Beñat Intxauspe: “Iraganeko lau beroketa global aztertuko ditut”

Alagala euskera taldea

Beñat Intxauspe Zubiaurre UPV/EHUko Estratigrafia eta Paleontologia Saileko ikertzailea da. Bertan “Eozeno garaiko gertakari hipertermalen ondorioak nanoplankton karetsuan eta sakonera txikiko itsasoan, Euskokantauriar arroan” doktorego-tesia burutzen ari da. Lan honen helburua da iraganean gertatuko lau beroketa globalen azterketa egitea eta etorkizunean zer gerta daitekeen aurreikustea.
Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Alagala euskera taldeko ikasleak hurbildu dira Beñatengana haren lanaz, ibilbideaz eta asmoez hitz egiteko.
Irudia: Beñat Intxauspe geologoa. (Argazkia: Alagala euskara elkartea)

Irudia: Beñat Intxauspe geologoa. (Argazkia: Alagala euskera taldea)

.- Zergatik hasi zinen doktorego-tesia egiten?

Geologian une honetan Euskal Herrian lanik ez dago. Aukera bakarra kanpora joatea litzateke eta bertara oso lotua nagoenez eskolaz kanpoko ekintzak direla eta, kanpora joatea ez zetorkidan batere ondo. Ikasitakoarekin erlazionatuta egin nezakeen lan bakarra doktore tesia zen, aldi baterako lan gisa, lan merkatua mugitzen hasi bitartean. Nire adineko jendea ikasi duenaren inguruan lan egiteko zain dagoen bitartean zerbitzuetan lanean ari den bitartean, ni tesi bat egiten. Horrek, gainera, etorkizunean ikerkuntzarako eta unibertsitateko irakasle izateko atea ireki liezadake.

.- Zeri buruzkoa da tesia?

Iraganean gertatutako lau beroketa global aztertuko ditut, printzipioz lau urtetan. Etorkizunean zer gerta daitekeen asmatzen saiatzen ari dira analisi kimiko eta formula matematikoekin, baina hemen fidagarriena benetan gertatu dena da, hori segurua da. Eozeno garaian (duela 50 milioi urte inguru) gaur egungo antzeko aldaketa klimatikoak gertatu ziren. Orduan bizi ziren nanofosilak (1-20mikra arteko tamainakoak) aztertzen ditut, kate trofikoan lehenak baitira, eta haiei zuzenean eragiten zien inguruneko aldaketak. Itsasoaren maila zenbat igo zen, zenbat azidotu zen, korronteen aldaketak nola eman ziren, zenbat euri egin zuen eta halakoak aztertuko ditut fosil hauekin, hau da, sakonera txikiko ozeanoan eman ziren aldaketak.

.- Zergatik hautatu zenuen tesi hori?

Garrantzitsua iruditzen zaidalako, etorkizunean itsasoek zein bilakaera izango duten gakoa izango baita ingurunearen aldaketak aurreikusteko (New York urpera doanean zer gertatuko da Wall Street-en?). Norberaren lanak mundua hobetzeko hondar ale bat jarriko duela pentsatzea gauza ederra da. Horrez gain, modan dagoen gaia da eta beste esparru batzuetan ikertzea ere gustatuko zitzaidakeen arren, beka lortzeko errazagoa da modako zerbait eginez gero.

.- Behin tesia amaituta, ikertzen jarraitzeko gogorik bai? Adar berean ala alor berriren batean?

Ez, momentuz. Zientzialarien mundua ahalik eta gehien argitaratzea eta norbere izen ona puztea dela konturatu naiz eta mundu honetatik zenbait eta lehenago ihes egin hobe (handiustekoz beteta dago). Oraingoz, irakasle izatea da nire helburua, DBHn ahal bada, ikasleei naturaren eta zientziaren ikuspegi erakargarriagoa zabaltzeko esperantzarekin, ea mundua konpontzen lagun dezakeen jende gehiago ateratzen den eskoletatik. Masterra egina daukat eta mundu horretan lan bila nabil baita. Bitartean, tesiarekin nahiago tabernako zerbitzari baino. Baina batek daki, lau urte barru agian desberdin ikusiko dut eta badaezpada ez diot aterik itxi nahi. Ikertzen jarraituko banu, adar berean zein beste alor batean berdin litzaidake, beti ere munduan zerbait konpontzeko balio badu, ez guztiz teorikoa den ikerkuntza arlo bat.

.- Graduak/lizentziaturak zenbateraino prestatzen zaitu doktorego-tesi bati begira?

Lizentziaturak ez zaitu prestatzen tesirako. 0tik hasi behar izaten da metodologiari dagokionean. Jakina edukiak menderatu samar edukitzen direla eta oinarri hori egokia da. Baina alde horretatik gradua askoz ere hobeto dago, gradu amaierako lanean ikerketa bat egin behar baita, eta doktoregaia tesiarekin hasterako metodologia barneratua dauka, edukiez gain.

Gradu amaierako lana bera aprobetxatzen bada ildo bereko tesia egiteko, are gehiago laguntzen du. Nire kasuan, masterra egin behar izan nuen tesian sartzeko eta han ikasi nuen metodologia. Nire iritziz gradua egin duen batek ez luke masterrik beharko tesian hasteko, baina negozioa egiteko zoritxarrez gaur egun horrela muntatu dute. Hala ere, graduek 5 urtekoak beharko luketela iruditzen zait, eduki aldetik eskas geratzen direlako.

———————————————————————–

Ikasleen begietatik, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Alagala euskera taldeak lankidetzan egindako atala da.

———————————————————————–

alagala

Iruzkin 1

Eman iritzia

Beñat Intxauspe: “Iraganeko lau beroketa global aztertuko ditu |

[…] Zientzia eta Teknologia Fakultateko Alagala euskera taldeak Beñat Intxausperi egindako elkarrizketa, Zientzia Kaiera blogean argitaratu zen 2016ko otsailaren […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>