Anbulantziak mikroorganismoen sorburu

UPV/EHUren azterketa baten arabera, anbulantziek infekzio arriskuak izan dezakete. Izan ere, anbulantzietan desinfekzio protokoloak izan arren hutsuneak nabarmen dituzte ikertzaileek egindako azterketan. Ondorioz, anbulantzietako kutsadura bakterianoa murrizteko, protokoloak osatu eta osasun pertsonala higieneaz kontzientziatu behar dela azpimarratu dute ikerketan.
fire-department-1256591_1280

Irudia: Bilboko metropoli-barrutiko anbulantzietan agertutako mikrobio kutsadura, AEBtan egindako antzeko ikerlanetan aurkitutakoa baino askoz ere txikiagoa izan da.

Anbulantziak mikroorganismoen sorburu izan daitezke eta hauek gaixo edo osasun pertsonalari transmititu ahal zaizkien eritasunak sor edo garatu ditzakete. Organismo patogeno hauek, sarri askotan, suntsiezinak dira farmako askoren aurrean eta eskuak dira transmisiorako bide ohikoena. Erizaintza, medikuntza eta biologiaren arloetako profesionalen talde batek, Guillermo Quindós mikrobiologiako katedradun eta ikertzaile nagusiak koordinatuta, zeharkako lan bat egin du anbulantzietan gertatzen diren mikrobio eta bakterioen kutsadura aztertzeko. Lehendabiziko aldia da gure herrian era honetako ikerketa lana egiten dela, oinarrizko bizi euskarriko ibilgailuen inguruan.

Laginak 2012ko uztailean jaso ziren Bilboko barrutian dabiltzan oinarrizko bizi euskarriko 17 anbulantzietatik 10etan. Osasun ibilgailu hauek batez beste 225 esku hartze izan zituzten azterketa mikrobiologikoa egin aurreko 30 egunetan.

Laginak hartzen ari ziren bitartean, ohartu ziren larrialdietarako hamar unitate haietako batean ere ez zegoela eskuak garbitu ahal izateko komunik (nahiz eta ez da derrigorra), baina zortzi anbulantziatan uraren eta xaboiaren ordezkoa den gel hidroalkoholikoa zeramaten. Horrez gain antzeman zuten ohartu anbulantzia garbitu eta desinfektatzeko moduari buruzko protokolo idatzirik ez zegoela. “Komenigarria da oso protokolo bat izatea, desinfektatzeko lana asko errazten duelako, egin beharreko urratsak zehatz-mehatz jasota” adierazi du Guillermo Quindós Euskal Herriko Unibertsitateko Mikrobiologiako katedradunak.

Anbulantzia bakoitzean sei puntu aztertu ziren: bi gidatzeko kabinan eta lau gaixoentzako eremuan. Jasotako 60 laginen % 73an mikrobio gehiago antzeman ziren bolantean, pasaiariaren atearen barruko eskulekuan eta ohatilaren eskutokietan. Datu hauek ikusita, gerta daiteke kutsadura gurutzatua gertatzea gaixoaren eremuaren eta gidariaren kabinaren artean, ohitura ezegokien erruz, adibidez, eskularruak jantzita gidatzea, gaixoa artatu ostean, edo eskuak ez garbitzea. Guillermo Quindós ikertzaileak nabarmentzen du “osasungintzan lan egiten duten pertsonen artean eskasegia da eskuak garbitzeko ohitura eta beharrezkoa litzateke kontzientziatzea higiene neurri honek mikrobioen bidezko kutsadura ekiditeko duen garrantziaz jabetzearren”.

Lagin ezberdinak analizatu ostean, UPV/EHUko taldeak Staphylococcus aureus, estafilokoko koagulasa negatiboa eta bestelako koko Gram-positiboak, enterobakterioak eta beste bazilo Gram negatibo batzuk aurkitu zituen. Aurkitutakoek maila asaldagarririk ez duten arren, erne egon beharra dagoela adierazten dute, kutsatze gurutzatua egon baitaiteke ospitalearen barne eta kanpoko eremuen artean, anbulantzietan egiten diren garraioen bidez. Hala ere, esan beharra dago osasun ibilgailuetan antzemandako kutsadura mailak baxuak izan zirela. Izan ere, bi anbulantziatan beste inon ez zen aurkitu Staphyloccocus aureus-en hiru kultibo, agente infekziosoak, oldarkorragoak, pertsona osasuntsuengan egon daitezkeen arren, ospitaleetan infekziorik eragin ditzaketenak, bereziki gaixoengan. Aitzitik, azterketak erakutsi du Bilboko metropoli-barrutiko anbulantzietan agertutako mikrobio kutsadura askoz ere txikiagoa izan dela AEBtan egindako antzeko ikerlanetan aurkitu denarekin erkatuta.

Erreferentzia bibliografikoa:

Aketza Varona-Barquin, Sendoa Ballesteros-Peña, Sergio Lorrio-Palomin, Guillermo Ezpeleta, Verónica Zamanillo, Elena Eraso, Guillermo Quindós.. Detection and characterization of surface microbial contamination in emergency ambulances.. American Journal of Infection Control (2016). DOI: http://dx.doi.org/10.1016/j.ajic.2016.05.024.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Anbulantziek infekzio arriskurik izan dezakete.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>