Libe Solagaistua Zabala UPV/EHUko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko ikertzailea da. Biologian lizentziatu ondoren, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Unibertsitate Masterra egin zuen. Masterra bukatu eta “Estres seinale goiztiarrak eta ekosistemen funtzioen arteko erlazioa ibaietan” doktorego-tesia egiten ari da egun.
Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Alagala euskera taldeko ikasleak hurbildu dira Liberengana haren lanaz, ibilbideaz eta asmoez hitz egiteko.
.- Zergatik hasi zinen doktorego-tesia egiten?
Biologiako karrera eta biodibertsitateko masterra egin ondoren gehiago ikasten jarraitu nahi nuela sentitzen nuen, oraindik jakin-min handia neukan. Master amaierako lana egin nuen laborategian eta oso gustura sentitzen nintzen. Tesia egiteko aukera irten zenean aurrera egin nuen.
.- Zeri buruzkoa da tesia?
Gure laborategiak ibai ekosistemak ikuspuntu desberdinetatik aztertzen ditu. Nire tesiaren helburua inpaktu desberdinen aurreko erantzun azkarrak, ekosisteman ematen diren aldaketekin erlazionatzea da. Inpaktuak ahalik eta arinen detektatzeko tresna bat lortu nahi dut.
.- Behin tesia amaituta, ikertzen jarraitzeko gogorik bai? Adar berean ala alor berriren batean?
Kar, kar, kar! Hori ezin dut oraindik erantzun! Urte eta hilabete gutxi daramatzat tesiarekin. Oraindik hiru urte gelditzen zaizkit hemen, beraz, ez dakit zer nahi izango dudan. Dakidan bakarra da momentuz gogotsu nabilela.
.- Graduak/lizentziaturak zenbateraino prestatzen zaitu doktorego-tesi bati begira?
Biologia oso zabala da eta graduan oinarrizko kontzeptuak lantzen dira. Oinarrizko kontzeptu hauek guztiz beharrezkoak dira baina orokorrean karrerak ez zaitu ikerketarako prestatzen. Tesia mundu berri bat da. Hasieran dena da berria baina denborarekin gauza pilo bat ikasten dituzu.
Ikasleen begietatik, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Alagala euskera taldeak lankidetzan egindako atala da.