Mareek eragiten al diete animalia urtarrei?
“Gazte-galderak” egitasmoak DBHko ikasleen zalantzak, galderak eta zientzia ikusminari erantzutea du helburu. EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta The Conversation plataformaren ekimena da eta zientzialari adituen dibulgazio-artikuluen bidez ematen diote erantzuna gazteen jakin-minari.
Bergarako Aranzadi Ikastolako 3. DBHko ikasleen galdera: Mareek eragiten al diete animalia urtarrei?
Mareen efektupeko bizitza mugako bizitza da, Far West moduko bat, berritzaileentzat, azkar eta indartsuenentzat eta ondoen moldatutakoentzat aukera ugari eskaintzen dituena.
Marearteko deitzen zaio itsasgora dagoenean hondoratuta eta itsasbehera dagoen kanpoan geratzen den kostako eremuari. Askotariko ornogabeak bizi dira eremu horretan, hala nola moluskuak, krustazeoak, kelizeratuak, anelidoak, ekinodermoak, knidarioak, tunikatuak, azelomorfoak, turbelarioak, briozooak, poriferoak…
Habitatetik egunean bitan kanporatuak
Batez ere Ilargiaren grabitate indarraren eraginpean, itsas maila igo eta jaitsi egiten da. Ilargiaren grabitateak ozeanoetako ura erakartzen du, eta itsasgorak sortzen ditu hurbilen duen Lurraren aldean. Eguzkia, Ilargia eta gure planeta lerrokatuta daudenean, marea biziak izaten ditugu, eta angelu zuzenean daudenean, marea hilak, ez hain biziak.

Ura sei ordu inguruko zikloetan joan eta etortzen da; hortaz, egunean bitan itsasertzeko organismoak elikagaia, oxigenoa, hezetasuna eta babesa ematen dien ingurunetik “abduzitzen” dira. Nola ateratzen dira aurrera? Marearteko espazioa ez da uniformea, eta han biztanleentzako baliabide eta erronka paregabeak eskaintzen dizkieten mikrohabitatak sortzen dira.
Uretatik kanpo bizirik irautea
Lehenik eta behin, ura desagertzen bada, animaliek lehortzea saihestu behar dute. Helburu horretarako, ornogabe askok maskor gogor eta hermetikoak garatzen dituzte, itsasbeheran itxita izaten dituztenak; aldiz, beste espezie batzuek ura xurgatzeko gai diren mukosa estaldurak sortzen dituzte.

Deshidratazio partzial batek bizitzeko funtsezkoak diren proteinak eta beste makromolekula batzuk kolapsatzea eragingo luke, eta, horregatik, ura galtzea saihesten duten azukreak ere metatzen dituzte. Gainera, muskuilu, anemona, lanperna eta ezkur (krustazeo mota bat) askok koloniak osatzen dituzte, pilaketak hezetasunaren galera moteltzen baitu.
Uretatik kanpo oxigenoa lortzeko, karramarroek airea arnas dezakete brankiak hezetuz, eta arrain batzuek, berriz, larruazaletik edo eraldatutako organoetatik arnasten dute. Oro har, animaliek oxigeno gutxiago kontsumitzen dute, eta metabolismo duala garatzen dute: aerobikoa (oxigenoa erabiliz) eta anaerobikoa (oxigenorik gabe). Horretarako, glukogeno erreserbak metatzen dituzte energia biltegi gisa; horrek azaltzen du zergatik diren hain nutritiboak moluskuak eta krustazeoak.
Olatuen oldarren kontra egitea
Bigarren erronka da mareen arteko espazioan olatuen indarrari aurre egitea, eta substratuan finko geratzea ahalbidetzen dieten sistemen bidez lortzen dute hori. Horrela, nolabaiteko itsasgarri gisa funtzionatzen duten proteina espezializatuak aurkitzen ditugu (bibalbioak eta lanpernak), edo arrokak “zupatzen” dituzten oinak (lapak).
Bestalde, Pholas generoko txirlek eta itsas trikuek zulo txikiak egiten dituzte arroketan babesleku gisa; anemonek, briozooek eta lanpernek, berriz, gorputz malguak dituzte, olatuetan “surf egiteko” askatu gabe. Eta hondarretan eta lokatzean, almejek, anelidoek edo zizare azelomorfoek errezeptore sentsorialak garatu dituzte marea noiz iritsiko den identifikatzeko; hala, hondeatu dezakete eta itsasoa datorrenean babestu.

Tenperaturaren eta gazitasunaren muturreko aldaketa
Beste arazo bat aldaketa termiko handiak dira (20–25°C arte), airearekiko esposizioa dela eta. Itsasbeheran, marearteko animaliek “talka termikoko proteina” ugari ekoizten dituzte, tenperaturaren igoerak kaltetutako proteinak konpontzea ahalbidetzen dietenak.
Gainera, oszilazio horiek zurrunegi edo bigunegi bihurraraz ditzakete zelula mintzak, eta, beraz, doitu egin behar da zelulak osatzen dituzten lipidoen osaera. Hori lortzeko, tenperaturak jaisten direnean, kolesterol mailak modulatzen eta gantz azido poliasegabeak ekoizten dituzte, eta tenperatura igotzen denean, berriz, aseak.
Eurien eta putzuak lurruntzearen ondorioz, ura diluitu edo oso gazi bihurtu daiteke. Eta hemen agertzen da osmosia. Ez da Egiptoko jainkosa bat, propietate fisiko bat baizik; hain zuzen, osmosiak uraren mugimendua mintz erdiiragazkor baten bidez, hala nola zelula batenaren bidez, azaltzen du, eta marearteko animaliek estrategia sofistikatuekin findu dute. Horrela, beren osaera kimikoaren orekari eusten diote eta ez dira lehertzen (ura diluituegia badago) edo bakailao idor bat bezain lehor geratzen (gehiegizko gazitasunagatik).
pH aldaketen eta Eguzkiarekiko esposizioaren aurreko egokitzapenak
Marea putzuetan, gainera, CO₂ metatzen da; horren ondorioz, pH-a murrizten da, eta, beraz, putzuotan bizi diren organismoen fluidoak azidoago bihurtzen dira. Horri aurre egiteko, animaliok “tanpoi” sistemak dituzte; sistema horietan, bikarbonatoak eta fosfatoak erabiltzen dituzte edozein fluidoren pH-ari egonkor eusteko. Gainera, eboluzioan zehar azidifikazioa eragiten duten protoien kontzentrazioa doitzen duten entzimak eskuratu dituzte, eta, gainera, beren proteinetako askok balizko barneko pH aldaketei aurre egiten diete.

Hori gutxi balitz bezala, Eguzkiarekiko eta erradiazio ultramorearekiko esposizioak oxigenozko erradikal askeak ekoizten dituzte, hau da, zelulen DNA, lipido edo proteinetarako oso kaltegarriak izan daitezkeen elektroi “solteko” molekulak. Ateratzen direnean, marearteko animaliek kalteak konpontzeko proteinak sortzeaz arduratzen diren geneak aktibatzen dituzte. Halaber, entzima eta pigmentu antioxidatzaileen mailak handitzen dituzte, hala nola karotenoideena, zeinak laranja kolore bereizgarria ematen baitio muskuiluen haragiari.
Beste batzuek, hala nola trikuek eta anemonek, jokabidea moldatuz eskuratu dute babesa: txano eta itzalkinen faltan, arrokekin eta maskorrekin estaltzen dira itsasbeheran, Eguzkiarekiko zuzeneko kontaktua saihesteko.

Animalia batzuek Eguzkiarekiko esposizio hori bertute bihurtu dute. Molusku eta knidario askok (koralak, anemonak) sinbiosi erlazioak ezartzen dituzte organismo fotosintetikoekin (alga zelulabakarrak), eta fotosintesia egitea ahalbidetzen diete. Adibidez, Simsagittifera roscoffensis zizareak fotosinbiosia ezartzen du Tetraselmis convoluta alga berde zelulabakarrarekin; azken horren energia ekarpenik gabe ezingo luke bizirik iraun. Itsasbeheran hareatzaren azalera ateratzen da, fotosintesi hori ahalbidetuko duen argi bainua hartzeko, eta, olatua etortzen denean, berriro hondarretan murgiltzen da.

Ugaltzeko erronka itzela
Eta, azkenik, marearteko izakien ugalketaren arrakasta marea biziak eta hilak zehazten dituzten ilargi zikloekin eta mareekin sinkronizatzeko gaitasunak baldintzatzen du. Horretarako, erloju biologikoak garatu behar dituzte: barneko mekanismo zirkadianoak (24 ordukoak), zirkamarealak (12 ordu eta 25 minutu) eta zirkalunarrak (29 egun eta 12 ordu); izan ere, mekanismo horiek doitzen dituzte gametoen, askapen sinkronizatuko denborak, hau da, sexu zelulak –maskulinoak eta femeninoak–, bat egitean arrautza osatzen dutenak.
Ilargi betean edo berrian (anplitude handiagoko mareak daudenean) gametoak edo larbak askatzeak korronteen bidezko sakabanaketa ahalbidetzen du, harrapakarien arriskua murrizten du, eta sexu zelula horiek uretan topatzeko probabilitateak handitzen ditu. Knidario, belaki eta poliketo asko ospetsuak dira Ilargiarekin sinkronizatutako ugalketa leherketengatik.
Zenbait zizare mota asexualki ugaltzen dira itsas hondoan, baina aldizka sexualki egin behar izaten dute. Hori itsas azalean soilik gerta daiteke, bi sexuetako gametoen topatzea Ilargi betearekin sinkronizatuz. Espezie batzuek, orduan, epitokia izeneko metamorfosia izaten dute: zizare osoa edo gametoak dituen banandutako zati bat azalera igotzen da, eta han, erabateko leherketa baten bidez askatzen dira eta sexu zelulak topatzen dira.
Gure ozeano planetako edozein lekutan, mareartekoa berrikuntza ebolutiboko lekua da. Karibeko piratak filmean ondo zekiten bezala, mareak misteriotsuak izan daitezke…
Egileaz:
Zientzia eta Teknologia Fakultateko Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia Saileko irakasle eta ikertzailea da.
Artikulu hau The Conversation plataformako Júnior atalean irakur daiteke gaztelaniaz: ¿Afectan las mareas a los animales acuáticos? 12-16 urte bitarteko ikaslea bazara eta zientziaren inguruko galderarik izanez gero, bidali helbide honetara: kzk.komunikazioa@ehu.eus