Guillermo Quindós: “Genetikoki ikertzeko dago prestatu gizakia”

Peru S. Gamarra

Hipocrates karrikan gaude, Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza Fakultatean. Egun lasaia dela dirudi, ikasle gutxi ikusten baititugu bertan –azterketa garaia da-, eta ordenagailua eta grabadora eskuan ditugula ‘0P3’ bulegoaren bila hasten gara. Korridoreetan zehar doktoregaiak eta irakasleak besterik ez ditugu ikusten. Gehienak, gainera, beren ikerketetan murgilduta daude. Polita da hauek denak lanean ikustea. Datozen urteetan etorriko diren ikertzaileak hemendik aterako direla pentsatzea eta, neurri handi batean, etorkizuneko aurkikuntza batzuk –espero asko izatea- beren esku egongo direla irudikatzea hunkigarria da erabat. Beraiek dira etorkizuna. Nork daki, beharbada hauetako gazteren bat Nobel sariduna izan daiteke egunen batean… Gauza ona izango litzateke gurean egiten den ikerkuntzarako, zalantzarik gabe.

Hala ere, Zientzia Kaiera ez da doktoregai batekin geratu oraingoan. Guillermo Quindós ezagutzera hurbildu gara Leioaraino. Makina bat buelta eman ostean hor ikusten dugu ‘0P3’ karteltxoa, bere bulegoari izena ematen diona. Iritsi gara. Atea ireki eta irribarre amaigabe batekin agurtzen gaitu. Badu gogoa elkarrizketarekin hasteko. “Lasai, egin nahi dituzun galdera guztiak. Ahal bezain ongi erantzuten saiatuko naiz. Hori bai, asko luzatzen banaiz moztu arazorik gabe!”, esaten digu barre artean UPV/EHUko Medikuntza eta Odontologia Fakultatean Mikrobiologian katedraduna den ikertzaile honek.

Guillermo Quindós

Guillermo Quindós

– Mikrobiologian katedraduna zara. Baita ikertzailea eta irakaslea ere Euskal Herriko Unibertsitatean. Nola azalduko zenioke zure lana ezagutzen ez duen norbaiti?

Nire lanak aurpegi asko dituela esan beharko nuke lehenik eta behin. Alde batetik, eskolak ematen ditut. Bestetik, ikerkuntza lana egiten dut eta, azkenik, zientzia transmititzen dut ere. Esango nuke hiru aurpegi hauetan laburtu daitekeela nire lana. Klaseetan, mikroorganismoak eta gaixotasun infekziosoak lantzen ditugu batez ere. Ikerkuntzari dagokionez, onddo mikroskopikoek sortutako infekzioak ikertzen ditudala esan beharra daukat. Eta, azkenik, dibulgazio lanari dagokionez, mikologian espezializatua den aldizkari bat zuzentzen dudala aipatu behar dut.

– Aurpegi asko bai…

Bai!! Hala da. Baina hau ez da guztia. Bada beste kontu bitxi bat ere. Eva Caballerok Radio Euskadin zuzentzen duen ‘La mecánica del caracol’ programan parte hartzen dut. Programa honetan, ‘Mundo Mikro’ deitutako atal bat dago eta Evarekin batera gauza askoren gainean hitz egiten dugu bertan.

– Ez dago gaizki! Eta aurpegi hauetatik guztietatik zeinekin disfrutatzen duzu gehien?

Egia esan, denekin disfrutatzen dut asko. Hala ere, zeinekin disfrutatzen dudan gehien galdetzen badidazu, dibulgazio atala gustukoen dudala erantzungo dizut. Eskoletan eta irratian dibulgatzea oso dibertigarria da.

– Ikertzea baino gehiago gustatzen al zaizu dibulgatzea?

Biak gustatzen zaizkit. Esan dezagun ikertzea zailagoa dela eta disgustu gehiago hartzen dituzula. (Barreak). Ikerkuntzan askotan gertatzen da nahi duzun hori ongi ez ateratzea eta markatuta duzun helburua ez lortzea. Diru kontuak ere hor daude…

– Noski, ikasleekin hau guztia ez da gertatzen. Zailagoa da eskola orduetan disgustuak hartzea, ezta?

Medikuntza ikasten duten ikasleek oso nota altua behar izaten dute Gradua ikasten hasteko eta hau asko nabaritzen da. Oso ikasle langileak eta arduratsuak izaten dira normalean. Denetarik dago, egia da, baina kontutan hartu behar dugu hona iritsi diren guztiek lan asko egin dutela honaino iristeko. Beren espedienteak asko landu behar izan dituzte eta hau eskolak ematerakoan nabaritzen da. Oso ikasle harkorrak izaten dira eta oso gustura egoten naiz beraiekin. Ez dute eskola orduetan hitz egiten, eta egitekotan, irakasleari galdera bat planteatzeko egiten dute. Ezagutzaren trukaketa bi norabidekoa izaten da ikasleekin. Nire ikasleek, beraien zalantza eta galderekin, etengabeko ahozko azterketak egiten dizkidate.

– Ikertzaile bat jaio edota egiten al da?

Nire ustez, gizakia kuriosoa da izatez eta hau oso ezaugarri garrantzitsua da ikertzailea izateko. Pertsona gehienak oso ikertzaile onak izan daitezkeela iruditzen zait. Genetikoki ikertzeko prestatuta gaude gizakiok. Ezaugarri hau izango ez bagenu kobazuloetan biziko ginateke oraindik.

– Hitz egin dezagun zure lan esparruaz. Zer da mikrobiologia?

Mikrobiologia zer den definitu beharko banu, izaki bizidun txikienak ikertzen dituen zientziaren atala dela esango nuke. Izaki ñimiño hauek ikusteko kanpoko laguntzak behar izaten ditugu normalean. Tresna optikoen laguntza, adibidez. Baina hauek ez dira erabiltzen ditugun laguntza bakarrak. Gure esparruan ‘sukaldean’ ibiltzea asko gustatzen zaigunez, askotan, kultiboak erabiltzen ditugu. Kultibo hauek prestatzea, bazkari bat prestatzea bezalakoa da, baina hemen bakteriak, onddoak… hazten dira. Beraz, mikrobiologia izaki ñimiño hauek –mikrobioak edota mikroorganismoak- ikertzen eta aztertzen dituen zientziaren atala dela esango nuke.

– Hurrengo galdera beharrezkoa da, beraz. Askotan entzun dugu mikrobio hitza. Baina, zer dira zehazki izaki ñimiño hauek?

Mikrobio hitza bi hitzekin sortutako hitz bakarra da, greziar jatorria duena. Bizitza mikroskopikoa esan nahi du. Bizitza txiki-txiki bat, alegia. Izaki hauek hain dira txikiak ezen ezin ditugun gure begiekin ikusi. Bakteriak eta birusak sartu ditzakegu hemen barruan. Baita onddoak, protozooak eta alga batzuk ere. Hala ere, gauza guztietan bezala, hemen badira ñabardurak. Izan ere, badira metro ugari neurtzen dituzten mikrobioak ere. Hau da, Tenia batzuen gainean hitz egiten badugu, konturatuko gara 50, 60, 70cm izan ditzaketela eta, kasu batzuetan, baita metro bat edo bi ere.

Mikroorganismoak: bakteriak agar-plaka baten

Mikroorganismoak: bakteriak agar-plaka baten

———————————————————————–

Egileaz: Peru S. Gamarra kazetaria da

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>