nabarmenagoa da, eta aukera handiagoa dago, adibidez, bertan ur likidoa sor dadin”. Horrenbestez, planeta gorrian balizko bizitza formak aurkitzeko hautagai dira gisa honetako eremuak. Ildo horretatik, astrobiologiaren ikuspegia garrantzitsua da simulazioan. “Bizitza zantzuak ba ote dauden ikertu nahi dugu. Horretarako, simulazioa baino egun batzuk lehenago probatu ditugun protokoloak aplikatuko ditugu, eta jarduerak garatu, astronauta eta robotaren elkarlana ahalbidetzeko eta helburuak betetzeko”, dio ikertzaileak.+

Gainera, uneotan Tintoren arroan egiten ari diren saioetan, lehenbizikoz ari dira erabiltzen zenbait sistema eta ekipamendu. Adibidez, astronautaren eta robotaren arteko keinu bidezko komunikazioa ahalbidetzen duen sistema; Gandolfi 2 izeneko jantzi espaziala; eta muturreko inguruneetan esplorazioak egiten direnean erabiltzeko habitat eramangarri eta tolesgarri baten prototipoa (SHEE).


Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.