Asteon zientzia begi-bistan #104

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluen bilduma da. Zientzia Kaiera blogaren igandeetako gehigarria.

zientzia begi-bistan 104

Biologia

Artikulu honetan argi azaltzen digute naturan berez badagoela izoztuta egon ondoren bizi-funtzioak mantentzen dituen ornodunik: zenbait anfibio eta narrastitan ikusi da hori. Euren bizilekuetara hotza iristen denean, ez dute migraziorik egiten tenperatura baxuak saihesteko, izozte-prozesuak gainditzeko tresnak garatu dituztelako jada. Narrastien artean, adibidez, hiru espezie aztertu izan dira. Horien artean, Terrapene carolina eta Terrapene ornata dortokak ditugu. Anfibioen artean ere egin da azterketa eta talde horretan lau igel-espezie aurkitu dira. Hyla versicolor arboletako igelaren kasua aipatzen dute. Honek intsektuek erabiltzen duten substantzia babesgarri bera ekoizten du izotz-kristalen kalteak saihesteko. Kasu harrigarri bat ere badugu esku artean: Rana sylvatica baso-igela. Kasu honetan, arnasketa eta zirkulazioa bertan behera gelditzen dira eta ez du nerbio-sistemaren inolako erantzunik erakusten kinaden aurrean. Bere gorputzeko likido guztiaren % 65 egon daiteke izotz moduan baina hori urtzean (egunak eta asteak igaro ditzake modu horretan), funtzio guztiak berreskuratzen ditu.

Ingeniaritza eta teknologia

Kaliforniako Irvine Unibertsitateko ikertzaile batzuek bateria perfektua aurkitu dute: ehunka milaka aldiz kargatuta ere, lehen egunean bezain ongi dabilena. Nanohariak erabili dituzte. Aspaldi egin dituzte saiakerak material horrekin baina ikerketek orain arte ez dute arrakasta handirik izan. Desabantailak dituelako: oso hauskorrak dira eta oso sentikorrak, behin eta berriz kargatzen badira. Arazoa ekiditeko asmoz, edukiontzia aldatu dute. Amaia Portugal kazetariak azaltzen digu nola: urrezko estaldura bat jarri diete nanohariei, bai eta manganeso dioxidoz inguratu ere. Hori guztia indartzeko gainean jarri dioten elektrolitoa (plexiglasaren moduko gel batez dago egina) gakoa izan omen da. Ikertzaileen aburuz, material horrek plastifikatu egiten du bateriaren metal oxidoa, malgutasuna emanez horrela. Materiala hauskorra izateari uzten dio, bateriaren iraupena izugarri luzatuz.

Klima-aldaketa

Mende amaierarako munduko tenperaturak 1,5 graduko muga ez gainditzea garrantzitsua dela gogoratu dute aste honetan zenbait zientzialarik Vienan. Egin dituzten kalkuluen arabera, 1,5 graduko igoerak ur freskoaren eskuragarritasuna %10 urrituko du, baina igoera 2 gradukoa balitz, eskuragarritasuna %20 murriztuko litzateke. Juanma Gallegok azaltzen digu artikulu honetan igoera horrek nekazaritza arloan ere izango duela eragina. Hala nola, uztak urriagoak izango dira eta hori bereziki indartsua izango da gaur egun elikadura segurtasun gutxien duten herrialdeetan. Tropikoetan nabarmenduko da gehien klima aldaketa. Arlo horretan, Erdialdeko Amerika eta Mendebaldeko Afrika izango dira larrien jotakoak.

Genetika

Gizaki baten larruazaleko zelula helduak birprogramatuta, gametoak sortu dituzte Valentziako Antzutasun Institutuan. Zein da ikerketaren azken helburua? Ana Galarragak azaltzen digu: Gametorik ez duen pertsona baten larruazaleko zelulak eraldatuz, pertsona horren ezaugarri genetikoak dituzten espermatozoideak edo obuluak sortzea. Momentuz, zelula helduak birprogramatzeko metodoa eraginkorra dela frogatu dute.

Matematika

Alagala euskera taldeak Irantzu Barrio ikertzaileari egin dio elkarrizketa. UPV/EHUko Matematika Aplikatua eta Estatistika eta Ikerkuntza Operatiboa Saileko ikertzailea da bera. 2015ean “Proposal and validation of methodologies for the categorisation of continuous variables in the development of prediction models” (Aldagai jarraituetarako kategorizaziorako metodoen proposamena eta balioztapena, aurreikuspen modeloen garapenean) doktorego-tesia defendatu zuen. Egun, ikertzailea eta irakaslea da. Horretaz gain, Galdakaoko Ospitalearekin kolaboratzen du bioestatistika arloan. Barriok azaltzen du tesiak eredu aurresaleen garapenean aldagaiak kategorizatzeko beharra dagoenean, kategorizazio hau era optimoan egitea baimentzen duten metodoak garatzea izan dela helburua. Horretarako, hainbat metodo ezberdin garatu eta balioztatu dituzte eta horiek datu errealetara aplikatu egin dituztela dio. Tesia amaituta, zabalik geratu diren gaietan ikertzen jarraitzea da bere asmoa.

Matematikari jarraiki, aste honetan emakumeak zientzian atalean Sophie Germaini buruzko artikulua izango duzue irakurgai. Emakumeek zientzia arloan aritzea debekatuta zuten garai hartan. Bere sexuarekiko aurreiritzien ondorioz, ezin izan zuen matematikako ikasketak burutu. Baina hori ez zen oztopo izan, modu independentean egin baitzuen bere ikasbidea. Zenbakien Teoria ikertu zuen eta ondoren, elastikotasunaren teoria garatu zuen fisika arloan. Pariseko Eskola Politeknikoan ikasi nahi zuen eta horretarako, Monsieur Le Blanc-en izena hautatu zuen. Horrela sinatzen zituen irakasleei bere lanak eta ikerketak bidaltzen zizkienean. Mende bat geroago, Eiffel dorrea eraikitzeko bere ekarpen matematikoak oso garrantzitsuak izan ziren baina dorrean ageri diren zientzialari eta ingeniari frantsesen izenen artean ez dago Sophie Germainen arrastorik. Artikulu osoa irakurtzea gomendatzen dizuegu.

Teknologia

Argazkiak “ulertzeko” tresna berri bat garatu du Microsoftek: CaptionBot. Edozein argazki ematean, irudia aztertu eta bertan zer dagoen deskribatzeko gai da. Egun, oso arruntak dira aplikazio hauek; hala nola, aurpegiak ezagutzen dituztenak, enfokatzen dutenak, etab. Kasu honetan, CaptionBot-ek berrikuntza bat dakar: argazkian zer dagoen jakiteaz gain, argazkian zer gertatzen den ere ulertzen du, eta gainera deskribatu ere egiten du. Halere, ez du beti asmatzen, baina irudi estandarrenekin nahiko emaitza txukunak lortzen ditu. B

Espainiako enpresa batek besorik ez duten haize-errotak patentatu ditu. Energia-iturri “berdeei” irteera emateko jaio da sistema berri hau. Gaur gaurkoz, prototipoa garatu dute soilik. Vortex enpresakoek generadore berriak askoz merkeagoak izango direla adierazi dute, bai fabrikatzeko orduan bai mantentzeko orduan ere (%50 aurreztuko omen da). Hau izango al da etorkizuna?

Paleobiology Databasek sarean zintzilikatu du fosilen munduko mapa bat, Navigator izenekoa. Adituentzako tresna bat da hau. Fosilak gustuko badituzu, ez galdu aukera eta egin klik.

Osasuna

UPV/EHUko Gloria Gutiérrez doktoreak edoskitzearen prebalentzian eragiten duten alderdi fisiologikoak, soziologikoak eta sanitarioak aztertu dituFactores fisiológicos y sociales que influyen en el éxito de la lactancia materna” tesian. Bertan, gizarte osoa inplikatuko duen edoskitze naturaleko politika bat landu behar dela ondorioztatu du. Ikerketa honen helburua, edoskitze naturalak jaiotzetik 12 hilabetera arte duen prebalentzia zein den jakitea izan da eta horretaz gain, edoskitze naturalaren eta amen faktore fisiologiko eta soziologikoen arteko harremana aztertzea. Ikerketa egin ahal izateko, Bilbo inguruko lehen mailako arretako zentroetako emaginek artaturiko 401 haurdunen lagin bat aztertu zuen

Anatomia

Ikerketa berri batek aditzera eman du emakumeen pelbisa ugaltze-garaian zabaldu egiten dela eta emakumeak zahartuz doazen heinean, haien pelbisa berriz estutu egiten dela, ugaltze-garaia amaitu dela erakusten du horrek. Zurich-ekoUnibertsitatean egindako ikerketan ikusi dute pelbisaren tamainaren eta formaren aldaketak ez dituela eboluzioak eragiten, baizik eta ontogeniak, alegia emakume bakoitzaren garapen indibidualak. 25 urterekin lortzen du emakumeen pelbisak zabalera handiena eta 40 urte arte horrela mantentzen da. Ondoren, pelbisa estutzen da jaiotze-kanalaren dimentsioak murriztuz.

Ekologia eta ingurumena

Txernobylgo hondamendiaren itzala ez da desagertu. Hala adierazten digu Ana Galarragak Elhuyar aldizkarian. The Lancet aldizkariak publikatutako Txernobylgo hondamendiaren 30 urteurrenari buruzko artikuluan argitzen da oraindik hondamendi horrek sortutako ondorioak ez direla desagertu. Azaltzen zaigu istripua gertatu zenean hainbat akats egin zituztela segurtasun-arduradunek eta agintariek. Eta informazioa hori ezkutatu zutela. Horrek ondorio larriak izan zituen zentralaren inguruan bizi zen jendearen osasunean. Hondamendiaren hurrengo asteetan, 28 pertsona hil ziren, erradioaktibitatearen ondorioz. Horretaz gain, beste zenbait gaixotasun agertzen joan dira: tiroideetako minbizia, kataratak, larruazaleko gaitzak… McCallenentzat, artikulu horren egilearentzat, Fukushima da Txernobylek utzitako lezioa ez dela ikasi frogatzen duen ebidentzia nabarmenena. Kasu horretan ere jendea ez zuten informatu gertatutakoaren eta arriskuen gainean eta hori izan da akatsik handiena.

Berriak ere Txernobylgo desastreaz hitz egin digu, hondamendia nolakoa izan zen gogoratuz. Milaka hildako eta zauritu utzi zituen zentral nuklearraren 4. erreaktorearen eztandak. Erreaktorearen estalkia suntsitu zuen leherketak, eta 200 tona gai erradioaktibo jaurti zituen atmosferara. Zortzi egunez iraun zuen erupzioak. Istripu nuklearraren inguruan gehiago irakurtzeko, jo ezazue artikulura:


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.