Nobel sariak
Medikuntzako, Fisikako eta Kimikako Nobel nortzuk jasoko dituzten jakinarazi dute eta sarituen taldean ez dago emakumerik aurten. Guztira, zazpi pertsona dira eta guztiak dira gizonezkoak. 826 sari eman dira (aurten iragarri direnak ere kontuan hartuta) eta sarituen artean 48 emakume dira bakarrik. Haietako batek bitan jaso zuen saria: Marie Curie: Fisikakoa 1903an eta Kimikakoa 1911n.
Medikuntza saria Yoshinori Ohsumi japoniarrarentzat izango da, autogafiaren (zelularen osagaiak desegiteko eta berrerabiltzeko prozesuari deitzen zaio) mekanismoari buruz egindako aurkikuntzengatik. Prozesu fisiologiko askoren oinarrian dagoela ohartarazi du Nobel Akademiak; adibidez, gosearen aurrean egokitzean edo infekzioei erantzutean. Autofagiaren mekanismoarekin lotutako geneen mutazioek, berriz, minbizia edo gaixotasun neurologikoak ekar ditzakete. Ohsumiren lanari esker jakin da hori guztia.
Ohsumi biologoak hedabideen aurrean esan zuen autofagiaren ikerketa ordu askoren fruitua dela: “Urte asko daramatzat galdezka ea zelulek barruan zer duten”. Hainbat erantzun aurkitu ditu, eta, horregatik, haren azterlanak egokiak dira gaur egun Alzheimerren gaitza, Parkisonen eritasuna edo minbizia tratatzeko ate berriak zabaldu ahal izateko.
Fisikako sariari jarraiki, David J. Thoulees-ek, F. Duncan M. Haldane-k eta J. Michael Kosterlitz-ek jasoko dute fase-trantsizio topologikoak eta materiaren fase topologikoak teorikoki azaltzeagatik, eta hala, materia lauaren fenomeno arraro batzuk argitzeagatik. Elhuyar aldizkarian azaltzen digute zertan datzan hori. Bi dimentsioko edo bakarreko munduari leiho bat ireki zioten saridunek. Hiru saridunek topologiaren (matematika arloko adar bat) bidez azaldu dituzte materiaren ezohiko fase edo egoera batzuetan gertatzen diren fenomeno batzuk; esaterako supereroaleetan eta superfluidoetan. Kosterlitzek eta Thoulessek eremu lauetan gertatzen diren fenomenoak ikertu dituzte. Eremu lau horiek gainazalak edo oso geruza finak izan daitezke, zeinak bi dimentsiokotzat hartzen diren. Eta Haldanek dimentsio bakarrekotzat hartzen diren hari oso finak ere ikertu ditu.
Berria egunkariak ere ematen digu honen berri. Metodo matematiko aurreratuak erabili dituzte materiaren fase edo egoera ezohikoak aztertzeko. Haien lan “aitzindariari” esker, materiaren fase “exotikoak” bilatzea da orain helburua.
Eta azkenik, 2016ko Kimikako saria dugu banatzeko. Aurtengo abenduan Jean-Pierre Sauvage frantziarrak, J. Fraser Stoddart eskoziarrak eta Bernard L. Feringa herbeheretarrak jasoko dute, munduko makinarik txikiena garatzeagatik, hau da, mikroskopio elektronikoz bakarrik ikus daitezkeen makina molekularrak. Makina molekular horiek izandako garapen historikoa dakarkigu Elhuyar aldizkariak, hemen duzue artikulua osorik.
Ikerketa mota horietan aitzindariak izan diren lanak ere daude irakurgai Berrian. Sauvage izan zen lehenengoa; 1983. urtean molekulekin osatutako “kate bat” egin zuen.
Nobel sariekin jarraituko dugu baina ez aurten banatuko direnekin. Kimikan 1986.urtean jaso zuen ikertzailearekin hitz egin du Berriak: Dudley Robert Herschbach (San Jose, Ameriketako Estatu Batuak, 1932). Yuan T. Lee eta John C. Polanyi zientzialariekin batera, Nobel saria jaso zuen molekulen portaera aztertzeko teknika garatzeagatik. DIPC, Donostia International Physics Centerrek antolaturiko Passion for Knowledge 2016 egitasmoan egon da, hirugarrenez. Bere ustez, zientziaren helburu gailena naturaren hizkuntza ulertzea da eta hori lortzeko badu erantzuna: “Erantzun zuzenen ordez, galdera egokiak behar ditugu”. Ohiko eskoletatik eta ikerkuntzatik erretiratu da baina zientziari lotutako hainbat egitasmotan dabil lanean. Euskal Herrira etorri aurretik, IG Nobel sarietan izan da eta horiei buruz hitz egin du: “Zientziaren arloan barregarriak diren ikerketak saritzen dira. Ondo pasatzea, barrea eragitea eta jendea pentsatzera bultzatzea dira helburu nagusiak”.
Osasuna
UPV/EHUren azterketa baten arabera, anbulantziek infekzio arriskuak izan ditzakete. Izan ere, desinfekzio protokoloak izan arren hutsuneak nabarmen dituzte ikertzaileek egindako azterketan. Organismo patogeno hauek, sarri askotan, suntsiezinak dira farmako askoren aurrean eta eskuak dira transmisiorako bide ohikoena. Laginak hartzen ari ziren bitartean, ohartu ziren larrialdietarako hamar unitate haietako batean ere ez zegoela eskuak garbitu ahal izateko komunik (ez da derrigorrezkoa), baina zortzi anbulantziatan uraren eta xaboiaren ordezkoa den gel hidroalkoholikoa zeramaten. Horrez gain antzeman zuten ohartu anbulantzia garbitu eta desinfektatzeko moduari buruzko protokolo idatzirik ez zegoela. Aipatzekoa da osasun ibilgailuetan antzemandako kutsadura mailak baxuak izan direla.
Osteopatiaz, fisioterapiaz eta kiropraktikaz aritu da Josu Lopez-Gazpio honetan. Espainian ez dago osteopata-titulu ofizialik eta fisioterapia-ikasketen parte da osteopatia. Zientziaren eta sasi-zientziaren arteko mugan kokatzen da praktika hau eta hiru diziplina ditu: egiturazkoa, garezurrekoa eta erraietakoa. Fisioterapeutak muskuluak elastifikatzeko eta haien mugimendua normaltzeko dihardu eta osteopatak, berriz, energia askatzen du. Osteopatiaren beste bi diziplinak guztiz sasi-zientifikoak direla azaltzen digu kimikariak. Batak garezurreko masajeen bidez, esaterako, gerriko mina senda daitekeela dio eta besteak, erraietakoak, masajeen bidez gorputzeko barne-organoak senda daitezkeela dio. Kiropraktikari dagokionez, bizkarrezur eta ornoei eskuez eragitean oinarritzen den tratamendua da. Praktika honen arabera, gorputz guztia bizkarrezurrean irudikatuta dago eta, hortaz, bizkarrezurra manipulatuz gorputzeko beste atalak ere senda daitezke. Kiropraktikoek teknika gogorrak erabiltzen dituzte bizkarrezurra manipulatzeko, eta Lopez-Gazpiok jakinarazi digunez, bibliografia zientifikoan dokumentatuta dago kiropraktikak albo-ondorio arriskutsuak izan ditzakeela (dislokazioak eta hausturak, besteak beste). Ondorio batzuetara iristen gara honekin. Ebidentzia zientifikoari eta frogei dagokienez, osteopatia eta kiropraktika ez dira eraginkorrak hezur eta muskuluetakoak ez diren eritasunak sendatzeko.
Medikuntza
Olga Peñagarikano, EHUko ikertzaileari egin diote elkarrizketa. Oxitozina faltak autismoan duen eragina ikertzen ari da. Maitasunaren hormona ere deitzen zaio eta modu naturalean sortzen dugu, erreprodukzioaren hainbat atalekin lotuta dago, gainera. Portaera sozialean ere badu eragina: “Orain arte egindako entsegu klinikoetan ikusi da autismoa duten pertsonen interakzio soziala hobetu egiten dela pazienteak oxitozinarekin tratatzean. Aldi berean, oxitozina sistemarekin lotutako urritasunek autismoaren garapenean zerikusia izan dezaketela ikusi da“, adierazi du Peñagarikanok.
Genetika
Dopinari buruzko artikulua dugu hau. Baina ziur hau ez dela hain ezaguna: dopin genetikoa. Fenomeno kezkagarria da hauxe, eta laborategian kirolariak nahi bezala moldatzeko ahalmena dauka. Teorian kirol-errendimenduarekin harremanetan dauden geneen kopia kopurua gehituta, haien espresio tasa ere handituko da. Aldaketa hauek kirolariaren fenotipoan eragin zuzena daukate, hau da, atleten erresistentziatik hasita indarra hobetzeraino ere hel gaitezke. Hori gutxi balitz, oso zaila da dopin genetikoak giza genoman eragindako moldaketa hauek detektatzea, konplexutasun handiko kontua baita artifiziala eta naturalaren arteko muga ezartzea. Oraindik ez da ezagutzen dopin genetikoa bere osotasunean detektatzeko teknika fidagarririk.
Antropologia
Meritamun, Egiptoko faraoien garaian bizi izan zen emakumearen erreplika egin dute. Nola? Bi mila urte baino gehiago dituen buruezur momifikatua hartu dute oinarrian, hiru dimentsiodun inpresioaren bitartez, eta horren gainean eskultore batek bere aurpegia berreraiki du. Meritamunen burezurra Melbourneko Unibertsitateko Medikuntza Fakultateko sotoan agertu zen. Meritamun zergatik hil zen argitzen ere saiatzen ari dira ikerketa honetan. Eskanerrari erreparatze hutsaz, burezurraren zati batzuetan hezurra mehartuta dagoela antzeman du Stacey Gorsky, Melbourneko Unibertsitateko Biomedikuntza masterreko ikasleak. Anemiaren sintoma da eta gainera, infekzioak ikusi dizkio bi hortzetan.
Biologia
Urteetan pentsatu izan da itsas sugeek itsasoko ura edaten dutela euren ur-beharrak asetzeko. Baina hiru espezierekin egindako esperimentuetan, ikusi da itsasoko urik edaten ez dutela. Taiwanetik hurbil harrapatu zituzten sugeak eta gatibu mantendu itsasoko ura edaten ote duten frogatu ahal izateko. Oso argia izan zen emaitza: bai eta oso egarri izanik ere, ez zuten itsasoko urik edan; ur geza edo, gehienez ere, ur gazi-geza oso diluitua onartzen zuten soilik. Halere, zalantza bat argitzeko dago oraindik: zertarako behar dituzte suge horiek gatz-guruinak? Artikulu honen egileek azaltzen dutenez, baliteke guruin horien betebeharra erregulazio ionikoa izatea eta ez, orain arte uste izan den bezala, erregulazio osmotikoa; hau da, baliteke ioi jakin batzuen balantzea mantentzea izatea haien zeregin nagusia, eta ez kontzentrazio osmotikoa konstante mantentzea. Hortaz, bai edaten dute ura, baina ez ur gazia.
Neurozientzia
Clara Martin ikertzaileari elkarrizketa egin diote Berrian, hizkuntza bat edo beste aktibatzeko elebidunek erabiltzen duten sistemari buruzko ikerketaren harira. Jakina da elebidun baten bi hizkuntzak aktibatuta daudela burmuinean. Martinek azaltzen du sistema bat egon behar duela momentu bakoitzean zein hizkuntza erabili behar duen erabakitzeko. “Orain arte uste zen aukeraketa hori solaskidea entzun ondoren egiten zela, baina ikerketa honek agerian utzi du solaskideari entzun baino lehen aurreikus dezakeela zein hizkuntzatan hitz egingo dion, eta, beraz, dagokion hizkuntza aukeratu. Hala, hasierako komunikazio hori eraginkorragoa da”, argitzen du Martinek. Halaber, hizkuntzak eta aurpegiak lotura estua dute: “Elebidunek pertsona bat ezagutzen dutenean, pertsona horri hizkuntzari lotutako etiketa bat jartzen diote. Hala, burmuinean ezagutzen dituzten pertsona guztien aurpegiak dituzte, eta horrekin batera gordetzen dute haien hizkuntzari lotutako etiketa”.
Jon Andoni Duñabeitia, psikologian doktorea da eta orain ikertzen ari da hizkuntza bat edo bat baino gehiago jakiteak nola aldatzen duen gure garuna. Ikerketa lanean, hizkuntza baten ikasketa prozesua ere hartzen dute kontuan eta prozesu horiek helduen kasuarekin alderatzen dituzte: “Nagusi eta agureen kasuan ikusten dugu gauza asko galtzen joaten direla, horien artean hizkuntza. Aztertzen dugu hori markatzaile bat izan daitekeen alzheimerra edo neuroendekapenezko beste gaixotasun batzuk garatzeko. Hau da, hizkuntzaren galerak baduen horretan zerikusirik edo hizkuntza bat baino gehiago jakiteak abantailak ematen dituen”, azaltzen du. Ikerketa-lanak elebidunen eta eleanitzen konparaketarako badu espazioa. Alde batetik, garuna fisikoki ezberdina den aztertu dute, eta bestetik joera konduktualak. Duñabeitiak gidatzen duen proiektuak bi eremu ditu beraz: alde batetik, Indian eta Txilen alfabetatu gabeko pertsonak aztertuko dituzte, eta, bestetik, Euskal Herrian alfabetatuak baina elebakarrak diren pertsonak (gaztelera bakarrik dakitenak). Denak dira helduak: Txile eta Indian 25-35 urte artekoak eta Euskal Herriaren kasuan 70 urtetik gorakoak. Artikulu osoa irakurtzea gomendatzen dizuegu, ikerketa honen zertzeladak argiago ikusteko!
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.