Zientzia begi-bistan #117

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Uxue Razkin

zientzia begi-bistan 117

Ingurumena

Rotterdamgo (Herbehereak) parke publiko batean ipini dute zazpi metroko eraikin berezi bat, Smog Free Tower izenekoa. Zer da, bada? Aire garbigailu erraldoi baten modukoa da eta bertan dauden partikula kutsakorrak xurgatu egiten ditu. Daan Roosegaarde diseinatzailearen proiektua da, eta Bob Ursem Delfteko Teknologia Unibertsitateko ikertzailearen patente bat du oinarri. Ionizagailu bat da: elektrizitatearen bitartez, ioi negatiboak sortzen ditu, eta horiek airean dauden partikula kutsakorrak harrapatu eta dorrera eramaten dituzte, xurgagailu erraldoi bat balitz bezala. Lehen emaitzek erakutsi dute ordu batean 30.000 metro kubiko aire garbitu ditzakeela. Gainera, airea garbitu ez ezik, xurgatutako partikula zikinak berrerabili egiten dituzte proiektu honetan.

Biologia

Hartzek negua igarotzeko duten modu bereziak arreta pizten du. Zergatik? Artikuluaren egileek erantzuna eman digute: Aldi horretan gertatzen diren prozesuak, gizakiaren organoen preserbaziorako, hibernatzeko ahalmena garatzeko, iraupen luzeko espazio-bidaietarako prestatzeko eta zenbait gaixotasuni aurre egiteko aurrerapauso galantak egiteko aukera emango lukeelako. Adibidez, lozorroan zehar ez dute ezer ere ez jaten. Hortaz, duten gastu metabolikoa oso osorik hornitu behar dute aurretiazpilatutako erreserbak errez lortutako energiarekin. Hori gutxi balitz, aurretik metatutako erreserba horiek lozorroan zehar erabiltzen dituztenean ez dute masa muskularrik galtzen. Gainera, ez dira deshidratatzen. Ez dute gernurik ekoizten eta harrigarria da urearen kontzentrazioaren emendioak arazorik ez sorraraztea, eragin toxikorik ez egotea. Hartzek moldaeraren bat izan behar dute ureak duen nitrogenoa proteina berrien sintesirako bidean berriro erabiltzea ahalbidetzen diena. Beste hainbat kontu interesgarri azaltzen dira honetan.

Atomoei buruz arituko gara orain. Thomas Frederiksen zientzialariak (Kopenhagen, 1978) artikulu bat argitaratu du beste hainbat aditurekin batera, alorreko aldizkari ospetsuenetariko batean: Nature Chemistry-n. Berak azaltzen du: “Metodo bat aurkeztu dugu molekula bakarraz osatutako etengailu bat kanpo indar batekin eragiteko”. Molekula bat modu kontrolatuan aktibatu dute horretarako punta ultrazorrotz bat erabilita, atomo hori “zanpatuta”. Artikuluan erakutsi dute kobrezko gainazal batean ipinitako porphycene molekula batean egindako eraldaketa: “tautomerizazioa” izeneko aldaketa bat da, hidrogenoen transferentzia erreakzio bat. Zanpaketaren bitartez energia nola sortzen den eta, ondorioz, nola ukitu behar den azaldu du. Oraingoz, alor teorikoan geratzen da ikerketa.

Informatika eta teknologia

Sare mugikor bidezko zerbitzuak kudeatzeko algoritmo berriak definitzen ari dira UPV/EHUko Networking, Quality and Security (NQaS) taldeko ikertzaileak, sare mugikorren kudeaketaren eta zerbitzu mugikorren arteko koordinazio handiagoa eta hobea eragiteko. José Oscar Fajardo ikertzaileak 4G eta 5G sareetan edukien formatuak pertsonalizatzeko algoritmo berriak definitu ditubere doktorego-tesian. Bertan, EAEko hainbat udalerritan operadoreek gaur egun hedatuta dauzkaten 4G sareen kalitatea aztertu du. Datuak aztertu ondorne, lortu dute ohiko kalitate patroien ezaugarriak zehaztea hainbat mugikortasun egoeratan (autoan, autobusean, etxean…) eta hainbat erabileratan.

Seekios enpresa lapurtarrak doako erabilpeneko GPS balizak kaleratuko ditu udazkenetik aurrera. Crowfunding kanpaina baten bitartez abiatu zuten proiektua. Egun, mugikorreko app espezifiko batekin funtzionatzen duten zenbait baliza badaude merkatuan, baina hileroko harpidetza sistema bat eskatzen dute. Seekiosen modu desberdinean lan egiten dute: erabilpena doan izango da, baina baliza programatzeko ekintza bakoitza iragarki baten ondoren egin beharko da.

Astronomia

Espaziora tresnak bidaltzen hasi zirenean ez zuten uste objektuen pilaketa inoiz arazo bihurtuko zenik. Baina hala gertatu da eta egungo egoera larria da. Bai, zabor espazioaz ari gara. Beren lana egiteari utzi dioten sateliteek talka egiten dute orbitan. Ez da inpaktu handia izaten baina barruan dituzten erregaiak bai leher daitezkeela. Hau da, sateliteek talka egiten dutenean, zaborra milaka zatitan banatzen da. Agustin Sanchez Lavega UPV/EHUko fisika katedradunak eta Espazio Gelako koordinatzaileak azaltzen digu afera: “Azken datuen arabera, hamar zentimetro inguruko 20.000 puska daude orbitan. Txikiak dira, baina pentsa ezazue zelako kaltea eragin dezakeen horrelako batek segundoko 7,5 kilometroko –28.000 kilometro orduko– abiaduran doazen puska batek beste bat jotzean” Eta horren aurrean, zer? Irtenbidea sinplea omen da: etorkizuneko sateliteak automatikoki suntsitu daitezen diseinatuko dira. Dagoeneko espazioan dauden hondakinak berreskuratu nahi dituzte ere. Kalterik jaso ez duten sateliteak sailkatzea ez da zaila, gehienak radar bidez kontrolatzen dituztelako. Suzirien piezak dira arazoa, banan-banan bilatu behar direlako.

Genetika

Barbara McClintocki buruz aritu da Koldo Garcia honetan. Nobel Saria jaso zuen emakumeak. Ezagutu dezagun arrazoia. 1944.eko udatik aurrera, ikertzen hasi zen zergatik zuten artaburuek koloreen nahasketa. Egindako taxuzko lanaren ondorioz, bi osagai genetiko berri deskribatu zituen. Halaber, bi osagai hauek arto-aleen kolorea aldatzeko mekanismoa ere azaldu zuen. Kromosomak apurtzeko ahalmena zuten, alboko geneetan eragiten zuten eta salto egin zezaketen, kromosoman zuten kokapena zoriz aldatuta. McClintockek proposatu zuen mugitzen ziren osagai genetiko horiek geneen funtzioa kontrola lezaketela. Era berean, proposatu zuen geneen funtzionamenduaren kontrolak azaldu lezakeela material genetiko beretik abiatuta bizidun konplexuek zelula mota desberdinak edukitzea. Emaitzak aldizkarietan plazaratu zituen baina ez zuen arrakastarik izan. Izan ere, ordura arte geneek kromosometan leku finkoa zutela orokortuta zegoen. 1983.urtean jaso zuen Nobela, gizakiekin inoiz lan egin ez bazuen ere. McClintockek egindako aurkikuntza mugarri bat izan zen genetikaren historian.

Emakumeak zientzian

Martina Casiano y Mayor irakasleari buruz aritu gara aste honetan. 1905ean hasi zen irakasle Cuencan, Horcajo de Santiagoko neskatxoen eskolan. Urte berean, lanak Bilbora eraman zuen eta Bizkaiko Andereñoen Eskola Arruntean hasi zen lanean. Bertan garatu zuen bere ibilbide guztia. Beka bat eskatu zuen Alemaniara joateko. Egonaldi horri esker, memoria bat idatzi zuen, publikatu ez zuena baina hori, gerora idatziko zuen Experimentos de física tratatua publikatzeko baliagarria egin zitzaion. Estatu osoan fisikari buruzko tratatu bat publikatzen lehena izan zen (1915). Espaniako Gerra Zibil garaian ia-ia fusilatzen dute…


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.