Duela 170 milioi urte bizi izan zen itsas narrasti baten fosila aurkeztu dute aste honetan; oso ondo kontserbatutako lau metroko eskeletoa. Duela mende erdi aurkitu zuten Eskoziako Skye irlan, baina sedimentu artean harrapatuta zegoen, eta Eskoziako Museo Nazionalean gordeta izan dute orain gutxi arte.
Aski ezaguna da Nessie munstroaren kondaira. Eskoziako Ness lakua bisitatzera doazen turistak hor ibiltzen dira, ur azalean agertzen den edozein itzali argazkiak ateratzen, izaki mitologikoa harrapatuko dutelakoan.
Bada, Ness lakuan ez, baina handik berrehun bat kilometro mendebaldera aurkitu dute antzinako animalia beldurgarri baten aztarna. Storr Lakuetako Munstroa jarri diote izena, Skye irlako paraje horietan aurkitu zutelako haren fosila. Duela 170 milioi urte bizi izan zen. Eskozian, inoiz ez dute topatu dinosauroen aroko itsas narrasti baten hain eskeleto osorik.
Gaur egungo izurde baten baliokidea litzateke, nahiz eta, egiari zor, haren itxura berreraikitzeko egin duten irudiari erreparatuta, ez dirudien itsas ugaztunok bezain ederra. Lau metro luze zen, buru zorrotza zeukan, eta arrainak eta txibiak irensteko oso egokiak ziren kono formako ehunka hortz zituen. Iktiosauroen familiako alea da. Itsas narrasti horiek duela 245 milioi urtetik duela 90 milioi urtera arte bizi izan ziren. Hau da, dinosauroek lurra hartuta zuten garaian, iktiosauroak ziren jaun eta jabe itsasoan.
Dena dela, albiste honek duen bitxikeriarik handienetakoa zera da, Storr Lakuetako Munstroaren fosila 1966an aurkitu zutela berez, baina mende erdi honetan ezin izan dutela apenas ikertu. Izan ere, harkaitz sedimentario oso sendo baten barruan harrapatuta topatu zuten: duela hirurogei milioi urte luze Skye irla hartu zuen laba oldeak oskol sendoa eraiki zuen eskeletoaren fosilaren inguruan. Kalterik eragin gabe fosil hura harkaitzetik erauzteko tresnarik ez zutenez, Eskoziako Museo Nazionalaren biltegian gorde zuten altxorra, bere horretan.
Orain, baina, erakunde horrek berak eta Edinburgoko Unibertsitateak enpresa pribatu baten finantzazioa lortu dute, eta eskuratutako baliabideei esker, lau metroko eskeletoa sedimentuetatik askatu dute paleontologoek, onik.
Aste honetan jendaurrean aurkeztu ondoren, iktiosauro honen arrastoak sakon ikertzeari ekingo diote orain. Oso ondo kontserbatuta egoteaz gain, garaiagatik ere bada aztergai garrantzitsua. Izan ere, duela 170 milioi urte bizi izan zenez, Jurasiko Ertaineko animalia da Storr Lakuetako Munstroa, eta periodo horretako fosilak aurkitzea ez da batere arrunta. Hain zuzen, munduko toki gutxitan aurkitu izan dituzte orduko fosilak, eta Skye irla da toki bakan horietako bat. Horrenbestez, eskeleto luze hori oso lagungarria izango zaie ikertzaileei, Jurasiko Ertaineko iktiosauroen bilakaeran sakontzeko.
Steve Brussate paleontologoak eta Edinburgoko Unibertsitateko ikertzaileak adierazi bezala, “Storr Lakuetako Munstroaren gisako iktiosauroak jaun eta jabe ziren itsasoan, lurrazalean dinosauroak nagusi ziren garaian. Haien hezurrak nekez aurkitzen dira Eskozian, eta horrek bertako fosilen harribitxi bihurtzen du ale hau”.
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.