Asunción Linares Rodríguez (1921-2005), Espainiako lehenengo katedradunen artean
1961eko ekainaren 21ean argitaratu zen BOEn (Estatuko Aldizkari Ofiziala) Granadako Unibertsitateko Paleontologiako lehenengo katedradunaren izendapena: Asunción Linares Rodríguez doktorea. Zientzialari nabarmena zen, eta bizitza profesional luzean, ospe bikaina lortu zuen ikertzaile eta irakasle gisa. Izendapen gorenaz gain, ikasle ohiek esker on eta errespetu handiz gogoratzeak ere horren isla da. Linares Rodríguezek egindako ekarpen baliotsuen artean gailentzen da Granadako Unibertsitatean mikropaleontologia espezialitatea sartu izana, eta bide horretatik petrolioaren geologiaren arloko garapen interesgarria suspertu izana.

Genero oztopoak gaindituz
Pulianas udalerrian jaio zen, Granadan, 1921eko otsailaren 12an. Oso gaztea zela Asunciónek argi eta garbi erakutsi zuen emakumeek zientzian arrakastaz aritzeko gaitasuna zutela. Izan ere, 1942an, Madrilgo Complutense Unibertsitatean matrikulatu zen, eta Zientzia Naturaletako Lizentziatura eskuratu zuen 1947an. Ordutik aurrera, unibertsitateko irakaskuntzan eta ikerketan jardun zen.
Bermudo Meléndez Meléndez (1912-1999) paleontologiako katedradun errespetatuaren zuzendaritzapean, garai hartan «gaztelaniaz hitz egiten zuen paleontologo nabarmen eta ezagunena», Asunción Linaresek doktorego tesia egin zuen. 1952an, gazteak bikain defendatu zuen bere lana: Revisión de los trilobites de España (Espainiako trilobiten berrikuspena). Esan behar da trilobiteak animalien erreinuko talde ugarienetako batekoak direla, artropodoak, Paleozoikoko fosil bereizgarrienak irudikatzen dituztenak. Paleozoikoak duela 550 eta 250 milioi urte arteko aldia hartzen du.
Doktoregoa erdietsi ondoren, 1957tik 1961era, Linaresek hainbat azterlan egin zituen Frantzian, paleontologo nabariekin lankidetzan. Aurrerapen garrantzitsuak lortu zituen bere espezialitatean, eta horiek estatu eta nazioarteko mailako argitalpen ugaritan jaso dira. Curriculum bikaina izanik, 1961ean, Granadako Unibertsitateko Paleontologiako Katedran sartu zen. Espainiako Zientzietako Fakultate batean katedradun plaza bat eskuratu zuen lehenengo emakumeetako bat izatearen meritua izan zuen, Wikipedian agertzen denaren arabera.
Paleontologo handi baten ibilbide emankorra
Granadako Unibertsitatean, 26 urtez, Asunción Linares Rodríguez bikain aritu zen irakaskuntza eta ikerketa lanean. Bere tutoretzapean prestatutako graduatuen belaunaldi ugarik asko estimatzen zuten irakaslea izan zen. Bere ikerketa lana zuzendu zituen hemezortzi doktorego tesietan islatu da. Gainera, zehaztu gabeko lizentziatura tesi kopuru bat (ehun inguru) eta nagusiki ammonoideei buruzko ehun ikerketa lan paleontologiko baino gehiago (Jurasikoko molusku fosil batzuk, duela 200 eta 140 milioi urte bitartean bizi izan zirenak) zuzendu ditu.
Halaber, Linares Rodríguezek egiteko nabarmena izan zuen bere unibertsitatean mikropaleontologia espezialitatea sartzean, hau da, organismo mikroskopiko fosilen edo mikrofosilen azterketa (normalean milimetro bat baino txikiagoak); horretarako, mikroskopioa eta prestaketa teknika berezi batzuk erabili behar dira.
Wikipedian irakur dezakegunaren arabera, paleontologiako espezializazio bat da, printzipio zientifikoak berberak baitira. Mikrofosilek hainbat landa-lanetan dute balioa, duten tamaina txikia, ugaritasuna eta banaketa geografiko zabala tarteko. Adibidez, arroken tokiko azterketarako erabil daitezke, baliabide naturalak ustiatzeko, hala nola petrolioa, gasa, ikatza, etab. Era berean, mikrofosil batzuk oso baliagarriak izan daitezke denbora geologikoan zehar gertatu diren askotariko ingurumen baldintzak berreraikitzeko.
Teknologia berritzaile horrekin, zientzialariak lorpen garrantzitsuak erdietsi zituen, arroka sedimentarioen datazioari buruzko proiektu espezializatuetan eta iraganeko klimen interpretazioan parte hartu zuen, eta, aldi berean, petrolioaren geologiaren garapena bultzatu zuen. Hori guztia motibatzen eta estimulatzen jakin zuen ikasleek osatutako ikerketa taldeak zuzenduz.
Aitortzak eta sariak
Asunción Linares CSICeko «Lucas Mallada» Institutuko (1958-1962) kolaboratzaile zientifikoa eta Espainiako Paleontologia Elkartea ohorezko bazkidea izan zen. 1967an erretiratu ondoren, Granadako Unibertsitateko irakasle emeritua izatera igaro zen. Granadako Zientzia Zehatzen, Fisikoen eta Naturalen Akademiako zenbakizko akademikoa izatearen ohorea izan zuen, eta, beste kargu batzuen artean, Unibertsitateko errektoreordea izan zen.
Asunción Linares Rodríguez 2005eko apirilaren 21ean hil zen bere jatorrizko probintzian, gaixotasun luze baten ondorioz. José Sandovalek eta Leandro Sequeirok deskribatu dutenaren arabera, «desagertu ondoren, kausa solidarioetan aritu zela aitortu da, ospitaleetan boluntario gisa aritu baitzen, deserrotutako emakumeei laguntzen; gainera, eremu baztertuetan hezkuntza ematen zuen erakunde bateko patronatuko presidentea izan zen».
Oroigarri honek balio dezala nabarmentzeko Espainian 1961era arte itxaron behar izan zela emakumezko geologo kualifikatu batek unibertsitate publikoan katedraduna izan zedin. Oraindik soiltzen ari den bide luze baten hasiera izan zen.
Iturriak:
- BOE (1961ko ekainaren 21a) «Orden de 26 de mayo de 1961». BOE, 147: 9373
- Necrológica: Dra Asunción Linares Rodríguez, Catedrática de Paleontología de la Universidad de Granada, Boletín de la Comisión de Historia de la Geología de España Núm. 26 (2005) 22
- Mujeres y geología: Homenaje a nuestras pioneras. Hitos atalean argitaratuta 2015/01/24. Marta Macho Stadler-ek editatuta. Mujeres con ciencia
- Sandoval, J.; Sequeiros, L. (2005). In Memoriam: Asunción Linares Rodríguez (1921-2005). Newsletter Internacional Subcommission Jurassic Stratigraphy 32, 42-43
- Asunción Linares Rodríguez, Wikipedia
Egileaz:
Carolina Martínez Pulido Biologian doktorea da eta La Lagunako Unibertsitateko Landare Biologiako Departamentuko irakasle titularra. Bere jarduera nagusia dibulgazio zientifikoa da eta emakumeari eta zientziari buruzko hainbat liburu idatzi ditu.
Mujeres con Ciencia blogean 2025eko azaroaren 19an argitaratu zen artikulua: “Asunción Linares Rodríguez (1921-2005), entre las primeras catedráticas españolas“.
Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.